Hartzidura butiriko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hartzidura butirikoa hartzidura mota bat da, zeinean glukolisian katabolizatutako gluzidoa (glukosa, eskuarki) azido butiriko, besteak beste, bihurtzen da. Oxigenorik gabe burutzen den prozesua da.

Bakterio anaerobio hertsi batzuek besterik ez dute hartzidura butirikoa burutzen (batez ere, Clostridium generokoak) [1]

Hartzidura honen hasierako substratua glukosa edo beste hexosa bat izan ohi da, baina bakterio batzuek polisakarido batzuk erabil ditzakete, almidoi edo zelulosa, kasu.

Hartzidura butirikoa burutzen duten mikrobioak animalia hausnarkarien errumenean daude, eta baita gure hesteetan ere (heste-floraren partaideak baitira). Bertan burutzen dute hartzidura mota hau. Mikrobio horiek siloetan gordetako belarra ere hartzitu dezakete azido butirikoa sortuz, baldin eta bakterio laktikoek azido laktiko nahikoa bertan sortzen ez badute.

Louis Pasteurrek deskribatu zuen lehenbizikoz hartzidura butirikoa, 1861ean.

Biokimika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hartzidura butiriko mota ezberdinak daude. Guztietan azido butirikoa (CH3-CH2-CH2-COOH) da azken produktua, baina horrekin batera beste molekula batzuk ere ager daitezke: azido azetikoa, azetona, butanola, azido laktikoa, etanola...., mota bakoitzaren arabera.

Hartzidura butiriko guztietan, hori bai, gasa ere agertzen da (CO2 eta H2).

Prozesu orokorra hau da:

C6H12O6 + 3 ADP + 3 P → C4H8O2 + 2 CO2 + 2 H2 + 3 ATP

Clostridium butyricum, Clostridium kluyveri, Clostridium pasteurianum eta Clostridium acetobutylicum, besteak beste, dira hartzidura butirikoa egiten duten mikrobioak.

Kasu guztietan hasierako gluzidoa (glukosa, eskuarki) pirubato bihurtzen da glukolisian; gero hau azetil-CoA bihurtzen da CO2, H2 eta HSCoA askatuz. Sortutako CO2-ak eta H2-ak baldintza anaerobioak mantentzen laguntzen dute. Azetil-CoA horretatik agertzen dira hartzidura butirikoaren azken produktuak: azido butirikoa, azido azetikoa, etanola, etab. [2].

Zuntz hartzigarriaren iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso hartzigarriak diren landare-zuntzak, hala nola almidoi erresistentea, hesteetako bakterioek kate laburreko gantz-azido (AGCC) bihurtzen dituzte, butiratoa barne, eta horren hartzigarriak ez diren zuntzak (zelulosa, adibidez) baino AGCC gehiago sortzen dituzte. Kate laburreko gantz-azidoen ekoizpena animalia hausnarkarien errumenean, zuntzetatik abiatuta, behien esneak eta gurinak duten butirato edukiaren arduraduna da.

Prebiotiko moduan jarduten duten fruktanoak dira substratu ezin hobeak ere hartzidura butirikoan butiratoa sortzeko [3]. Fruktanoak daude hainbat barazkitan, eta prebiotiko moduan inulina da erabilienetako bat.

Heste-floraren bakterioek hesteetan sortzen duten butiratoak onura asko dakartza: heste-iragazkortasuna kontrolatzen du, hesteetako enterozitoen hazkuntza errazten du, immunitate-sistemaren funtzionamendua modulatzen du eta ezaugarri anti-inflamatorioak baditu [4] [5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Butyric Fermentation The free dictionary by Farlex
  2. Carbonero Zalduegui, P: Bioquímica de las Fermentaciones Universidad Politécnica de Madrid
  3. Rivière, Audrey; Selak, Marija; Lantin, David; Leroy, Frédéric; De Vuyst, Luc (2016) Bifidobacteria and Butyrate-Producing Colon Bacteria: Importance and Strategies for Their Stimulation in the Human Gut Frontiers in Microbiology. 7: 979
  4. Butyrate Enhances the Intestinal Barrier by Facilitating Tight Junction Assembly via Activation of AMP-Activated Protein Kinase in Caco-2 Cell Monolayers Journal of Nutrition, 2009ko irailean
  5. Hoeppli RE, Wu D, Cook L, Levings MK (February 2015) The Environment of Regulatory T Cell Biology: Cytokines, Metabolites, and the Microbiome Front Immunol. 6: 61

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]