Arturo Sandoval

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Arturo Sandoval.

Arturo Sandoval (Artemisa, Kuba, 1949) musikaria, pianista eta tronpeta-jotzailea da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamabi urterekin tronpeta klasikoa jotzen ikasten hasi zen, baina bere zaletasunak bultzatuta, jazz musikara jo zuen berehala, bere jatorriko prestakuntza inoiz ahaztu gabe hala ere. Horixe erakusten dute, hain zuzen ere, 90eko hamarraldian BBCko Orkestra Sinfonikoarekin, Leningradokoarekin edota Los Angelesko Orkestra Filarmonikoarekin egin zituen grabazioek. Musika Modernoko Kubatar Orkestrako kide izan zen, eta Irakere taldearen sortzaile, Paquito D'Rivera saxofoi-jotzailearekin eta Chucho Valdés pianistarekin batera. Kalitatea, alderdi komertziala eta ikerketa-lana bateratzen jakin zuen berritzaileetako bat izan zen. Ospe handia lortu zuen, bai Kuban, bai Kubatik kanpo ere (Grammy sari bat irabazi zuen). 1980an taldea utzi zuen beste bat sortzeko, Arturo y Grupo taldea.

Kubako musikari onena izendatu zuten 1982, 1983 eta 1984. urteetan. 1990ean Estatu Batuetara joan zen bizitzera, Floridara. Handik gutxira bere idolo eta lagun Dizzy Gillespierekin batera jotzen hasi zen, eta Gloria Estefanen musikagile kutun bihurtu zen. Zenbait filmetako musika ere egin zuen: La Habana; Los Reyes del Mambo; La Familia Pérez. Sandovalen bizitza bera ere zinemara eraman zuten 2000 urtean, Andy García aktorea interprete zela, eta For Love or Country: The Arturo Sandoval Story izenburuarekin.

Lanik aipagarrienak: I remember Clifford (bi Grammy sariren irabazlea); Michel Legrand-ekin batera egindako grabazioak Dream come true; Flight to freedom; Danzón (1994); Arturo Sandoval y el tren latino (1995). 1996ko erdialdean, jazzera itzuli eta Swinging argitaratu zuen.

Musika-irakasle gisa, eskolak eman ditu Parisko Musika Kontserbatorioan, Moskuko Txaikovskin eta Floridako Nazioarteko Unibertsitatean. Dizzy Gillespie United Nation Band taldean parte hartu zuen gonbidatu gisa, eta besteak beste, Stan Getz, Billy Cobham, Michel Legrand, Jon Faddis, Larry Coryell, Woody Shaw, John McLaughlin, Herbie Hancook edota Woody Herman bezalako musikari handiekin jo zuen.

2006ko apirilean, Arturo Sandovalek musika-areto bat ireki zuen Miami Beachen, eta The Arturo Sandoval Jazz Club izena eman zion. Areto horretan izan dira bai bertako artista asko, eta bai jazzaren munduko nazioarteko artista asko ere; besteak beste, Joshua Redman, Roberta Flack, Roy Haynes, Omar Sosa, The Bad Plus eta Moe Goldstein.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arturo Sandoval Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]