Marc Chagall

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Marc Chagall

Marc Zaharovitx Chagall (yiddishez: מאַרק זאַהאַראָוויטש שאַגאַל; errusieraz: Марк Заха́рович Шага́л; bielorrusieraz: Марк Захаравіч Шагал) (Liozna, Vitsebsketik gertu, 1887 - Saint-Paul-de-Vence, Itsas Alpeak, 1985) frantziar-errusiar margolaria izan zen, jatorriz judua. 1910etik 1913ra Parisen bizi izan zen, eta bertan ezagutu zituen garai hartako abangoardiako artista ospetsuenak. Hasierako oihalek kubismoaren eragin nabarmena badute ere, Chagallek unibertso guztiz berezia egituratu zuen bere koadroetan, fantasia eta haurtzaroko oroitzapenak biltzen zituzten irudiekin (Moi et le Village, 1911; La violiniste, 1912-1913; À la Russie, aux ânes et aux autres, Autoportraits aux sept doigts, Paris par la fenêtre). 1914. urtean joera espresionista nabariak ageri dituzten judu eta rabinoen irudiak pintatu zituen (Juifs, Rabbins). 1917. urtean Vitebskeko arte-komisario izendatu zuten. 1922. urtera arte Sobietar Batasunean egon zen; garai hartan mural eta apainketa-lan ugari egin zuen. Berlinen grabaketa-ikasketak egin eta gero, Frantziara jo zuen, berriz ere, eta liburuetako apaingarriak egin zituen. 1931tik aurrera, kolore biziak nagusitu ziren haren oihaletan, irudien inguruak ia desagertzeraino. Loreak, ikuspegiak, txoriak eta amodiozko eszenak irudikatu zituen, bereziki. Bigarren Mundu Gerra hurbiltzen ari zela, ordea, bihotz-esturak hartu zituen bere koadroak (La Chute de l´Ange; Cruxifixion). Gerra garaian, Estatu Batuetara joan zen, baina bukatzean Frantziara itzuli zen berriz. Bibliako gaiak eta eskultura, zeramika eta, batez ere, beira landu zituen (Metzeko katedralean, adibidez, edo Jerusalemgo sendagileen zentroko sinagogan). André Malraux idazleak hala eskatuta, Parisko Operako sabaiko freskoak pintatu zituen. Fantasiaz, kolorez eta sinbolismoz beterik, Chagallen pintura espresionistak surrealismoa iragarri zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marc Chagall Aldatu lotura Wikidatan