Egarriaren eguna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Egarriaren eguna
Transoxianaren musulmandar konkista
EmaitzaOmeiatar Kalifa-herriaren porrota
Gudulariak
Omeiatar Kalifa-herriaren Türgesh Khanerria
Transoxianako aliatuak
Buruzagiak
Ibn Sa'id al-Kilabi Suluk
Galerak
galera handiak ez da ezagutzen

Egarriaren eguna (arabieraz: ﻳﻮﻢ ﺍلعطش, Yawm al-aṭash‎) 724. urtean Omeiatar Kalifa-herriaren eta Türgesh Khanerriaren artean Jaxartes ibaiaren ertzean gertatutako borrokari arabiar historiografiak ematen dion izena da.

Gaur egungo Tajikistanen gertatu zen. Sa'id al-Kilabik gidatruiko omeiatar armada Ferganako haranean kanpaina egiten ari zela Türgeshak oldartu zitzaizkien eta 11 egunetako jazarpenaren ondoren omeiatarrak Türgesh armadaren eta Transoxianako bertako armaden artean harrapaturik gelditu ziren. Arabiarrek etsaien lerroak zeharkatu eta ihes egitea lortu bazuten ere porrot hark musulmanek eremu hartan zuten agintea nabarmen txikitu zuen, eta 740 artean omeiatarren eta türgeshen arteko borroka eremua izaten jarraitu zuen.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musulmandarrek VII. mendearen erdialdean Pertsia eta Khorasan konkistatu zituzten[1] eta VIII. mendearen hasieran Qutayba ibn Muslim lider omeiatarrak Transoxiana konkistatzeari ekin zion[2]. Bertako agintari irandar eta turkiarren leialtasunik ordea ez zuten lortu musulmanek, hori erakusten du 719an printze transoxianarrek txinatarrei eta türgesh khanerriari kalifatoaren aurka laguntzeko egindako eskaerak[1]. 720. urtean türgeshek hainbat aldiz erasotu zuten Transoxianako musulman inbaditzaileak eta bertako sogdianar agintariek ere hainbat matxinada egin zituzten. Khorasango gobernadore omeiatarra zen Sa'id ibn Amr al-Harashi gogor erantzun zituen eraso eta matxinada hauek eta Qutayba ibn Muslimek eskuraturiko lurralde ia osoari eusti zion, Ferganako haranari ezik[3].

Ferganako haraneko espedizioa eta "Egarriaren eguna"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

723an ibn Sa'id al-Kilabi gobernadore berriak Fernagako harana berreskuratzeko espedizioa qantolatu zuen. Espedizioa ez zen ongi hasi, Hixam ibn Abd al-Malik kalifa berria izendatu baitzen eta honek gobernadore berria izendatu zuen Iraken. Khorasango musulmanen artean lehia sortu zen iparraldeko arabiarren eta hegoaldeko arabiarren artean. Yemendarrek (hegoaldekoek) armada zati garrantzitsua osatzen zuten eta al-Kilabiren espedizioan parte ez hartzeko erabakia hartu zuten 4.000 soldadu yemendarrek[4].

Al-Kilabiren armadak Jaxartes ibaia (gaur egun Sir Daria) jarraituz Ferganara iristea lortu zuten. Harana setiatu eta inguruko lur guztiak suntsitu zituzten. Halako batean jakin zuten Türgesh khanerriko armada indartsuago bat jarraika zituztela eta setioa bertan behera utzi eta babesleku bat bilatu zuten hegoalderago. Diotenez hiru egunetan egingo luketen bidea egun bakarrean egin zuten. Bigarren egunean al-Subuh uadia gurutzatu zuten, baina Suluk gidari zuen armada türgesha arabiarren posiziotara iritsi zen eta bigarren mailako kanpamendu bat erasotu zuen. Arabiarrek galera garrantzitsua izan zuten, Samarkandako gobernadorearen anaia besteak beste[3].

Hurrengo zortzi egunak ihesean igaro zituzten eta türgeshen zalditeriaren etengabeko erasoei aurre egiten[5]. Bederatzigarren egunean Jaxartes ibaira iritsi ziren baina bidea blokeatuta aurkitu zuten. Shash (gaur egun Taxkent) eta Ferganako printzeen armadak zituzten zain, bai eta sogdianar errebeldeak ere. Arabiarrek kanpaleku bat eraiki zuten eta alde bietara borrokatzeko prestatu ziren. Zeramaten ekipai guztia erre zuten, diotenez milioi bat dirhamen balioa zuena. Egarriak jota zeuden eta desesperazio horretan etsaien lerroak zeharkatuz Jaxartes ibaia igarotzea lortu zuten[5]. Al-Tabarik idatzitakoaren arabera "eremu segurura iritsi zirenean arabiarrak guztiz sakabanatu ziren goseak eta nekeak jota". Abd al-Rahman ibn Na'im al-Ghamidik hartu zuen gelditzen zen armadaren zatirik handiena eta Samarkanda hirira gidatu zituen[4].

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiarren porrot honek Transoxianako musulmandar kontrolaren kolapsoa ekarri zuenn hurrengo urtetan[6]. H. A. R. Gibb aditu britainiarrak dio "arabiarren hurrengo 15 urtetan ez zutela Transoxianara bestelako espediziorik egin, baina arabiarren prestigio militarrak jaso zuen kolpea askoz garrantzitsuagoa izan zela"[3]. 728an Transoxianaren altxamendu orokorra gertatu zen, türgeshek lagunduta, eta Transoxiana lurralde guztitik kanporatu zituzten arabiarrak. Bukhara eskuratzea ere lortu zuten[7].

738. urtean Suluk erail zuten eta türgesh khanerriko gerra zibila sortu zen. Hau aprobetatu zuen Nasr ibn Sayyar arabiarrak 739-741 artean Transoxiana berreskuratzeko[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Ingelesez) Blankinship, Khalid Yahya. (1994-01-01). The End of the Jihâd State: The Reign of Hishām Ibn ʿAbd al-Malik and the Collapse of the Umayyads. SUNY Press ISBN 978-0-7914-1827-7. (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  2. (Ingelesez) Medievalists.net. (2020-02-28). «The Battle of Talas» Medievalists.net (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  3. a b c Gibb, H. A. R. (Hamilton Alexander Rosskeen). (1923). The Arab conquests in Central Asia. London : Royal Asiatic Society (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  4. a b (Ingelesez) al-Ṭabarī, Abū Jaʿfar Muḥammad ibn Jarīr. (1989-05-22). The History of al-Ṭabarī Vol. 25: The End of Expansion: The Caliphate of Hishām A.D. 724-738/A.H. 105-120. SUNY Press ISBN 978-0-88706-570-5. (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  5. a b (Ingelesez) Medievalists.net. (2022-10-29). «The Battle of the Pass: An Umayyad Military Disaster» Medievalists.net (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  6. (Ingelesez) Hawting, G. R.. (2002-01-04). The First Dynasty of Islam: The Umayyad Caliphate AD 661-750. Routledge ISBN 978-1-134-55059-3. (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  7. (Ingelesez) ळाळुक. (2017-01-27). «Suluk Khagan – The Destroyer of the Arab Pride in Transoxania» cbkwgl (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]