Behazun

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Behazuna gibelak ekoizten duen eta digestioan laguntzen duen jariakin heterogenoa da. Jariakin honen oinarria uraz gain, solutu organiko eta inorganikoak dira. Gainera, entzima, hormona, esteroide eta xenobiotikoak ere izaten ditu.

Behazun azido, behazun gatz eta fosfolipidoek mizela izeneko egiturak eratzen dituzte. Hauei esker behazuna beste hainbat gai suspentsioan mantentzeko gai da. Esaterako kolesterola.

Behazunaren konposizioa plasmarena bezalakoa da, baina hau alkalinoagoa da urdailetik datorren azidotasuna neutralizatzeko.

Behazunak ura, kolesterola, lezitina, bilirrubina eta biliberdina pigmentuak, behazun gatzak eta bikarbonato ioiak ditu.

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lipidoen digestio eta garraioan funtzio garrantzitsua du. Behazun azidoek lipido tanta handiak emultsionatzen dituzte, hau da, tanta txikiagotan bihurtzen dituzte.
  • Odoletik kendu edo garbitu behar diren substantziak (bilirrubina...) iraizteko bide egokia da.

Jariaketaren erregulazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behazun jariaketa etengabe gertatzen da eta bi aldi ditu:

  • Lehen jariaketa. Hepatozitoek eginikoa da. Behazun azido, behazun gatz, kolesterol, fosfolipido eta pigmentuak ditu. Behazun hodisketara pasatzen da.
  • Bigarren jariaketa. Gibel barneko behazun hodiskek burutzen dute. Gibel kanpoko hodietara pasatzen da eta hemendik behazun xixkura. Hemen behazunaren metaketa eta kontzentrazioa burutuko da ura eta elektrolitoak xurgatuz.

Behazun jariaketarekin erlazionatuta oso garrantzitsua da zirkulazio enterohepatikoa. Hau heste mehearen eta gibelaren arteko behazun gatzen birziklapena da. Hestera jariatzen diren behazun gatzak, beren funtzioa bete ondoren, xurgatu eta gibelera garraiatzen dira, hemen berriz behazunera pasaz.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Behazun Aldatu lotura Wikidatan