Hartzidura ilun

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hartzidura iluna biohidrogenoa sortzen duen prozesu bati deritzo, molekula organikoak katabolizatzerakoan. Fotohartziduraren aldean (biohidrogenoa ere sortzen duena), hartzidura iluna argirik gabe ere buru daiteke. Oxigenorik gabeko prozesua da [1]

Hartzidura iluna, ikuspuntu biokimiko batetik, ez da hartzidura zehatz bat, hartzidura butiriko, azetiko edo laktikoa bezalakoa. Kontzeptu horrek produktu baten sorrerari lotuta dago: argirik gabe hidrogenoa sortzeko gaitasuna duen edozein hartzidura motari hartzidura ilun deitzen zaio.

Prozesu biokimiko hau bakterio batzuek egiten dute. Clostridium, Desulfovibrio eta enterobakterio batzuk dira garrantzitsuenak. Bakterio horiek funtsezko entzima bat dute, hidrogenasa izenekoa, substratu organikoen oxidazioan sortzen diren elektroiak protoi askeekin elkartzen dituena, H2 sortuz. Hidrogenasak oxigenorik gabe funtzionatzen du, oxigenoaren presentziak entzima inaktibatzen baitu.

Hidrogeno berdearen sorrera erregai fosilak erabili gabe da gaur egungo erronka teknologiko handienetariko bat klima aldaketari aurre egiteko [2]. Horregatik, biohidrogenoaren sorrera hartzidura ilunaren bidez biomasa edo hondakin organikoak erabiliz substratu gisa aukera oso interesgarria da, azken urteotan sakon ikertzen ari dena.

Biohidrogenoa sor daiteke, besteak beste, hondakin-uren araztegietan. Hondakin-uren osagai organikoak dira kasu honetan biohidrogenoaren ekoizpenerako behar diren substratuak. Hondakin-uren tratamenduaren fase batean sortzen diren lohiak bioerreaktore handietan tratatu egiten dira. Hor, lehen aipatutako mikrobioek H2 sortzen dute hartzidurak burutzerakoan. Gero, sortutako H2 hori beste mikrobio batzuek (arkeo metanogenoek) erabiltzen dute metano asko duen biogasa sortzeko. Biohidrogenoa sortzeko prozesu industrialetan, arkeo metanogeno horien jarduera saihestu egin behar da, sortutako H2 desagetu ez dadin [3]. Horrek esan nahi du sortutako biohidrogenoa banandu eta metatu behar dela arkeo metanogenoek erabili aurretik.

Hondakin organikoen edo biomasaren hartzidura iluna biohidrogenoa sortzeko ekuazio kimiko honen bidez adieraz daiteke:

Edo ekuazio honen bidez ere (hartzidura butirikoa):

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sołowski, Gaweł; Pastuszak, Krzysztof Modelling of dark fermentation of glucose and sour cabbage Heliyon, 7, 8, 01-08-2021
  2. Dark fermentation para producir gases renovables Genia bioenergy
  3. Garrido Romero, M. Biocombustibles y producción de biohidrógeno

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]