Henri Désiré Landru

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Henri Désiré Landru
Henri Désiré Landru
Datu pertsonalak
Izen osoa Henri Désiré Landru
Ezizena Gambaiseko Bizarurdin
Jaio 1869ko apirilaren 12a
Paris (Frantzia)
Hil 1922ko otsailaren 25a) (52 urte)
Versailles (Frantzia)
Bikotekidea(k) Marie Reny
Serie-hiltzaile ospetsua izan zen.

Henri Desiré Landru, Gambaiseko Bizarurdin, (Paris, 1869ko apirilaren 12, Versailles, 1922ko otsailaren 25a) frantses serie-hiltzaile ospetsua izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landru epaiketa garaian

Landru Pariseko langile familia umil baten senan jaio zen. Aita gizon zuzen eta erlijiozalea zuen eta industria fundizioan egiten zuen lan. Ama, berriz, jostuna zuen. Henri gaztea aparteko ikaslea izan zen eta etorkizun on baterako grina erakutsi zuen.

1889an, bere lehengusua zen Marie Renyrekin ezkondu beharrean izan zen, haurdun baitzegoen neska. Bikoteak 3 seme-alaba gehiago ere izan zituen eta Landru zaintzaile lanetan ibili zen familia aurrera ateratzeko. Arrakasta gehiagoren bila, delinkuentzian erori zen eta, 1902 eta 1914 artean, hainbat delitu burutu zituen 3 kartzela zigor irabaziz. Aita, lotsatuta, etsipenean erori zen eta bere buruaz beste egin zuen Bois de Boulogneko zuhaitz batetik zintzilikatuz.

1909ko arratsalde batean, Landru Madame Izoret izeneko alargun batekin bildu zen. Egunkarian irakurri zuen emakumeak bere ondarea eskainiko ziola bere ondoan egongo zen gizonari eta, horrela, iruzurgileak bere burua eskaini zion lagun, faltsukerien artean, 20.000 franko harrapatu zizkiolarik. Azkenean, Madame Izoret susmoak izaten hasi zen eta salatu egin zuen, Henri atxilotua izan zelarik. Lehen itxialdi honetan, badirudi etorkizuneko hiltzailea burutzen joan zela, salatua ez izatearren, erail beharko zituen alargun bakartiengana inguratuko zena.

1914an, Landruk urte batzuetako kartzela-zigorrari ihes egitea lortu zuen. Ez zegoen froga garbirik, nortasun aldakorrak erabiltzen zituen eta Lehen Mundu Gerraren hasierak ihesaldi horretan lagundu zioten.

Landru hiltzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sukalde honetan egingo zituen bere fetxoriak Landruk

Lehen Mundu Gerrak alargun gazteak kontsolatzeko aukerak zabaldu zizkion. Frontean hiltzen ziren soldaduen gero eta alargun gehiago zegoen eta ohiko zen egunkarietan haien ezkontza eskaintzen iragarkiak ikustea. Landru gizon gazte eta erakargarria zen eta ez zitzaion zaila egin haiengana hurbiltzea.

Berak ere argitaratu zuen iragarkia prentsan. Le Journalen agertu zen batek horrela zioen:

« Alarguna, 2 seme-alaba, 43 urte, diruz ondo dagoena, gozoa, serioa eta gizartean ondo dagoenak alarguna ezagutuko luke ezkontzeko asmoz  »

Alargun ugarik erantzun zion eta Landruk aukeraketa egin zuen, haietako batzuei erantzuna bidaliz, harremanari errentagarritasuna atera nahi baitzion.

Lehenengo aukeratua Jeanne Cuchet izan zen, 39 urteko emakume ederra. 17 urteko semea zuen, André, eta bazituen 5.000 franko aurreratuta. Landruk pisu bat hartu zuen alokairuan Vernouillet auzoan eta Raymond Diard izen faltsua eman zion bere buruari, alemaniarren okupazioa zela-eta, Lilletik zetorren posta ikuskaria. Bizarrurdin aparteko senargaia zen eta ezkontzeko promesak luzatu zizkion Madame Cucheti. 1915eko urtarrilean, ordea, ama-semeak desagertu zirenean, susmoak ireki ziren berriro. Landruk txiki-txiki egin zituen pisuan, ondoren tximinian erre zituelarik.

Horrela jarraitu zuen Landruk. Paris inguruan etxea alokatu zuen eta behin eta berriro gonbidatu zituen ezkontzaren promesa egindako emakumeak. Bigarren biktima bat etorri zen, berriro alarguna eta lehengoa baino aberatsagoa, Madame Laborde-Line. Dupont zela esan zion, zerbitzu sekretuetako langilea eta berarekin bizitzera joateko gonbidapena egin zion. Gerra garaiko garai zalapartatsu haietan, berak inbertituko zizkion aurreratuta zituen diruak. Ez zen denbora asko pasa Madame Laborde-Line etxe berrian asasinatu eta erreko zuen arte.

Landru Gambaisen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondo bizi zen Landru bere aberastasun berriekin eta bere hilketek ez zuten susmorik altxatzen. Etxez aldatu beharra, ordea, ez zen erosoa gaizkilearentzat, etxearen jabeari edo bizilagunei arrazoiak eman beharra, emazteari ere joan-etorrien esplikazioak luzatu beharra. Gambaisen alokatu zuen etxea, Ermitage deituko ziona[1].

1914tik 1918ra bitarte, Landruk berdin jarraitu zuen, alargun gaixoak etxera erakarri, erail eta labean errez.

Aldi berean, bizitza ordenatua zeraman, seme-alabak maiz bisitatuz, aita leiala izanez eta emazteari opari garestiak eginez.

Bizarurdin agerian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landruren burua, Hollywoodeko Heriotzaren museoan

Gerra amaitzean, sendiak desagertuen bila hasi ziren eta Landruren lasaitasunak bukaerara iritsi ziren. Madame Collomben sendiak gutuna idatzi zion Gambaiseko alkateari informazioa eskatuz, herri horretan Dupont izeneko gizon baten ondoan ikusi zutela-eta.

Belin inspektoreak estutu zuen Landru. Madame Buissonen ahizpa joan zen oraingoan poliziarengana, Rue Rivoliko denda batean artelanak erosten ari zen bitartean, desagertutako ahizparen senargaiarekin topo egin zuenean. Polizia dendariarena joan zen eta Landruk utzitako txartela eskuratu zuen: Lucien Guillet, 76, Rue Rochechouart. Helbide horretara joan ziren 1919ko apirilaren 11n, hiltzailea atxilo hartzeko asmoz eta amorante berriarekin aurkitu zuen, Fernande Segret aktorea.

Atxilotuaren benetako nortasuna ezagutu zuten eta 11 izen aurkitu zituzten bere agendan -Haietako lau konstatatutako desagerpenak ziren-. Era berean, ondo baino hobeto apuntatuta zituen Paristik Gambaiserako trenaren prezioak.

Apirilaren 29an, Landru eta jendarmeak Gambaisera bidaiatu zuten. 295 giza hezur aurkitu zituzten erdi erreta, kilo eta erdi errauts eta kaxoi batean gordeta zituen 47 urrezko hortz. Ondorenean, psikopatak biktimen arropa, altzari eta abar saltzen joan zela jakin zuten.

Landruren aurkako epaiketak urte pare bat iraun zuen eta gerra artean Parisen izandako ospetsuenetako bat bilakatu zen. Gizonak engainatu zituela onartu zuen, baina ez zuen sekula haien hilketak bere gain hartu[2]. 1921eko azaroaren 30ean, kondena etorri zitzaion. 11 hilketa leporatu zitzaizkion, horiek izan baitziren frogatzea lortu zutenak. Poliziak, hala ere, Bizarrurdinak 117 eta 300 emakume artean hil zituela esan zuen. 1922ko otsailaren 25ean, gillotinan hil zuten Versaillesko kartzelan.

1947an, Charles Chaplinek Monsieur Verdoux izeneko filma egin zuen Landruren bizitzan oinarrituz.

1963an, Landruk hilketen autore izatea onartzen zuen gutuna aurkitu zuten. Claude Chabrolek zuzendu zuen Landru izeneko filma urte horretan bertan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]