Chaïm Soutine

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Chain Soutine, A. Modiglianik egindako erretratua.

Chaim Soutine (jaiotzez: Хаим Соломонович Сутин; Smilovitxi, Lituania, Errusiar Inperioa, 1894 - Paris, Frantzia, 1943) lituaniar margolaria izan zen.

Oro har, frantses tradizioaren jarraitzaile izan bazen ere, oso bide berezia hartu zuen eta ez zen inongo mugimendu edo eskolatan sartu; margolari independente gisa jardun zuen, alegia. Bere koadroetan errealitatea norberaren ikuspegiaren arabera islaturiko irudi tragiko bat baino ez da. Askotan ikuspegi eta erretratu goibelak egin zituen, gizonaren gaiztakeria eta ustelkeria salatzeko.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soutine familia apal batean sortu zen, baina oso gaztetan hasi zen Arte ikasketak egiten, 1910ean, Vilnako Arte Ederretako Eskolan. 1911n Parisa aldatu zen, eta han ezagutu zituen bere garaiko zenbait artista, esaterako, Marc Chagall eta Amedeo Modigliani margolariak. Cormon Akademian hasi zen ikasten, baina berehala utzi zituen ikasketak, eta Parisko Eskolako taldearekin hasi zen lanean. Modiglianik laguntza handia eman zion Parisen bizi izan zituen urte larrietan. Batez ere, arreta bereziz aztertu zituen Louvreko obrak, eta Rembrandt, Courbet, Cézanne hartu zituen eredu. Geroago eragin handia izan zuten bere obran, goian aipaturiko maisuez gainera, Greco, Munch eta Kokoschka margolariek eta espresionistek.

Soutinen lehenengo obrak 1914 ingurukoak dira. Izadi hilak eta paisaiak margotu zituen batez ere, errealismo handiz; baina teknikari dagokionez, teknika aski landugabea antzematen zaie. Garai horretakoa du, besteak beste, Sardexkak (1916 inguruan; bilduma pribatua, Paris). Dena dela, berehala hasi zen koloreak lantzen, 1918ko Autorretratua obran ikus daitekeenez.

1919an bidaia bat egin zuen Frantziako hegoaldera. Bidaia hartan Céret eta Cagnes hiriak ezagutu zituen, eta hango paisaiek eragin handia izan zuten harrezkero bere margolaritzan. Atsekabezko emozioak eragin zizkioten bidaia hartako ikuspenek, baina aldi berean lirismo handiko emaitzak sorrarazi zizkioten. Garai hartakoak ditu, halaber, Cagnesko ikuspegia (1923), Arbres couchés (1923) eta Gladioloak (Louvre, Paris), kromatismo bikaina eta adierazpen-indar handia dutenak.


1922. urtean Parisa itzuli zen Soutine. Harrezkero animaliak odoletan eta hezurdura erdi ustelak hasi zen margotzen Rembrandten eragina nabarmen erakusten duten koadroetan. Garai horretako koadro nagusiak hauek ditu: Idia (1925; Pintura eta Eskultura Museoa, Grenoble), Oilar hila (1926; Arte Institutua, Chicago).

Animaliei eskainitako sail haren ondoren, 1923-1930 urteen artean, gozogileak (Patissiers saila), zerbitzariak, elizgizonak eta abar agertu zituen bere lanetan, errealismo psikologiko ikaragarriaz (Elizgizona, 1928; Louvre, Paris). Koloreen erabilera oso kontuan hartzen zuen: zuria erabili zuen, oro har, gozogileen koadroentzat, gorria ehiztarientzat, zuria eta gorria haurrentzat, urdina eta berdea izadi hilentzat, eta abar.

1930. urtetik hil zen arte atsekabeturik eta kezkaturik bizi izan zen, nahiz eta ordurako bazuen margolari gisa osperik. Existentziari eta formari buruzko gogoeta eta azterketa sakonetan murgildu zen, eta lirismo handiko paisaiak eta erretratuak margotu zituen: Castaign-eren andrea (1928), Le Bain de Pieds (1931), Chartresko katedrala (1933), Kale zuhaizduna (1936; Colin bilduma, New York), Auxerreko azoka (1939; Phillips bilduma, Washington).

Soutineren obrak eragin handia izan zuen, batez ere, Austriako espresionista batzuengan eta Erromako eskola sinboliko espresionistan. Lehen Mundu Gerraren ondoren, oso kontuan hartu zuten Cobra Taldeko margolariek.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Chaïm Soutine Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]