Greco

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Greco
Greco
Gizon zahar baten erretratua (agian autoerretratua), 1595–1600 inguru
Datu pertsonalak
Izen osoa Δομήνικος Θεοτοκόπουλος
(Domenikos Teotokopulos)
Jaio 1541
Heraklion, Kreta (Veneziako Errepublika)
Hil 1614
Toledo (Espainia)
Sinadura El Greco autograph.svg

Domenikos Teotokopulos,[1] grezieraz Δομήνικος Θεοτοκόπουλος (Heraklion, Kreta, 1541 - Toledo, Espainia, 1614), Greco[1]greziarra») ezizenaz ezaguna, Pizkunde amaierako margolaria izan zen, helduaroko lanetan oso estilo pertsonala garatu zuena. Espainiar margolaritzako maisu handia izan zen, baina haren estilo guztiz berezi, dramatiko eta espresionista ez zuten bere garaikideek inoiz ondo ulertu, modernoegia bide zelako. Horregatik, askoz geroago, XX. mendean, lortu du merezi zuen ospea.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak, lehen lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greco 1541n jaio zen, Candia hirian (gaur egun Heraklion), garai hartan Veneziako Errepublikaren jabetzakoa zen Kreta uhartean. 26 urte arte bertan bizi izan zen eta uhartean indarrean zegoen post-bizantziar estiloan, ikonoak margotzen hasi zen. 1563ko margolari maisua zen[2]

1567an, veneziar hiritarra izanik, ikasketak Venezian egitea erabaki zuen. Tizianoren estudioan sartu zen, zeina baitzen une hartan hiriko margolari nagusia. Erroman ere izan zen, Michelangeloren manierismoa ikertzen, baina ez da egonaldi horren xehetasunik gorde. Grecok Italian margotu zituen lanak erabat dira XVI. mendeko Pizkundeko estiloan eginak. Ez dute bizantziar estiloaren arrastorik, ez bada, agian, gizon helduen aurpegietan, hala adibidez Kristo itsua sendatzen margolanean (Gemäldegalerie, Dresde). Italiako lanetan hasi zen erakusten Greco erretratu egile gisa zituen dohain handiak, Giulio Clouro eta Vincentio Anastagiren erretratuetan bereziki.

Greco eta Toledo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirutasun Santua (1577-79, olioa ohialean, 300x179 cm, Pradoko museoa, Madril) Toledoko Santo Domingo komentuko elizarako margotu zuen.

1577. urteko dokumentu batean azaltzen da Greco aurreneko aldiz Espainian, Madrilen lehenbizi eta Toledon gero. Espainiara joateko arrazoietako bat Filipe II.aren proiektu handiaren berri izana izan daiteke, alegia, El Escorialeko San Lorenzo monasterioaren eraikuntza. Bestalde, espainiar elizgizon garrantzitsuak ezagutu zituen Erroman. Haietako bat, Luis de Castilla, Grecoren adiskide mina zen, eta haren anaia batek, Diego Gaztelakoak, egin zion Espainiako lehen agindua.

Harrezkero Toledon bizi izan zen, lanpeturik beti, hiriko eta probintzietako eliza eta komentuetako eskaerak betetzen. Humanista, irakasle eta idazleen adiskide izan zen. Hala, adibidez, Luis de Gongora poeta handiak soneto bat idatzi zuen bere hilobirako. Izan ere, Greco hil ondoren zerrendatu ziren jabetzek oso gizon jantzia zela ematen dute aditzera, eta Pizkundeko humanista benetakoa. Ondo ezagutzen zituen klasikoak, eta haiek jatorrizko hizkuntzetan irakurtzeko gauza zen.

Grecoren lehen agindua Toledoko Santo Domingo komentuko elizako aldare nagusirako eta albo aldareetarako margolanak izan ziren (1577-1579). Berak egin zuen erretaulen ertzetzako arkitektura diseinua ere, Palladio veneziarraren estiloan. Aldare nagusiko lana, Andre Mariaren Jasokundea (Art Institut, Chicago), estilo berri baten adierazgarri da: teknika, margo eta argi zurien erabilera libreari dagokionez, veneziarra da; baina koloreen indarra eta kontrasteen manipulazioa, disonantea ia, guztiz bereziak dira.

Orgazko kondearen ehorzketa (1586-88, olioa ohialean, 480×360 cm, Santo Tomé eliza, Toledo).

Aldi berean, orijinaltasun harrigarriko beste maisu lan bat sortu zuen, El expolio (Kristo bere tunikaz erantzia, 1577-1579, Toledoko Santa Maria Katedrala). Lehen planoan konposizioa bertikala eta trinkoa da, erakusteko Jesukristoren sufrimendua bere torturatzaileen eskuetan. Espazioa tratatzeko modua manieristena da baina, jendetza adierazteko, buruak lerroka-lerroka elkarren gainean ipintzea, bizantziar teknika da. Bestalde, Grecoren giza irudia luzatzeko joera nabarmenagoa da garai honetan, hala adibidez San Sebastianen martirioa lanean (Palentziako katedrala). Joera hori bera ageri da Michelangeloren lanetan, Tintoretto eta Veronese veneziarrengan eta margolari manierista nagusiengan.

Laburra izan zen, eta ez oso ona, Grecoren harremana Filipe II.aren gortearekin. Erregeak ez zuen onetsi San Maurizioren martirioa (1580-1582, El Escorial) eta Grecorenaren ordez beste margolan bat eskatu zuen. Seguraski, ez zen erregearen gustukoa gertatu koloreen erabilera bitxia (hori distiratsuak arropen urdin ilunarekin kontrastean), nahiz eta ikusle modernoarentzat bereziki deigarria den koloreen trataera ausart hori.

Ondorengo lan bat da, Orgazeko kondearen ehorzketa (1586, Santo Tomé eliza, Toledo), aditu guztien arabera, Grecoren maisu lana. Lan honetan, jeinu honen arte harrigarriaren adierazgarri bikainak dira zeruaren ikuskizun naturaz gaindikoa eta erretratuen erakustaldi harrigarria. Izan ere, erabat bereizi zituen Grecok hemen -eta baita beste lanetan ere- zerua eta lurra. Goian, hodei forma erdi abstraktu eta birakarietan ageri da zerua, eta santuak luzeak eta izpiritu modukoak dira. Behean, normala da dena, irudien eskala eta proportzioetan. Ezkerraldean ikusten den mutila Grecoren semea da eta bere sakeleko musuzapian artistaren sinadura eta 1578 data ageri dira, mutilaren jaiotza urtea hain zuzen. Gizonak, XVI. mendeko arropez jantziak, Toledoko gizarteko kide nagusiak dira dudarik gabe. Inoiz baino argiago ageri da hemen Grecoren konposizioen metodo manierista, ekintza guztiak lehen planoan gertatzen baitira.

Bestalde, eta erretratu gutxi egin bazuen ere, beste espainiar artistek baino hobeto adierazi zuen Grecok gaztelar nobleen seriotasun eta dotoretasuna. Ikusgarriak dira Eskua bular gainean ageri den zalduna (Pradoko museoa, Madril), Antonio de Covarrubias (Louvre, Paris) eta Julián Romero y su santo patrono (Pradoko museoa, Madril), zuri-beltzez eginak, zorrotzak eta zehatzak.

San Martin eta eskalea (1597-99, olioa ohialean, 98×191 cm, Arte Galeria Nazionala, Washington)

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1590etik aurrera, izugarria izan zen Grecoren produkzioa. Toledo inguruko eliza eta monasterioetarako egindako lanen artean daude Familia Santua Magdalenarekin eta Familia Santua Santa Anarekin. Zenbait aldiz errepikatu zuen Baratzeko otoitza, non forma bitxien eta kolore distiratsu, hotz, bortxatuen bitartez gauzatzen den naturaz gaindiko mundua. Grecok baztertu egin zituen santu nagusi gehienak, eta sarritan errepikatu zuen gai bera: Santo Domingo, Maria Magdalena, San Jeronimo kardinala, San Pedro negarrez. Asisko San Frantzisko zen, nolanahi ere, artistak gehien miresten zuen santua. Hogeita bost bat orijinal gorde dira santu horrenak, San Frantzisko eta Leon anaia heriotzaren gaineko meditazioan, besteak beste.

Azkenaldiko obretan artista urrundu egiten da errealitatetik, eta bere barne munduaren aberastasuna adierazten du. Gorputzak luzatu egiten dira, haragizko pisutasuna galtzen dute, eta gero eta gehiago hartzen dute Grecoren koadroak sarritan argitzen dituzten sugarraren antza. Lerro bertikalen nabarmentzeak gorena jotzen du Toledoko San Jose kaperaren dekorazioan (1599). Han zegoen San Martin eta eskalea (Washingtongo Arte Galeria Nazionala). Koadro horretan, aldi berean ageri dira eskalearen anatomiaren distortsioa eta zaldiaren trataera akademikoa. Argi dago beraz egilea ez zegoela, esan izan den bezala, ez astigmatismoak, ez eromenak joa.

Geratu diren hiru paisajeetan, argi agertu zuen Grecok dramatizatzeko zuen joera, deskribatzekoa baino areago. Toledoko paisajeak, Grecoren eskuetan, ikuskari eta ia amesgaizto dira. Bereziki interesgarriak dira Toledoko ikuspegia (Grecoren museoa, Toledo), zeren konposizioa, bolumen kubiko txikietan oinarriturik egina, Cezanneren artearen aitzindari gertatzen baita. Are bitxiagoa da Toledoren ikuspegia eta planoa (1610-14, Grecoren museoa, Toledo): eraikin guztiak zuri distiratsuak dira eta San Joan Bataiatzailearen ospitalea hodei baten gainean ageri da, lehen planoan, artistak berak oihalean esplikatzen duenez, hobeto ikus zedin. Bestalde, plano batean jarri zituen hiriko kaleak.

Grecoren margolaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere karrera osoan zehar, elikagai izan zituen elementu desberdinak bateratu eta itxuraldatu zituen Grecoren irudimen sortzaileak: Kretako jatorria, Italiako Pizkundearen ekarriak eta Toledoko giroa. XIX. mendera arte ahaztua egon ondoren, 98ko Belaunaldiak berraurkitu zuen Espainian, eta Maurice Barresek Frantzian (Greco ou le secret de Tolede, 1910). Artista bakarti, bitxi eta talentu handikotzat jo zuten. Gaur egungo kritika Grecoren margolaritzaren nondik norakoak asmatzen saiatu da: proportzioen luzatzea manierista guztien ezaugarri komuna da, haina Grecok bakarrik -manieristetan azkena eta handiena izan zenak- eman zion beste munduaren irrikaren esanahi mistikoa. Toledoko giroan loratu zen bereziki Grecoren orijinaltasun handia. Izan ere, errepertorio ikonografiko zabala, ia osorik erlijiosoa, paisajea eta erretratua izan ezik gai profanoak ia debekatuak dituena, eman zizkion artistari giro hark. Beste edozein margolari baino areago da Greco bere ingurunearen zordun -Venezia, Toledo-, eta ingurune horretan da ulergarri, bertatik hartu baitzituen ereduak eta inspirazioa. Alabaina, bere oihaletan ageri den kanpoko munduaren itxuraldaketa dela-eta, sortzaile bakartua gertatu zen, benetako jarraitzailerik eta ondorengorik gabea. Velazquez bakarrik, biziki miresen baitzuen eta Grecoen obrak ikertu baitzituen, har daiteke nolabait ere, bere teknika inpresionista horren ausardiagatik, Grecoren oinordeko espiritualtzat.

Tenpluaren garbitzea, Venezia (1570)
Tenpluaren garbitzea, Erroma (1571-1576)
Tenpluaren garbitzea, Toledo (1610-1614)

Grecoren margolaritzako heziketa konplexua izan zen, hiru iturri kultural ezberdinetan lortua. Grecoren lehen heziketa bizantziarra, haren helduaroan loratu zen estiloko ikuspegi askoren eragilea izan zen. Bigarrena Venezian jaso zuen, Goi Pizkundeko margolarien partetik, bereziki Tizianogandik, olio-pintura eta haren kolore gama ikasiz (Grecok bere burua beti Veneziako eskolako partaidetzat hartu zuen). Azkenik, Erroman egin zuen egonaldiak Michelangeloren lana eta manierismoa ezagutzea ahalbidetu zion, eta bere bizi estiloa bihurtu zuen, modu autonomoan interpretaturik.

Bere lana elizetako erretaulentzako ohial handiz, erlijio erakundeentzako gurtza margolan ugariz, zeintzuetan, sarritan, bere lantegiak lan egin zuen, eta maila gorenekotzat hartzen diren erretratu batzuez osatua dago. Bere lehen espainiar maisulanetan italiar irakasleen eragina ikus daiteke. Alabaina, laster eboluzionatu zuen estilo pertsonal batera, argitasun propiodun biziki luzatutako irudi manieristengatik bereizten dena. Oso argalak, mamutsuak eta espresiboak dira, definitu gabeko giroetan eta kontrasteak bilatzen dituen kolore gama batekin. Estilo hau Kontraerreformaren izpirituarekin identifikatu zen, eta geroz eta muturrerago iristen joan zen margolariaren azken urteetan.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Greco Aldatu lotura Wikidatan