Endorfina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Endorfinak hipotalamoak eta hipofisiak jariatutako neurotransmisoreak eta hormonak dira, egitura kimikoari dagokionez peptido (proteina txikiak) direnak. Nerbio-sistema zentralean jarduten dute, mina transmititzen duten nerbio-zuntzak inhibituz. Jarduera analgesikoa dutenez morfinarekin alderatu dira, eta hortik datorkie izena (endorfina: morfina endogenoa). Horretaz gain burmuinean ere eragiten dute, ongizate sentsazio atseginak sortuz.

Nerbio-sistema zentralean ez ezik (garunean eta bizkarrezur-muinean), digestio-aparatuan ere endorfinak daude.

Endorfina izenpean antzeko jarduera farmakologikoa duten substantziak sailkatzen dira (kortikoideekin gertatzen denaren antzera). Talde horretan, beraz, jarduera farmakologikoak du garrantzia, eta ez egitura kimikoa.

Hainbat egoeratan areagotzen da endorfinen askapena hipofisian eta hipotalamoan:

  • ariketa fisikoa egiterakoan
  • min handia dagoenean
  • harreman sexualetan eta orgasmoan
  • maitemintzean
  • hainbat janari hartzean (txokolatea, esaterako)
  • akupuntura egokia jasotzerakoan

Gaur egun hogei endorfina inguru ezagutzen dira, beta-endorfina izenekoa garrantzitsuena izanik.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(Euskaraz): endorfinak, zoriontasunaren droga