Jean Clareboudt
Jean Clareboudt (Lyon, Frantzia, 1944 - Istanbul, Turkia, 1997ko apirilaren 7a) eskultore eta diseinatzaile frantsesa izan zen.
Biografia [aldatu]
Parisko Arte Aplikatuen Eskolan eta Arte Ederretako Unibertsitatean ikasi zuen. Aipagarriak ditu Conditions sailak, Condition 2 (1983), Condition 4 (1985) zenbait leku edo arkitektura eraikuntzarekin lotura duten lanak biltzen dituztenak. Clareboudtek ez zuen lantegirik, bere lanak bisitatzen zituen herrialde eta lekuetan bertan egiten saiatzen zen. Haren sailak ez ziren gai bati buruzko aldaerak, berak forma ematen zion egoera baten aukerak baizik; Condition izeneko sailak, esaterako, sakontasunean baino ez zuten antzik. Bestalde, aniztasuna zen Clareboudten lanaren ezaugarrietako bat. Hala ere, sailak osatzen zuten lanek seinale bat izaten zuten, eta materialaren edo horien arteko kontraste jokoaren bidez adierazten zituen: harria eta beira, zura eta ehuna, leuna eta pikortsua. Clareboudtek hainbat ohar koaderno utzi zituen, berez obrak direnak, zeinetan lanaren inguruko oharrak idatzi eta biltzen zituen: objektu-puskak, eskemak, gogoetak, bidaietan egindako oharrak.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.