Atari:Ameriketako Estatu Batuak/Sarrera

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ameriketako Estatu Batuak (ingelesez United States of America), Ipar Amerikan dagoen 50 estatuz eta barruti batez osaturiko herrialdea da. Hiriburua Washington Hiria da (ingelesez Washington DC).

50 estatu horiek errepublika federal bat osatzen dute. 50 estatu horietatik 48 Kanada eta Mexiko artean daude. Estatu horiei «Estatu Batu Kontinentalak» deitzen zaie. Beste biak Hawaii eta Alaska dira. Halaber, baditu beste zenbait dependentzia eta urruneko uharte.

Munduko hirugarren herrialderik handiena da lur-eremu eta biztanleriari dagokionez. Gaur egun 305 milioi biztanle ditu, 9,83 milioi km²-tan. Gainera, munduko kultur aniztasun gehien eta immigrazio gehien duen herrialdea da, ondorioz, hizkuntza ugari hitz egiten dira bertan.