Estatu
Wikipedia(e)tik
Estatua gizarte bat zuzentzen duten arauak ezarri edo inposatzeko ahalmena duten erakundeen multzoa da, lurralde jakin batean —muga argiekin, beraz— subiranotasuna duena, bai lurralde horren barrura begira eta bai kanpora (beste estatuekiko) begira. Estatua deritzo lurralde horri ere, baina ez da nazio eta herrialde kontzeptuen sinonimo:
- Nazioa gizatalde bat da.
- Herrialdea eremu geografiko bat da.
- Estatua egitura politiko bat da.
Max Weberren arabera, estatua «bortxa legitimoaren erabileraren monopolioa» duen egitatea da. Ondorioz, estatuak indar armatuak, administrazio publikoa, justizia sistema eta polizia biltzen ditu bere barnean, besteak beste.
Estatua nazioarekin nahasten da zenbaitetan, batez ere nazio-estatu ereduaren eraginez; eredu horrek nazio ezaugarri eta estatua batera garatzen ditu.