Don DeLillo
Don DeLillo estatubatuar eleberrigilea da(New York, 1936). Fordhameko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Idazle gisa, Americana (1971) liburuarekin egin zuen debuta. Bidaia bitxi baten kontakizuna da, eta agerian uzten du John Dos Passos eta Jack Kerouac idazleen eragin sakona. Gainera, bere obra osoan aztertu zuen gai nagusia ere agertzen da lan horretan: gizabanakoen psikologia sarri gaixoaren mundu bitxiaren azterketa, alegia. Hurrengo eleberrian, End Zone (1972), amerikar futbol-joko basatiaren eta jokalariek erabiltzen duten hizkera barrokoaren arteko aldeak erakutsi zituen. Hirugarren eleberrian, Great Jone Street (1973), aurrekoaren teknika bera baliatu zuen rock-kantari baten enpresa-alorreko asmoak eta haren zorigaiztoko karreraren errealitate gordina aurrez aurre jartzeko. White Noise (1985) eleberrian, berriz, ingurumenaren hondamendiak familia batean eragindako ondorioak aztertu zituen. DeLillo ospe handiko idazlea da Estatu Batuetan, oso ezaguna, era askotako gaiak erabiltzeagatik, batetik, eta oso idazkera atsegina izateagatik, bestetik. Beste zenbait eleberri aipagarri: Mao II (1991), Underworld (1997), Libra (1988) —Lee Harvey Oswalden erretratua—, The Body Artist (2001), Cosmopolis (2003), Falling Man (2007) eta Point Omega (2010). Bestalde, ipuin laburrak, saiakerak eta antzezlanak ere idatzi ditu.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.