Eunicella singularis

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eunicella singularis
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaCnidaria
KlaseaAnthozoa
OrdenaAlcyonacea
FamiliaGorgoniidae
GeneroaEunicella
Espeziea Eunicella singularis
Esper, 1791

Eunicella singularis Alcyonacea ordenaren barneko koral espezie bat da, Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan bizi dena.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eugenius Johann Christoph Esper naturalista alemaniarrak deskribatu zuen 1791. urtean. Hark Gorgonia viminalis var. singularis izena eman zion[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

70 cm-tako altuera hartzen duen egitura adarkatua du, argimutil baten itxura hartuz. Zabaleran ere 70 cm inguru neurtzen ditu. Oinarri sendotik adar bertikal gutxi batzuk ateratzen zaizkio eta albo adar batzuk ere bai. Adar hauen azala biguna da eta polipoak txertatzeko kaliz itxurako sakonuneak dituzte.

Egituraren kolorea zurixka da eta polipoak gardenak dira. Azaleko uretan dauden Eunicella singularis koralek zooxantela algak txertatuta dituzte eta oliba koloreko polipoak izaten dira. 40 metrotako sakonera baino gehiagora daudenak aldiz gardenak dira.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko golkoan aurkitzen bada ere Mediterraneoan zabaldurik dago gehienbat, izan ere ur epelak atsegin baititu[2].

Itsaso hondoan bizi da, eremu arrokatsuetan zein hareazko sustratu bigunean. Sakonera handietako koloniak handiagoak izaten dira ur azaletakoak baino[3].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zooxanteladun polipo arreak koloniaren adar zurietan txertaturik.

Elikadura eta sinbiosia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakonera txikian dauden Eunicella singularis koralek zooxantelak dituzte sinbiosian. Alga horiek fotosintesia egiten dute eta ekoizten dituzten azukreak polipoak bereganatzen ditu. Era berean zooxantelak polipoek sortutako hezurduratik fosforoa eta nitrogenoa eskuratzen dute[4]. Ur sakonagoetan bizi direnei ez zaie nahikoa argi iristen eta beraz ez dute algarik sinbiosian. Batzuek zein besteek uretan dauden plankton partikula txikiak eskuratzen dituzte haien garro txikiekin.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polipoen koloniek sexu bereizketa dute. Baldintza egokiak gertatzen direnean polipo arrek gametoak askatzen dituzte eta polipo emeen barnean gertatzen da ernalketa[5]. Ernalketaren ondoren planula itxurako larba pelagikoak sortzen dira. Ordu gutxi batzutan edo hainbat egunetan zehar itsaso zabaleko korronteetan bidaiatu ondoren larbak itsaso hondoan pausatzen dira. Metamorfosi prozesua jarraituz polipo bihurtzen dira eta gemazio bidez kolonia berria eratzen hasten dira[5]. Urtean batazbeste 33 mm hazten dira adarrak eta koloniek 20-30 urteko bizitza izaten dute.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat harrapari edo lehiakide ditu Eunicella singularis koralak. Lehiakide nagusia Alcyonium coralloides korala da eta Eunicellaren ehun bigunak hiltzen ditu haren hazkuntza oztpatuz[6].

Nudibrankioak ere badira Eunicellaren harrapariak. Marionia blainvillea eta Tritonia nilsodhneri espezieak hartaz elikatzen dira eta Simnia spelta espezieak haren itxura hartzen du eta haren adarretan arrautzak jartzen ditu[7].

Nudibrankio horiek Eunicellari kentzen dizkioten ehunak algeko, poliketoe, briozooek eta tunikatuek kolonizatzen dituzte, bioaniztasun handiko komunitateak eratuz[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «WoRMS - World Register of Marine Species - Eunicella singularis (Esper, 1791)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  2. (Ukraineraz) «description of Eunicella singularis - White sea fan» www.european-marine-life.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  3. Gori et al.. (2011). Size and spatial structure in deep versus shallow populations of the Mediterranean gorgonian Eunicella singularis (Cap de Creus, northwestern Mediterranean Sea). Marine Biology, Volume 158, Issue 8,, 1721-1732 or..
  4. Ezzat, Leïla; Merle, Pierre-Laurent; Furla, Paola; Buttler, Alexandre; Ferrier-Pagès, Christine. (2013-05-08). «The Response of the Mediterranean Gorgonian Eunicella singularis to Thermal Stress Is Independent of Its Nutritional Regime» PLoS ONE 8 (5): e64370.  doi:10.1371/journal.pone.0064370. ISSN 1932-6203. PMID 23667711. PMC 3648542. (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  5. a b (Gaztelaniaz) webmaster. «Gorgonia blanca (Eunicella singularis)» CRAM (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  6. «Alcyonium coralloides | DORIS» doris.ffessm.fr (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  7. a b «Alcyonium coralloides | DORIS» doris.ffessm.fr (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]