Habsburgo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Habsburgotarren bandera.

Habsburgo edo Austriako Etxea, 1278tik 1918 arte Austriako erregetza izan duen familia. Izenaren jatorria Suitzan XI. mendean eraikitako Habichtsburg familia gazteluan dago.

Nahiz eta hasierako eremuak Suitzako iparraldean eta Alsazian egon, Habsburgotarra eta bere oinordeko Habsburgo-Lorena familia Europako Dinastia nagusienetariko bat zen eta zenbait herrialde agindu zituen, besteak beste:

Rodolfo I.a (1273 - 1291) izan zen Habsburgo etxeko lehen enperadorea. Ehun eta berrogeita hamar urtez, Habsburgo, Luxenburgo eta Wittelschbach etxeetako enperadoreak txandaka izan ziren agintari.

Karlos IV.a Luxenburgokoak Urrezko Bulda aldarrikatu zuen 1356. urtean. Bulda hark enperadoreak hautatzeko zehaztu zuen sistemaren arabera, Alemaniako zazpi printze hautesleen esku geratu zen enperadorea hautatzeko eskubidea. Aita Santuek esku izan zezaten galaraztea zuen bulda hark helburu nagusia, baina garbi utzi zuen hein berean germaniar hutsa zela inperio hura.

XV. mendetik aurrera, herentziazko bihurtu zen enperadore titulua, printze hautesleek bete beharreko formak gorde ziren arren. Mende hartatik hasi eta inperioa amaitu zen arte, habsburgotarren eskuetan egon zen Germanietako inperioa. Erdi Aroan, Aita Santuen eta inperioaren arteko tirabirek amaierarik izan ez zuten arren, enperadoreak koroatzeko ohiturari eutsi zioten Aita Santuek. Maximiliano I.a (1493-1519) izan zen Aita Santuek koroatu ez zuten lehen enperadorea; Karlos V.a, haren hurrengoa, aldiz, azken koroatu zutena (1530).

XVI. mendean, mamirik gabeko erakundea zen Erromako eta Germanietako Inperio Santua. Karlos V.a bizkortzen saiatu zen arren, Alemaniako printze hautesle gehienek Erreformaren alde egin zuten eta arras ahuldu zen enperadore katolikoaren aginpidea. Hogeita hamar Urteko Gerraren ondoren (1618-1648), enperadoreak Alemaniako lurraldeen gain zuen indarra guztiz galdu zuen, eta Habsburgoko etxeak zituen lurralde eta ondasunak baizik ez zituen gorde.

1804. urtean, Napoleonek enperadore izendatu zuen bere burua Aita Santuaren aurrean, antzinako Erromako Inperio hartako ordezkari gisa. Frantzisko II.a habsburgotarrak Austriako enperadore deitura hartu zuen eta 1806. urtean bertan behera utzi zuen enperadore titulu hura. Germaniarren eta Alemaniaren historian, I. Reich edo Lehen Inperioa izan zen Erroma eta Germaniako Inperio Santua; II. Reich-a izan zen Bismarckek eta Gilen I.ak bultzatu zuten Alemaniako Inperioa eta III. Reich izena eman zion Adolf Hitlerrek Alemaniako estatu nazionalsozialistari (1933-1945).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Habsburgo Aldatu lotura Wikidatan