Irmgard Seefried

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Irmgard Seefried alemaniar opera abeslaria izan zen (Köngetried, Bavaria, 1919 - 1988). Aita musikazalea zuen; pianoa eta biolina jotzen zituen, eta abesbatzetako zuzendaria zen. Aitaren laguntzaz ezagutu zituen, oso gazte zela, Humperdinck eta Mendelssohnen lanak. Idazkaritza ikasteaz gainera, Augsburgoko eta Municheko kontserbatorioetan ikasi zuen. 1938an, Herbert von Karajanek Aidako emakumezko apaiza kantatzeko hartu zuen. 1943an, Vienako Operan egin zuen debuta, Maisu kantariak laneko Eva paperean; 1944tik 1945ra bitartean, opera horretako kide izan zen. 1945ean, Vienako Volksoper berriz zabaltzeko kontzertuan, Martzelinarena jokatu zuen, Beethovenen Fidelio lanean. Hala ere, bai Vienan bai Salzburgon Mozarten errepertorioan espezializatu zen. Covent Gardenen ere izugarrizko arrakasta lortu zuen. Bruno Walterrekin Estatu Batuetara joan zen Gustav Mahlerren Lehenengo sinfoniarekin debuta egiteko, eta ondoren, New Yorkeko Metropolitan Operan aritu zen Figaroren ezteiak operan (1953). Bere karreraren unerik gorenean, Paula Novikova irakaslearekin landu zuen bere ahots-teknika, eta, hala, bere errepertorioa asko zabaldu zen: Haendel (Julio Zesar), Purcell (Dido eta Eneas), Poulenc (Karmeldarren elkarrizketak), Alban Berg (Wozzeck). Seefriedentzat eta bere senarrarentzat Hezek Ariost (1964) idatzi zuen, eta, Franck Martinek, berriz, Maria Triptychon (1968). Hala ere, 1970eko hamarraldian ahotsa galtzen joan zen, eta irakaskuntzara bideratu zuen bere indarra.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]