Dexter Gordon
Dexter Gordon jazz-saxofonista estatubatuarra izan zen (Los Angeles, 1923 - Filadelfia, 1990). Hamahiru urte zituela klarinete-jotzaile aparta zen; hamabostekin saxo altuari ekin zion, eta hamazazpirekin, saxo tenorrari. Lester Young izan zuen maisu. Lionel Hamptonen orkestran jo zuen garai batez (1940-1943), Louis Armstrongenean 1944an, eta Billy Eckstinerenean ondoren. Charlie Parker, Dizzy Gillespie, Art Blakey eta Sarah Vaughanekin jo zuen. Drogekin arazoak izan zituen, eta bolada bat egin zuen kartzelan 1950eko hamarkadan, drogak zirela medio. 1960ko hamarkadan Europara aldatu zen, eta jazza irakasten jardun zuen. 1976an itzuli zen jendaurreko saioetara, eta be-bopa modan jarri zuen berriro. Bertrand Tavernierren Autour de minuit (1986) filmaren protagonista izan zen. Behin baino gehiagotan jardun zuen Donostiako Jazz Jaialdian.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.