Istanbul

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Istanbul

Istanbul
Izen ofiziala İstanbul
Estatua TurkiaTurkia
Probintzia Istanbul probintzia
Alkatea Kadir Topbaş
Koordenatuak

41°00′N 29°00′E / 41.000°N 29.000°E / 41.000; 29.000Koordenatuak: 41°00′N 29°00′E / 41.000°N 29.000°E / 41.000; 29.000

Istanbul non dagoen adierazten duen Turkia-ko/-go/-eko mapa
Istanbul
Eremua 1,930 km²
Posta kodea 34x xx
Biztanleria 12.782.960 bizt. (2009)
Dentsitatea 6.623.295,34 bizt./km²
http://www.ibb.gov.tr/

Istanbul[1] (turkieraz İstanbul, eta bizantziar garaian grezieraz hasieran Bizantzio eta gero Konstantinopla), Turkiako hiririk handiena da, bai eta Europako handienetako bat ere, 12.782.960 biztanle baitzituen 2009an.[2] Gainera, lur eremu handia hartzen du, munduko 5. udalerri handiena baita. Istanbul probintziako hiriburu administratiboa da.

Hiriaren historia luzean, hiriburu izan da sarritan: Erromatar Inperioa (330-395), Bizantziar Inperioa (395–1204 eta 1261–1453), Latindar Inperioa (1204–1261) eta Otomandar Inperioa (1453–1922). Honen ostena, Turkiako Errepublika berriaren hiriburua Ankarara eraman zen. 2010ean, Istanbul Europako kultura hiriburu izan zen. Hiriaren gune historikoa UNESCOren gizateriaren ondaretzat sailkatu zuten 1985an.[3]

Hiri zaharra Bosforo itsasartearen hego-mendebaldeko ertzean dago kokatua, baina hiri berriak, askoz handiagoa, itsasartearen bi aldeak hartzen ditu: europarra (Trazia) eta asiarra (Anatolia). Izan ere, bi kontinentetan dagoen metropoli bakarra da munduan.

Izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizantzio (grezieraz Βυζάντιον, Byzántion) hiriaren lehen izen ezaguna da. K. a. 660 inguruan sortu zen izen horrekin, K. a. V. mendeko Herodotoren arabera Kaltzedonia baino 16 urte lehenago. Izena Megarako kolonoen erregetik dator, Bizas izenekoa.

Konstantino I.ari esker, hiria Erromatar Inperioko ekialdeko hiriburu bihurtu zen, eta Konstantinopla[4] (grezieraz Κωνσταντινούπολις, Kōnstantinoúpolis) izenarekin ezagutzen hasi zen. Honen esanahia "Konstantinoren hiria" da. Enperadoreak Nea Roma ("Erroma Berria") izena erabil zedin saiatu zen, baina ez zuen arrakasta handirik izan.

Nahiz eta lehenagotik erabili, Istanbul izena XX. mendean hedatu zen gehien, batez ere nazioartean. 1930ko martxoaren 28an, Turkiako Posta Zerbitzuak nazioarteari eskaera ofiziala egin zion İstanbul erabil zezan hiri osoa izendatzeko. Aditu batzuen arabera, Istanbul izena grezierazko "εἰς τὴν Πόλιν" ([is tin ˈpolin], hirian) esalditik letorke. Azken batean, hiri nagusiari soilik "hiri" deitzea ohikoa da, Iruñea kasu. Beste aditu batzuen arabera, Konstántinoupólis greziar izenaren laburdura litzateke, azentu gabeko silabak galdu eta hasierako i- gehitu ondoren.

Egungo turkieraz, hiriaren izena "İstanbul" da, puntudun İ batekin, turkierako alfabetoak I letra puntuduna eta puntugabea bereizten baititu.

Bizantziarren eta otomandarren menpeko eslaviar herriek Tzarigrad erabiltzen dute, Tsarraren (Enperadorearen) hiria (serbieraz eta bulgarieraz Цариград), berez Konstantinopla izenaren kalkoa dena.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istanbul satelite irudian

Istanbul Bosforo itsasartean dago, Asiaren eta Europaren mugan, Itsaso Beltza eta Marmara itsasoa lotzen diren lekuan. Hiri historikoa mendebaldean kokatzen da (Europan), Urrezko Adarra izeneko estuarioaren bi aldeetan.

Penintsula historikoa zazpi muinoren gainean eraikia dagoela esaten da, bakoitzaren gailurrean meskita inperial batekin, eta 22 km luze diren harresiek inguratua. Horietako handiena Topkapı jauregia dagoen Sarayburnu da (Jauregi muinoa)[5]. Urrezko Adarraren beste ertzean beste muino koniko bat dago, Galata auzoa (Beyoğlu barrutia) dagoen lekuan. Üsküdar ere, Asiako aldean, muino ugariz osatua dago. Istanbuleko tontor garaiena Çamlıca muinoa da (Asian), 288 m garai[6].

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istanbulek klima ozeaniko eta klima mediterraneoaren arteko trantsizioko klima du. Beraz, hiriak klima epela du. Esate baterako, udako lehortea ez da benetako klima mediterraneoan bezain handia. Udak beroak dira, hezeak baina euri gutxikoak (295 ordu eguzki hileko ekainean, uztailean eta abuztuan). Udako egun jakinetan, tenperaturak 35 °C-tik gorakoak izan daitezke. Neguak hotzak eta hezeak dira, euri ugari egiten du eta noizean behin elurra (76 ordu eguzki baino gutxiago hileko urtarrilean eta otsailean). Neguan egun jakinetan, tenperaturak 0 °C-tik behekoak izan daitezke. Horrela, urtero 25 bat izotz egun izaten dira, abendu, urtarril eta otsailean batez ere. Udaberriak eta udazkenak epelak dira.


Datu klimatikoak (Istanbul Turkia)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 8.7 9.1 11.2 16.5 21.4 26.0 28.4 28.5 25.0 20.1 15.3 11.1 18.8
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.9 2.8 3.9 7.7 12.0 16.0 18.5 18.7 15.5 12.0 8.5 5.3 10.5
Pilatutako prezipitazioa (mm) 98.4 80.2 69.9 45.8 36.1 34.0 38.8 47.8 61.4 96.9 110.7 123.9 843.9
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 17.7 15.3 13.6 10.3 7.8 5.3 3.6 4.0 6.1 10.3 12.9 16.9 123.8
Eguzki orduak 93 112 124 180 279 330 372 330 240 186 120 93 2459
Hezetasuna (%) 80 78 76 74 74 71 70 70 74 78 80 80 75
Iturria: NBE[7], Turkiako meteorologia institutua (DMI)[8], BBC weather[9]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen jendeztatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bizantzio»
Bizantzioko akropoliko zutabe baten hondarrak, egun Topkapı jauregian.

Marmaray tunela eraikitzean Istanbuleko penintsula azpian, Neolito garaiko jendeztatze aztarnak aurkitu dituzte, K. a. 7. milurtekokoak, Bosforoa sortu baino lehenagokoak[10]. Traziar tribuak bi lekutan ezarri ziren (Lygos eta Semistra), penintsularen muturrean, egun Topkapı jauregia dagoen tokian, K. a. XIII eta K. a. XI. mendeen artean. Leku berean, feniziarrek merkatari herrixka bat ezarri zuten K. a. 1. milurtekoan eta K. a. 685ean Megaratik zetozen greziarrek beste herri bat, Kaltzedonia izenekoa[11][12].

Hala ere, Istanbuleko historia K. a. 660 inguruan hasten da oro har, Bizas erregaren agindupean Megarako kolonoak Bosforoaren europar aldean ezarri zirenean, eta Bizantzio sortu (grezieraz Βυζάντιον, Bizantion, latinez Byzantium). Mendearen amaieran, akropoli bat eraiki zen behialako Lygos eta Semistra herrixken lekuan. Hiria persiar agintepean egon zen aldi batez K. a. V. mendean, baina greziarrek berreskuratu egin zuten Mediar Gerretan[13]. Bizantzio Deloseko Ligako kide izaten jarraitu zuen, K. a. 355ean independentzia lortu zuen arte. Erromatar Errepublikaren babespean denbora luzez egon ondoren, 73an Erromatar Inperioko zati bihurtu zen.

Peszenio Niger usurpatzailearen alde ipini izana, Septimio Severo enperadorearen aurka, garesti atera zitzaion, bi urteko setioaren ondoren 195ean errenditu zenean hiri suntsitua baitzegoen. Hala ere, bost urteren ondoren, hiria berreraikitzen hasi zen, eta denbora laburrean aurretik zuen ospea berreskuratu.

Konstantinoplaren igoera eta erortzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Konstantinopla»
Konstantinopla irudikatzen duen mapa zaharrena, 1422an Cristoforo Buondelmontik egina.

Konstantino I.ak Lizinio garaitu zuenean Krisopolisko guduan 324ko irailan, Erromatar Inperioko enperadore bakar bihurtu zen. Bi hilabete geroago, Konstantinok Bizantzio ordeztuko zuen hiri kristau berriaren planoa ezarri zuen. Inperioaren ekialdeko hiriburu zen Nikomedia ordezkatzeko sortua, hiriaren izen berria Nea Roma (Erroma Berria) izan zen, baina ezagunagoa egin zen Konstantinopla izenarekin (Konstantinoren hiria), XX. mendea arte iraungo zuena. Sei urte geroago, 330ko maiatzaren 11n, Konstantinopla hiriburu izendatu zuten, gerora Bizantziar Inperioa izango zena.

Hiriburu hau ezartzea Konstantinoren lorpen iraunkorrenetakoa izan zen, erromatar boterea ekialderatuz eta greziar kulturaren eta kristautasunaren erdigune bihurtuz[14]. Eliza ugari eraiki ziren hirian zehar, Hagia Sofia barne, munduko katedral handiena izan zena mila urtez. Hiriaren kokalekuak Konstantinoplaren beraren existentzia ziurtatu zuen, eta harresiek Europa babestu zuten ekialdeko inbaditzaileengandik eta Islamaren aurrerakadatik. Erdi Aroaren gehiengoan, Konstantinopla Mendebaldeko hiri handiena eta aberatsena izan zen.

Konstantinoplaren erortzea.

Konstantinoplaren beheraldia Laugarren Gurutzadarekin hasi zen, gurutzatuek Bizantziar Inperioa estatu txikiagoetan zatikatu baitzuten. Hiria Latindar Inperioaren hiriburu bihurtu zen, gurutzatu katolikoek bultzatua ortodoxoena ordezkatzeko asmoarekin. Hala ere, Latindar Inperioak ez zuen luze iraun eta Bizantziar Inperioa 1261ean berrezarri zen, ahuldua ordea. Hiriko elizak, babesak eta oinarrizko zerbitzuak gain-beheran zeuden eta biztanle kopurua 40.000 baino ez zen, IX. mendeko milioi erdiarekin alderatuta.

XIV. mende erdialdean, otomandar turkiarrak estrategia militar bat hasi zuten hiria itotzeko asmoarekin, herri txikiagoak bereganatuz eta hornidura bideak itxiz. Azkenean, 1453ko maiatzaren 29an, zortzi asteko setioaren ondoren, Mehmed II.a Konkistatzailea sultanak Konstantinopla hartu zuen eta Otomandar Inperioaren hiriburu izendatu. Ordu batzuk geroago, sultana Hagia Sofia elizara joan eta iman bat deitu zuen Islamaren kredoa errezitatzeko, katedral handia meskita inperial bihurtuz.

Turkiarren agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Süleymaniye meskita (XIX. mende amaierako argazkian) Mimar Sinan arkitektoak egina

Konstantinolpla erori eta gero, Mehmed II.ak hiria biziberritzea erabaki zuen. Anatolia eta beste herrialdeetako musulmanak, kristauak eta juduak ekarrarazi zituen, borondatez ala indarrez, gizarte kosmopolita sortzeraino. Mendearen amaieran, hiriak berrehun mila biztanle zituen, Europako bigarren handiena[15]. Era berean, Mehmed II.ak azpiegitura zaharkituak berritu zituen eta Bazar Handia eraikitzen hasi. Garai honetan ere Topkapı jauregia eraiki zen, sultanaren egoitza ofiziala izango zena laurehun urtez.

Hiria, Kristautasunaren babes izatetik, kultura islamikoaren ikur izatera igaro zen. Meskita inperial ugari eraiki ziren, sarri eskolez, ospitalez eta bainu publikoz atxikiak. Suleiman I.aren sultanaldia (1520-1566) arte eta arkitekturako lorpen handiko garaia izan zen. Mimar Sinan arkitektoburuak Süleymaniye meskita eta beste hainbat eraikin marraztu zituen, eta zeramika, kaligrafia eta miniaturagintza loratu ziren. XVIII. mende amaieran, hiriak 570.000 biztanle zituen.

XIX. mende hasierako matxinada garaiak Mahmud II.a sultanaren goraldia eragin zuen, eta Europa Mendebaldeko kulturarekin lerratu zen inperioa. Garai honetan zubiak eraiki ziren Urrezko Adarra zeharkatzeko, eta hiria burdinbidez lotu zen Europako sarearekin 1880ko hamarkadan. Tünel linea, munduko metro zaharrenetarikoa, 1875ean ireki zen, eta beste hainbat azpiegitura moderno ere (ur hornidura, argindarra, telefonoa eta tranbiak) hurrengo urteetan eraiki ziren, nahiz eta Europako beste hirietan baino geroago izan.

Hala ere, modernizazio esfortzuak ez ziren nahikoak izan Otomandar Inperioaren gainbehera galarazteko. XX. mende hasieran, Turku Gazteen Iraultzak eta gerra ugariek Inperioaren porrot ekonomikoa ekarri zuen. Azkeneko gerran, Lehen Mundu Gerran, britainiarrek, frantziarrek eta italiarrek hiria hartu zuten. Azken otomandar sultana, Mehmed VI.a, 1922ko azaroan erbesteratu zuten. Urtebetera okupazioa amaitu zen, Lausanako Ituna sinatu eta Mustafa Kemal Atatürk iraultzaileak Turkiako Errepublika izendatu zuen 1923ko urriaren 29an.

Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiako Errepublika berriaren hiriburua Ankarara eraman zen eta 1930ean hiriaren izen ofizial bakartzat Istanbul ezarri. Nahiz eta hiriburutasuna galdu, 1940ko hamarkada amaieratik aldaketa estruktural handiak jasan zituen, hala nola, plaza (adibidez Taksim plaza), bulebar eta hiribide berriak, batzuetan eraikin historikoen kostuz. Hiriko biztanleria laster hazten hasi zen 1970eko hamarkadatik aurrera, Anatoliako biztanleak hirira enplegu bila iristen ziren heinena. Hiria izugarriki hazi zen, inguruko herri eta basoak irensteraino, Istanbulgo metropoli eremua eratuz.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istanbulgo gune historikoak1
UNESCOren gizateriaren ondarea
Sultan Ahmed Mosque, Istambul.jpg
Mota Kulturala
Irizpideak i, ii, iii, iv
Erreferentzia 356
Kokalekua TurkiaTurkia
Eskualdea2 Europa eta Ipar Amerika
Izen ematea 1985 (IX. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haydarpaşa geltokia.
"Vapur" bat Bosforoan.

Istanbulen bi tren geltoki daude, Sirkeci (europar aldean) 1889an eraikia eta Haydarpaşa (asiar aldean) 1909koa. Sirkeci geltokira iristen zen Orient-Express linea ezaguna, eta bertatik irteten dira egun Paris-Venezia-Orient-Express (aurrekoaren oinordekoa-edo), Danubio-Express, Bosforo-Express, eta Greziara doan Laguntasunaren trena. Hayderpasa geltokitik, Trans-Asia-Express linea irtetean da Teheranerantz eta antzinako Taurus-Express Bagdadera. Bertatik Ankarara doazen abiadura handiko trena berriak ere irtetean dira. Bosforoa igaroko duen burdinbide tunela, Marmaray izenekoa, 2004tik eraikitzen ari dira eta 2013an inauguratuko omen da.

Bi nazioarteko aireportu ditu hiriak: Atatürk nazioarteko aireportua europar aldean eta Sabiha Gökçen nazioarteko aireportua asiarrean.

Istanbulgo metroak linea bakarra du, baina 2008an 68 milioi bidaiarik erabili zuten. Hala ere, badira ere metro arineko linea bat (hafif metro), tranbia eta bi funikular, aldirietako tren lineez gain. Beste hirien adibideari jarraiki, 2009an metrobus sistema abian jarri zen.

Gainera, udalak ur-gaineko garraio sistema kudeatzen du, Bosfororen bi ertzetako ontziralekuak lotzeko.

Istanbulen, taxi sistema (turkieraz Taksi) oso garatua dago, auto horiz osatua.

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istanbuleko biztanleria historian zehar
Urtea Biztanleak Urtea Biztanleak
330 40.000 1914 Decrease2.svg 909.978
400 Increase2.svg 200.000-400.000 1927 Decrease2.svg 680.857
530 Increase2.svg 550.000 1935 Increase2.svg 741.148
545 Decrease2.svg 350.000 1940 Increase2.svg 793.949
715 Decrease2.svg 300.000 1945 Increase2.svg 860.558
950 Increase2.svg 400.000 1950 Increase2.svg 983.041
1200 Decrease2.svg 250.000-300.000 1955 Increase2.svg 1.268.771
1453 Decrease2.svg 36.000 1960 Increase2.svg 1.466.535
1477 Increase2.svg 70.000 1965 Increase2.svg 1.742.978
1566 Increase2.svg 600.000 1970 Increase2.svg 2.132.407
1690 Increase2.svg 750.000-800.000 1975 Increase2.svg 2.547.364
1817 Decrease2.svg 500.000 1980 Increase2.svg 2.772.708
1860 Increase2.svg 715.000 1985 Increase2.svg 5.475.982
1885 Increase2.svg 873.570 1990 Increase2.svg 6.629.431
1890 Increase2.svg 874.000 2000 Increase2.svg 8.803.468
1897 Increase2.svg 1.059.000 2007 Increase2.svg 11.372.613
1901 Decrease2.svg 942.900 2010 Increase2.svg 12.915.158

Metropoli eremuak 11.372.613 biztanle ditu, 2007ko erroldaren arabera[16] eta egun munduko hiri handienetakoa da. Gainera, biztanleriaren hazkuntza tasa %3,45 da egun, batez ere landa lurretako etorkinak direla-eta. Istanbulgo biztanle dentsitatea 1.700 bizt/km² da, Turkiako batez besteko den 81 bizt/km² zifratik urrun[17].

Metropolitar eremuko biztanleria hirukoiztu egin zen 25 urtetan, 1980 eta 2005 artean. Gutxi gorabehera, istanbuldarren %70 europar aldean bizi dira eta %30 asiar aldean. Turkia hego-ekialdeko langabezia tasa zela-eta, eskualde horietako asko Istanbulera lekualdatu ziren lan bila, eta hiriaren aldirietan ezarri.

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Futbola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galatasaray SK, Fenerbahçe SK, eta Beşiktaş JK dira hiriko talderik indartsuenak, elkarren artean lehia handia dago.

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istanbuldar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0162.pdf .
  2. (Turkieraz) «Büyükşehir Belediyeleri ve Bağlı Belediyelerin Nüfusları - 2009». Nadrese Dayalı Nüfus Kayit Sistemi (Adnks) Veri Tabani. Türkiye İstatistik Kurumu. 2010-08-24an eskuratua.
  3.   UNESCO | Istanbulgo gune historikoak, http://whc.unesco.org/en/list/356 .
  4.   Euskaltzaindia (2012-03-30), 168. araua: Afrika kolonialeko toponimia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0168.pdf .
  5.   Istanbul from a Bird's Eye View, http://english.istanbul.gov.tr/Default.aspx?pid=294 .
  6.   The Topography of İstanbul, http://www.tourism.gov.tr/EN/Genel/BelgeGoster.aspx?17A16AE30572D3130239EEA0FCDF038B91FBF5F1F3911EBA .
  7. (Ingelesez)   NBE (Climatological Information of Istanbul), http://www.worldweather.org/014/c00047.htm .
  8. (Turkieraz)   Yıllık Toplam Yağış Verileri - İstanbul, http://www.meteor.gov.tr/veridegerlendirme/yillik-toplam-yagis-verileri.aspx?m=ISTANBUL .
  9. (Ingelesez)   BBC Weather Centre - World Weather - Average Conditions - Istanbul, Turkey - Istanbul, Turkia), http://www.bbc.co.uk/weather/world/city_guides/results.shtml?tt=TT004370 .
  10.   Rainsford, Sarah, Istanbul's ancient past unearthed, http://news.bbc.co.uk/2/hi/europe/7820924.stm. Noiz kontsultatua: 21 April 2010 .
  11. "Kaltzedonia" era arautua Antzinateko hirien euskarazko izenak 147. arauan
  12. Lister, Richard P. (1979). The Travels of Herodotus. Londres: Gordon & Cremonesi. ISBN 0-86033-081-8
  13. De Souza, Philip (2003). The Greek and Persian Wars, 499-386 B.C.. London: Routledge. ISBN 0-415-96854-2
  14. Barnes, Timothy David (1981). Constantine and Eusebius. Cambridge, Mass.: Harvard University Press. ISBN 0-674-16531-4
  15. Chandler, Tertius; Fox, Gerald (1974). 3000 Years of Urban Growth. London: Academic Press
  16. Türkiye istatistik kurumu Helbidean oinarritutako errolda. (2008-04-19)
  17. (Turkieraz)  Presentation of Reference City: Istanbul, http://www.urge-project.ufz.de/istanbul/general.htm .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Istanbul