François Boucher

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Boucher, Gustav Lundbergen koadroa (1741).
"Biluzia: Mademoiselle Louise O'Murphyren erretratua" (1751, Alte Pinakothek, Munich).
Madame de Pompadourren erretratua (1759, Wallace Collection).

François Boucher (Paris, Frantzia, 1703ko irailaren 29a - Paris, 1770eko maiatzaren 30a) frantses margolari eta grabatzailea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francois Boucher Parisen jaio zen 1703an. Aita brodatu-apaintzailea eta estanpa-saltzailea zuen. Txiki-txikitatik hasi zen Boucher marrazten, aitarekin lehenbizi eta François Lemoyneren lantegian gero. Hamazazpi urte zituela Jean-François Cars grabatzailearen lantegian hasi zen lanean. Oso ondo ikasi zituen lanbide horren teknikak, eta berehala hasi zen Watteauren lanak grabatzen. 1723an Akademiaren lehenengo saria irabazi zuen. 1726-1731 urteen bitartean, gutxi gorabehera, Italian egon zen, eta hainbat lan historiko eta erlijioso egin zituen han. Handik itzuli zenean, grabatuak argitaratzen jarraitu zuen, eta gero eta enkargu gehiago lortu zuen. Hortaz, lehenengo urteak marrazkiak egiten, kopiatzen eta grabatuak egiten eman zituen, eta heldutasunean ere argitaratzaileentzat marrazkiak apaintzen jarraitu zuen (Bocaccio, 1757 ; Ovidio, 1767).

Italiako egonaldian (1727-1727), Correggio eta Tiepoloren eragina jaso zuen. Emankortasun apartekoa, lan ugari egin zuen alor askotan: apainketa-lanak (Erreginaren ganbera, Versaillesen, 1734; Soubise jauregiko lehen solairua; tapizetarako kartoiak Beauvais eta Gobelinserako; portzelanak Sèvreserako).

1734an Akademian onartu zuten, eta ondoren bertako irakasle (1737), zuzendari eta erregearen margolari nagusi izendatu zuten (1765). Urte horietan lan asko egin zituen Boucherrek: erregearentzako lanak, antzerki eta operetako dekorazioak, Pompadour andrearen enkarguak, etab. Versaillesen erreginaren gelako sabaia marraztu zuen (1735), bertako etxebizitza txikietarako bi koadro egin zituen (Tigrearen ehiza, 1736, eta Krokodiloaren ehiza, 1739, Amienseko museoan biak). 1739an Histoire de Psycbe tapizerako eredua egin zuen, arrakasta handia izan zuena eta zortzi kopia izan zituena (Suediako erregea, Espainiako enbaxadorea, etab.).

Boucher XVIII. mendeko fantasiazko dekoratzaile ospetsuenetako bat izan zen, eta era horretako lan ugari egin zuen: "Txinatar jostetak" 1742, Besançongo museoa, Luis XV.ak Men Lung enperadoreari oparitua), Sèvresko lantegirako marrazki apaingarriak (1757-1567), eta opera eta antzerki lanetarako apaingarriak.

Pintura rokokoaren egile nagusia, gai mitologikoak, erretratuak, ikuspegiak, erlijiozko gaiak eta biluziak moldatu zituen. Hona haietariko batzuk: "Venusen garaipena" (1740), "Odaliska" (1754), "Dianaren bainua", "Pintorea bere lantegian". Boucherrek arrakasta handia izan zuen bere garaiko goi-mailako gizartean. Madame de Pompadourrek babestua, 1765ean Luis XV.aren lehen pintore izendatu zuten. Kolore argi eta biziak, forma biribilak eta haragi nakareztatuak dira pintore honen ezaugarri batzuk. Boucherrek gizarte aristokratiko eta burgesaren gogoko arte arin-galaia gauzatu zuen.

Ilustrazioko intelektualek, ordea, Diderot buru zutela, baztertu egin zuten Boucher eta beste estetika baten alde egin zuten, areago Greuzeren eta beste batzuen aldekoa. Boucher izan zen Akademiaren eskakizunei men egiten ez zion bakarra, eta, hortaz, eredu izan zen beste pintore eta eskultoreentzat.

Salora ingurukoek baztertu egin zuten Boucher poliki-poliki, haren artea errazegia eta emoziorik gabea iruditzen baitzitzaien. Ordutik aurrera, Boucher bazterturik utzi zuten kritikoek, harik eta Eugenia enperatrizari haren lanak (XVIII. mendean) gustatu zitzaizkion arte. XIX. eta XX. mendeetan hainbat liburu argitaratu da Boucherren lanari buruzkoak: Mantz, Michel, Nolhac, Kahn eta Fenaillek merezi duen lekuan jarri dute haren lana.

Askoren iritziz Watteauren eta Fragonarden arteko zubi izan zen Boucher, eta horrexegatik hartu izan da mendeetan bigarren mailako artistatzat.

1986-1987 urteen bitartean Boucherren lanari buruzko erakusketa monografikoak izan ziren New Yorken, Detroiten, Parisen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: François Boucher Aldatu lotura Wikidatan