Jansenismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Cornelius Jansen Augustinus liburuaren portada, 1640an hilondokoa argitaratua. Liburuak eztabaida janseanista sortu zuen.

Jansenismoa Janseniusen doktrina da, Jainkoak aldez aurretik hautetsiak soilik salba daitezkeela baiezten zuena; doktrina horren aldekoek eragin zuten erlijiozko higikundea.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jansen edo Janseniusen idatzietan oinarritzen den dotrina. XVI. mendean sortu zen higikunde hau, agustindarren eta jesuiten arteko istiluen ondorioz. Bost dira mugimenduaren oinarrizko ideiak:

  • jatorrizko bekatuaren ondorioz, lizuna da giza izaera;
  • gizonak ez du zoriaren aukera grazia onartu edo ukatzeko;
  • grazia Jainkoak emana datorkio; gizonak ekintza onak egiteko beharrezkoa du Jainkoarengandik datorkion grazia;
  • ezin du grazia hori erdietsi;
  • bakoitzaren merezimenduen arabera gizon batzuk zerura bidaltzen ditu Jainkoak eta beste batzuk berriz infernura.

Horren kontra atera ziren jesuitak, giza borondateak salbamenean zerikusirik baduela esanez. Valencia, Lessio eta batez ere Molina izan ziren gatazka horretan parte hartu zuten jesuita ezagunenak. San Agustinen ideiak azaltzen dituen liburua idatzi zuen Janseniusek, baina jansenistek ez zuten lortu lan horrek beren kontra eragindako zigorra bertan behera gelditzea. Egoera laztu egin zitzaien pixkana: buldaren bidez zigorrak ezarri zizkieten 1642, 1653 eta 1656. urteetan; Mazarinen eta Luis XIV.a erregearen erasoak nozitu behar izan zituzten. 1669tik 1679ra bitartean, Elizaren bakea deritzonarekin, lasaitasuna iritsi zen Port Royalera. Harrezkero jansenismoa gero eta gehiago lotu zitzaion politikari eta berriro piztu zen borroka: elizari legedi bat betearazi nahi izan zion Luis XIV.ak, jansenistek onartu ez zutena. Port Royalgo abadetxea suntsitu zuen erregek 1701ean.

Bestalde, Euskal Herriko iparraldean garrantzi handia izan zuen jansenismoak; Duvergier de Hauranne, Saint Cyrango abade izango zena, baionesa zen sortzez. Horrela jarraitu zuten Frantziako Iraultza lehertu arte. Holandan aurkitu zuten erregeen eta aita santuen eraso horiengandiko babesa eta han sortu zuten eliza bereizia. Jansenismoa ez da Herbehereetatik kanpora hedatu baina eragin handia izan du XX. mendeko eliza katolikoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jansenismo Aldatu lotura Wikidatan