Clara Campoamor

Wikipedia, Entziklopedia askea
Clara Campoamor
Clara Campoamor
Datu pertsonalak
Izen osoa Clara Campoamor Rodríguez
Jaio 1888ko otsailaren 12a
Madril (Espainia)
Hil 1972ko apirilaren 30a (84 urte)
Lausana (Suitza)

Clara Campoamor Rodríguez (Madril, 1888ko otsailaren 12aLausana, 1972ko apirilaren 30a) espainiar politikaria izan zen, emakumeen eskubideen babeslea eta sufragio unibertsalaren bultzatzaile nagusia Espainian, 1931n lortu zen arte[1].

Biografia

1888an jaio zen Madrilen eta Zuzenbide ikasketak egin ondoren abokatu lanetan hasi zen buru-belarri. Bide horretatik murgildu zen politikan. Sozialismora hurbildu zen lehenik, gero errepublikar zentristekin ibili zen, beti bere ideiei gehien hurbiltzen zitzaion esparru politikoa bilatzen. 1931n, Bigarren Errepublikan, diputatu aukeratu zuten Espainiako Kongresuan –emakumeak aukeratuak izan zitezkeen, baina ezin zuten botorik eman–, eta posizio horretatik ekin zion emakumeen boto eskubidea lortzeko borrokari. Madrilgo Lyceum Club Femenino elkartearen partaide aktiboa izan zen.

1937an erbestera joan zen Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz. Lehenik Buenos Airesen bizi izan zen eta ondoren Suitzako Lausanan, hil arte. Erbesteko denbora guztian konferentziak eman, liburuak idatzi eta emakumeen eskubideen aldeko lanean jardun zuen. Campoamor 1972ko apirilaren 30ean hil zen hiri suitzarrean, minbiziak jota. Bere gorpuzkiak Donostiako Polloeko hilerrian erraustu zituzten 17 egun geroago eta Monsó Riu familiaren panteoian lurperatu zuten, amabitxia zenez.

Sufragismoa

Sufragismoak azkar izan zuen arrakasta herrialde anglosaxoietan. Herrialde horietan erdi mailako klasea boteretsua zen, eta ideal demokratikoak oso sendotuta zeuden. 1918an, Britainia Handian 30 urtetik gorako emakumeei boto eskubidea eman zitzaien, eta 1928an 21 urtetik gorakoei, gizonei bezala. Estatu Batuetan 1920an eman zitzaien emakumeei boto eskubidea.

Hala ere, mugimendu feministak gizarte garapen txikiagoko herrialdeetan arrakasta izateak luze jo zuen. Espainian, Concepción Arenalek sustatu zuen feminismoa, XIX. mendean. 1918an, Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionala sortu zen. Garai hartako elite intelektualeko emakumeek osatzen zuten, eta Clara Campoamor eta Victoria Kent nabarmendu ziren haien artean. 1931n, Espainiako Bigarren Errepublikaren Konstituzioak emakumearen boto eskubidea ezarri arte, haien eskaerek ez zuten arrakasta izan.

Clara Diputatuak Gorte Konstituziogileetan emandako hitzaldia (1931-09-01)

Sakontzeko, irakurri: «sufragismo»
Clara Campoamor Donostiako Polloe hilerrian lurperatuta dago, Monsó Riuren famili panteoian.
Clara Campoamor lurperatutako datuak.
« Utz iezaiozue emakumeari den bezalakoa izaten, hura ezagutu eta epaitzeko; errespeta ezazue gizaki izateagatik duen eskubidea; (…) eta baldin eta eskubide konstituziogilea, herri zibilizatuen arau juridiko gisa, gero eta hurbilago badago askatasunaren kontzeptutik, ez iezaguzue arrazoitzat aipa izaki desberdinen arteko desberdintasunaren printzipio aristoteliko zaharkitua (…). Utz iezaiozue emakumeari Zuzenbidean aritzen, hasieran hanka-sartzeak eta zalantzak izanda ere, horrela bakarrik heziko baita hartan. (…) Konstituzio honen garaia eta espiritua kontuan hartuta, oso poztu nau pentsatzeak mundu zibilizatuko orain arteko konstituziorik onena, libreena eta aurreratuena izango dela. Gainera, nire ustez, behin-behineko Gobernuaren dekretuak monarkiako hogei mendek aitortu ez ziotena aitortuko dio emakumeari, Errepublika ezarri eta hamabost egunera. Uste dut hau izango dela emakumearen (sufragio) eskubidea onartuko duen lehen latindar herrialdea; lehen aldiz entzun ahal izango da latindar ganbera batean emakumearen ahotsa, emakumea bera bezain xumea, baina egiaren aurak ekarri nahi dizkiguna; eta harro-harro sentitzen naiz, nire Espainia izango baita emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea (…). Eta honela diotsuet, legegizonak: (…) ez ezazue onar beste latindar nazio batek, datozen egunetan, guk baino lehenago ezartzea bere Konstituzioaren buruan emakumearen askatasuna, zuen kidearen askatasuna. »
Espainiako Errepublikaren Gorte Konstituziogileen saioen egunkaria, 1931ko irailaren 1eko saioa.

Erreferentziak

Artikulu honen edukiaren zati bat Urko Apaolazak idatzitako «Clara Campoamor eta txanponaren bi aldeak» lanetik txertatu zen, artikulu hori Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 lizentziarekin argitaratu baitzen argia.com webgunean.

  1. Clara Campoamor Fideus.com

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Clara Campoamor Aldatu lotura Wikidatan
Biografia
Madrilgo Erkidegoa
Artikulu hau Madrilgo Erkidegoko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.