Johann Sebastian Bach

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Johann Sebastian Bach
Johann Sebastian Bach
Datu pertsonalak
Jaio 1685eko martxoaren 31
Eisenach, Turingia (Alemania)
Hil 1750eko uztailaren 28a
Leipzig, Saxonia (Alemania)

Johann Sebastian Bach (1685eko martxoaren 31 - 1750eko uztailaren 28a) Aro barrokoko konpositore eta organista alemaniarra izan zen, historian izan den musikari familia onenetariko baten kidea.

Inoiz izan den konpositore handienetariko bat bezala hartzen da askotan; ez bere lanen edertasunagatik bakarrik, baita kopuruagatik ere. Hortaz, inspirazio iturri bihurtu da hainbat musikarirentzat, hasi Mozartetik Schoenbergera.

Bachen konposizio-lan hala sakratu nola sekularrek, abesbatza, orkestra eta instrumentu bakarlarientzakoek, Barrokoaren aroko sorkuntza-ildo ezberdinak bildu zituzten, eta aro hori bere heldutasunera eraman. Nahiz eta Bachek forma berririk sortu ez zuen, alemaniar estiloa aberastu egin zuen, kontrapuntuaren teknikaz, harmoniaren eta motiboen antolamenduaren gain zeukan kontrol paregabeaz, eta atzerriko (batez ere, Frantzia eta Italiako) erritmo, forma eta abarren egokitzapenaz.

Lanik garrantzitsuenen artean aipatzekoak dira Matthäuspassion, Tocata eta fuga re minorren, BWV 565, Brandeburgoko kontzertuak, Fugaren artea, Ongi tenperatutako klabezina (Das Wohltemperierte Clavier), Meza si menorrean, besteak beste.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak (1685-1703)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eisenachen (Turingia, Alemania) jaio zen 1685ko martxoaren 31n (Scarlattiren eta Haendelen urte berean), zazpi belaunalditan 52 musikari garrantzitsu eman zituen familia batean. Bederatzi urte besterik zuela hil zitzaion ama. Urtebete geroago aita (Johann Ambrosius Bach, 1645-1695) ere hil zitzaion; musikagilea izan zen, eta harekin ikasia zuen musika. Bach gaztea bere anaia nagusi Johann Christoph Bachekin (1670-1722) joan zen bizitzera eta ikastera; bera baino 16 urte zaharragoa zen, eta garai hartan Ohrdruffeko organista zen. Harengandik ikasi zuen organoa jotzen eta konposatzen. 1700ean, San Mikel elizako abesbatzako kidetzat hasi zen lanean, Lüneburgen.

Mullhausen (1703-1708)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1703an, hamazortzi urterekin, Johann Ernst Weimareko printzearen ganbera-orkestrako biolin-jole aritzea lortu zuen eta, ondoren, Arnstadten organo-jole lanpostua eskuratu zuen instrumentuan zuen maisutasuna zela eta. Lau urte geroago Müllhausenera lekualdatu zen, eta bertan, beste lehengusina zuen Maria Barbara Bachekin (1684-1720) ezkondu eta San Blas elizan organo-jole aritu zen lanean.

Garai honetako lanak:

  • Cantata BWV 131
  • Sonata BWV 964
  • Fuga BWV 572

Weimar (1708-1717)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte bat geroago bakarrik, 1708an, gorteko organista izendatu zuten eta 1714an orkestrako zuzendaria Wilhelm Ernst dukearen gortean, Weimar-en.

Garai honetako lan batzuk:

  • Klabezinerako kontzertuak BWV 972-987
  • 30 kantata inguru, baita hileta-elizkizuneko kantata ezaguna ere barne Gottes Zeit ist die allerbeste Zeit (c. 1707), gainera, organo eta klabezinerako lanak konposatu zituen.

Cothen (1717-1723)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1717tik 1723ra Bach kaperako maisu eta ganbera-musika zuzendaria izan zen Leopold de Anhalt-Köthen printzearen gortean. 1720. urtean lehen emaztea hil zitzaion eta urte bat geroago berriro ezkondu zen, oraingo honetan Anna Magdalena Wilcke (1701-1760) abeslariarekin.

Leipzig (1723-1750)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leipzigeko Santo Tomas eliza.

1723an, Bach Leipzig hiriko Tomasschule eskolako kantore izendatu zuten. Eskola horrek lotura zeukan hiri bereko Santo Tomas eliza luteranoarekin (Thomaskirche, alemanez). Horrez gain, hiriko eliza nagusietako musika-zuzendari ere izendatu zuten. Prestigio handiko lanpostua zen, eta, Arnstadt eta Mühlhausen-en jardutean eman zituen bolada laburrez aparte, hauxe izan zuen administraziorako lehenbiziko lanpostua, ordura arte bere bizitza profesionala gehienbat aristokraziarentzat jarduten eman ondoren.

Azken lanpostu horri 27 urtez eutsi zion; hots, bere heriotzera arte. Postuan jardunez, bere nagusia zen Leipzigeko Kontseiluaren ika-mika politikoak bizitzea suertatu zitzaion. Izan ere, Kontseilu hura bi fakziok osatzen zuten: batetik, absolutistek, zeinek leialtasuna baitzioten Dresdeneko errege saxoiari, eta, bestetik, Leipzigeko merkatari, gremio eta aristokrata xeheen interesak ordezkatzen zituen taldeak. Bach erregezaleek izendatutakoa zen; bereziki, garai hartan alkate zenak. Bach izendatzearekin ados egotearen truke, hiriko interesak ordezkatzen zituen alderdiari eskolaren gaineko kontrola eman zitzaion, eta Bach behartuta suertatu zen bere lan-baldintzei zegozkien nondik norako batzuetan amore ematera. Nahiz eta badirudien kontseilukideetako inork ez zuela zalantzan jartzen Bachen artetsutasun musikala, denbora guztian tirabirak egon ziren kantorearen (zeinak bere burua hiriko eliza-musika kontuetan buruzagitzat jotzen baitzuen) eta hiriko ordezkarien fakzioaren artean (zeinak eskola-zuzendari soiltzat jotzen baitzuen Bach, eta bai eskolan bai elizetan musika oso landua egiteari garrantzia kendu nahi baitzion).

Bachen lanpostuko zereginetako bat zen Thomasschule eskolako ikasleei kantu-heziketa ematea eta Leipzigeko bi eliza nagusietarako (Santo Tomas eta San Nikolas elizak) musika konposatzea astero. Halaber, bere lanpostuak latina irakastera behartzen zuen, baina azken eginkizun horretan haren ordezkari bat aritzea baimendu zioten.

Leipzigen igaro zituen lehenbiziko sei urteetan, eta bere sormenari fruitu paregabea atereaz, Bach iritsi zen urtero bost kantata-ziklo ere konposatzera (horietako bi galdu egin dira, antza). Kantata horietako gehienetan landutako gaia osatzen dute urte luteranoko igande eta jai-egun bakoitzerako Itun Berriko irakurgaiek. Horietako asko konposatu ziren eliza-kantu tradizionalak inspirazio-iturri gisa erabiliz kantatetarako, hala nola Wachet auf, ruft uns die Stimme, Nun komm, der Heiden Heiland, eta Wie schön leuchtet der Morgenstern.

Lan horien entseguak eta emanaldiak Santo Tomas elizan egiteko, Kontseiluak Bachi soil-soilik zortzi instrumentista iraunkor ipini zizkion eskueran; horrek esan nahi du konposalan ertain eta handietarako beharrezkoak diren hogei instrumentu-jotzaileak unibertsitatetik, eskolatik eta jendartetik lortu behar zituela Bachek.

1720ko hamarkadako zati handi bat kantatak konposatzen igaro ondoren, Bachek eliza-musikako errepertorio itzela bildu zuen Leipzigeko bi eliza nagusietarako. Puntu horretara iritsi ondoren, bere musika-konposizio eta -emanaldiak liturgiatik haratago hedatzeko gogoa piztu zitzaion. 1729ko martxoan, Collegium Musicum-eko zuzendaritza hartu zuen bere gain. Emanaldiak egiteko musika-talde sekularra zen hori, 1701ean bere aspaldiko lagun Georg Philipp Telemann konposatzaileak sortua.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Johann Sebastian Bach Aldatu lotura Wikidatan