Gordailua (Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren Zentroa)

Koordenatuak: 43°20′00″N 1°48′23″W / 43.333242°N 1.806286°W / 43.333242; -1.806286
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gordailua (Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren Zentroa)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaIrun
Koordenatuak43°20′00″N 1°48′23″W / 43.333242°N 1.806286°W / 43.333242; -1.806286
Map

Gordailua (Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa), Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta kultura alorrari atxikitako gunea da, Irungo Arretxe gaineko inguruetan kokatuta.

Gordailu izeneko eraikina Gipuzkoako Foru Aldundiak eraikiarazi zuen XIX. mendetik biltzen ari zen artelana eta antropologia piezak gordetzeko eta baldintza egokietan kontserbatzeko, baita Gipuzkoa lurraldeko beste erakunde batzuen ondare higigarria aterpetzeko ere. Kontserbazio eta zaintzaz gain, berreskuratze- eta zaharberritze-lanak egiten dira bertan, kontserbazio prebentiboa barne [1]. Bestalde, museo sareari bildutako piezak eskaintzen dizkio ezagutza zabaltzearren aldi baterako erakusketekin eta erakusketa iraunkorrekin. Ikerlariek materiala, lekua eta liburutegia eskura dauzkate bertan. 2015eko urtarriletik eskaintza bera egiten zaie arkeologia-ikertzaileei ere, Gordailua arkeologiaren bidez lurraldean eskuratutako material guztien biltegia baita, ez baitago museo arkeologikorik.

2023an, Carlos Olaetxea zen Gordailuko zuzendaria[2].

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoen diseinuarekin eta haien gidaritzapean, zentroa 2009. eta 2011. urteen artean eraiki zen Industrias Uri SA enpresaren orubean, bertan zegoen lantegiaren aztarnak eraitsi ondoren (2007). Erabileraren beharrak Aldundiko langileek eta Albayalde SL enpresak finkatu zituzten. Eraikitzailea, berriz, Construcciones Amenabar SA izan zen. Oinplanoa laukizuzen handi batetik gertu dago, eta lau fatxadetako xaflek edukiontzi itxura ematen diote eraikinari. Hori guztia dela eta, ikusgarria da eta asko nabarmentzen da inguruko etxebizitza sailen eta lantegien artean. Eraikinak, inguruko lorategiarekin batera, 3.445 metro koadro hartzen ditu, eta 9.116 metro koadroko azalera eraikia du, hiru solairutan banatuta.

Beheko solairua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Concha Laca artistaren portzelana. Porcelanas Bidasoaren bilduma zabala gordetzen da Gordailun

Eraikinaren behealdea erdi-sotoa da inguruko maldaren eraginez. Maila horretan zamatze-lanetarako kaia dago eta piezen irteera-sarrerak kontrolatzen dira bertan (berrogeialdiko gela, erregistratzeko gela, kontserbazio gela eta argazkigintza gela). Zaharberritze-tailerrak (ondasun arkeologikoena eta artelanena) ere solairu horretan daude, baita pieza handiak eta astunak gordetzeko bi biltegi berezi ere. Porcelanas Bidasoa bildumak beste areto edo biltegi bat hartzen du. Aipatutakoaz gain, bi biltegi osagarri edo laguntzaile eta argindar nahiz geotermia sistemen kontrol guneak daude behe solairuan.

Lehen solairua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru esparrutan banatuta dago. Lehenengoan, bulegoak, bilera-gela, ikerlarien aretoa eta Liburutegia (liburuak, aldizkaria eta dokumentazio-funtsak) daude. Bigarren eremua publikoari irekita dago eta, bertan, bi areto balioanitz eta zerbitzuak (komunak, biltegia…) kokatu dira. Hirugarren esparruan, piezak gordetzeko biltegi handi bat egokitu da, hezetasuna eta tenperatura kontrolatuta dituena. Bisitarien sarrera-irteerako ateaz gain, piezak mugitzeko beste ate handi bat ere badago solairu horretan, sarbide laguntzaile gisa diseinatua eta kamioiak erabiltzeko atondua.

Bigarren solairua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maila horretako hedadura erabilgarriaren % 80a biltegi handi batek hartzen du, eta hezetasun aldetik baldintza bereziak behar dituzten beste bi biltegi txikiagok gainontzeko guztia. Horietako gela bat oihalak eta papera gordetzekoa da, pieza horiek % 50eko hezetasuna behar baitute, eta bestea burdinazko pieza bereziak gordetzekoa, burdinak % 40ko hezetasuna baino gutxiago behar baitu.

Horrez gain, goialdeko terrazara erraz iris daiteke barrualdetik, eta bertan eguzki-panelak jarri dira, baita multzoko argindar-sorgailua ere, hornidura eteten bada erabiltzeko. Kanpoko energiaren beharrak gutxitzearren, lurraren tenperatura aprobetxatzeko geotermia-egitura eraiki da, 15 kilometroko hoditeria duena. Horren bidez, eraikina hoztu edo berotu egiten da lurraren tenperatura erabilita, 120 metroko sakonerako lurra 20 graduko tenperaturan baitago. Eraikina egiteko eta hornitzeko 16.000.000 euro inbertitu ziren.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biltegien eta zaharberritze lanetarako tailerren aurreikuspena bete ondoren, hainbat bilduma eta jabetzatako piezak aterpetzen dira Gordailu eraikinean: Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondasun artistiko higigarria eta etnografia-bildumak (33.000 pieza, 2016ko otsailean), Donostiako udalaren San Telmo Museoak (26.500) eta Aldundiaren Untzi Museoak (4.900) erakusgai ez dituzten piezak. Beste jabe edo erakunde batzuek utzitako piezak 400 baino gehiago dira. Bestalde, Aldundiak beste museo batzuei eta aldi baterako erakusketei, 22 gune 2016ko otsailean, maileguan uzten dien bildumen piezak Gordailuko erregistroaren bidez kudeatzen dira.

Aldundiaren kultur ondasun higigarrien piezak bildumetan sailkatzen dira, jatorriaren, saltzailearen edo emailearen arabera: Manuel Laborde Werlinden bildumazalea (1.335 pieza), (Irungo Porcelanas Bidasoa (7.500 pieza), Pasaiako PYSBE arrantza-enpresa (375 pieza), Donostiako Satostegui zilar-tailerra (1.306), Irungo Alonso beira-ekoizlea (4.500), Lizarrako Jose Manuel Zufiaurreren sokagintza tailerra (183)...

Beste aldetik Gordailun Gipuzkoan burutu diren indusketetako eta ezustean aurkitu diren pieza arkeologiak biltzen dira 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, Gordailu Gipuzkoako Arkeologia Biltegi izendatua izan zenetik[3]. 600.000 pieza lekualdatu ziren orduan. Geroztik, beste 50.000 pieza sartu dira (2016ko otsaileko datuen arabera).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kontserbazio prebentiboa http://www.ge-iic.com/ojs/index.php/revista/article/viewFile/62/pdf
  2. Barandiaran, Ane Insausti. (2023-07-12). «Objektuei esker, garaien lekuko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-07-12).
  3. Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkitu diren eta arkeologia edo paleontologiarako interesgarriak diren ondasunak gordetzeko Gipuzkoako kultur ondare higigarriaren Zentroa (Gordailua) gordailu zentroa izendatzeko agindua, http://www.jusap.ejgv.euskadi.eus/r47-bopvapps/eu/bopv2/datos/2015/01/1500083e.htmls>

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gordailuren web gunea