Bizkarrezur-muin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nerbio-sistema zentralaren eskema:
Entzefaloa, urdinez.
Bizkarrezur-muina, berdez.


Bizkarrezur-muina ornodunek bizkarrezurraren barnean duten nerbio-kordoia da, entzefaloaren luzapentzat jo daitekeena. Entzefaloarekin batera nerbio-sistema zentrala osatzen du. Garezurreko zulogune okzipitalean hasi eta lehenengo orno lunbarreraino iristen da (45 cm inguruko luzera du).

Entzefaloaren hezur-egitura babeslea garezurra da; bizkarrezur-muinarena, aldiz, bizkarrezurra.

Bere zeregin nagusia nerbio-seinaleen garraioan datza, harremanetan jartzen baitu gorputza eta entzefaloa. Izan ere, nerbio-seinale eragileak (entzefalotik gorputz enborrera eta adarretara doazenak) eta zentzumenezkoak (kontrako norabidean doazenak) garraiatzen ditu. Bizkarrezur-muinetik 31 nerbio espinal abiatzen dira, aipatutako seinaleak eramaten dituztenak.

Entzefaloan gertatzen denaren aldean, bizkarrezur-muinean kontrakoa gertatzen da: gai zuria kanpoaldean dago, eta gai grisa barnealdean. Gogoratu gai grisa neuronen gorputzez (soma izenekoez) osatuta dagoela, eta gai zuria neurona horien axoiez (mielinaz bilduta daudenak). Muinaren zehar-ebakia eginez gero gai grisa barneko zatian ikusten da, eta H itxura du. H horren erdian hodi fin bat dago, ependimo-hodia, muinaren erdialdea garuneko bentrikuluekin harremanetan jartzen duena. Likido zefalorrakideoz beterik dago.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bizkarrezur-muin Aldatu lotura Wikidatan