Johann Pachelbel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Johann Pachelbel-en hilobia Nurembergeko Rochuskirchhof hilerrian.
Johann Pachelbel-en esku-izkribua.

Johann Pachelbel ([paˈxɛlbəl] ahoskatua) (Nuremberg, 1653ko abuztuan -Nuremberg, 1706ko martxoaren 3a) musika-konposatzaile eta organo-jole alemana izan zen. Garai barrokoan kokatzen da eta Johann Sebastian Bach baino belaunaldi bat zaharragoa da. Izatez, haren aitaren laguna izan zen. Haren lanen artean ezagunena Kanona Re handian da, hiru biolin eta baxu jarrairako idatzia eta grabazio askotan jasoa.

Bizitza

Pachelbel Nurembergen jaio zen eta 1653ko irailaren 1ean bataiatu zuten. Jaioterrian hil zen, Nurembergen, 1706ko martxoaren 3an. Handik sei egunera hilobiratu zuten. Organo-jole, klabizenbalo-jole eta konposatzaile ezaguna izan zen.

Johann Pachelbelek txikitan jaso zituen lehenbiziko konposizio- eta interpretazio-ikasgaiak Heinrich Schwemmer-en eta Georg Kaspar Wecker-en eskutik. San Lorenzoko Akademian ikasketak burutu ondoren, 1669an, Altdorf-eko unibertsitatean sartu zen. Eskolak hartzen zituen bitartean, organista lanak ere egiten zituen. Baina, familiaren ekonomia-egoera zela eta, ezin izan zuen unibertsitatean jarraitu: urtebete besterik ez zuen egin bertan. Itxura denez, 1670eko udaberrian edo, Ratisbonako eskola poetikora hurbiltzen hasi zen eta Kaspar Prentz-en eskola partikularretara joaten: horrela, garaiko italiar konposatzaile handien ezagutza egin zuen.

Prentz-en eraginez, Vienara aldatu zen 1673an, San Estebanen katedralean ordezko organo-jole postua hartuta. Handik lau urtera Eisenacheko gorteko organo-jole izendatu zuten, Johann Georg printzearen zerbitzuan. 1678ko ekainean Erfurteko eliza protestanteak kontratatu zuen. Han bertan ezkondu zen Barbara Gabler andrearekin 1681an, baina bi urteren buruan alargundu zen, emaztea eta semea izurri baten ondorioz hil baitziren. Handik urtebetera, 1684an, berriz ezkondu zen Judith Drommer-ekin. Bigarren ezkontza honetatik zazpi seme-alaba izan zituen; horietatik bi musikari izan ziren: Wilhelm Hieronymus eta Carl Theodorus.

1690ean Stuttgart-etik deitu zioten, Württemberg-en gortetik, musikari eta organo-jole kargua hartzeko. Handik pixka batera, ordea, 1692an, handik alde egin behar izan zuen frantsesen inbasioagatik. Sorterrira itzuli zen, Nurenbergera, eta Turingiako Gotha hiriko organo-jole izendatua izan zen. Bere antzinako maisua, Wecker, hil zenean, 1695ean, haren organista-kargua eman zioten Nurembergeko San Sebaldon, eta han jarraitu zuen hil artean.

Lanak

Pachelbel musika-lan askoren egilea da. Horien artean nabarmentzekoak dira organorako egin zituen konposizioak (preludioak, tokatak, fugak, ...), lied espiritualak, klabizenbalorako hainbat pieza, esaterako Hexachordum Apollinis, hainbat koral, zenbait meza, motete, kantata, fantasia eta Magnificat. “Cantabile” estiloan (ahotsetan erregulartasuna, harmonia eta erritmoa) maisu izan arren, bere musika, bai instrumentala eta bai bokala, ahantzita gelditu zen bera hil ondoren eta ez zen errekuperatu XIX. mendearen lehen erdira arte. Franz Commer-ek haren organo-obraren parte bat argitaratu zuen. 1901ean haren Magnificat eta 95 fugak argitaratu ziren eta geroago klabizenbalorako konposizio asko ere argitaratu ziren.

Oso ezaguna da bere Kanona Re handian: ezkontzetan-eta maiz erabiltzen da.

Bitxikeriak

  • Pachelbel 1681ean ezkondu zen, baina bi urte geroago emaztea eta semea hil zitzaizkion izurrite batean. Pachelbel berriro ezkondu zen handik urtebetera eta zazpi seme-alaba izan zituen: bost mutil eta bi neska.
  • Pachelbelek Bach familiarekin harremana izan zuen. Johann Sebastian Bach-en anaia baten, J. Christoph-en, maisua izan zen eta, arreba baten aitapontekoa.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Johann Pachelbel


Ikus, gainera