Juan Bautista Iturralde

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Bautista Iturralde
Bizitza
JaiotzaArizkun1674ko urriaren 28a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaMadril1741eko urtarrilaren 20a (66 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta finantzaria

Juan Bautista Iturralde Gamio (Arizkun, Baztan, 1674ko urriaren 28a - Madril, 1741eko urtarrilaren 20a) nafar finantzari eta politikaria izan zen[1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Bautista Iturralde Arizkungo Iturraldean jaio zen, 1674ko urriaren 28an. Gurasoak Pedro Iturralde eta María Gamio zituen. Herrikide eta laguna zuen Juan Goienetxeren gerizan, Madrila joan zen. 1699an Errege Sekretuen diruzaina zen, eta 1701ean Diruzaintza Orokorrera igaro zen.

Administrazioko lanaz gain, hainbat negozio pribatu izan zituen. Esate baterako, Goienetxekin batera sortu zuen konpainia batek, bizigai, bolbora eta armez hornitu zuen Espainiako Armada 1712 eta 1729 bitartean. Konpainia horren bitartez, dirutza handia egiteaz gain, politikan gora egitea lortu zuen. Berrogei urteetako bildua zuen aberastasunaren erakusle da, 1715ean Iturraldea erabat berregin zuela. Merkataritza-konpainietan ere inbestitu zuen; errate baterako, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren sortzaileetako bat izan zen (1728), eta baita Habanako Errege Konpainiarena (1740) ere. Higiezinen sektorean ere egin zituen negozioak, Madrilgo orubeak erosiz (Atocha, Red de San Luis) eta etxeak eraikiz[2].

Politikari dagokionez, Madrilgo beste nafar eta gipuzkoar batzuek bezala, Espainiako Ondorengotza Gerraren hasieratik Filipe V.arekin bat egin zuen. 1739ko martxoaren 13an erregeak Estatu Idazkari eta Ogasun Kontseilu-buru (gaur egungo Ogasun ministroaren pare) izendatu zuen[2]. Garai hartan kontu publikoen egoera oso larria zen. Iturralde ez zen gauza izan estatuko administrazioaren nahasmendua zuzentzeko, eta Ogasuna onbideratzeko asmoz hartu zituen neurri gogorrek kritika zorrotzak jaso zituzten[1]. Azkenik, 1740 urtarrilaren 13an kargua utzi zuen. Orduko, erregeak Murilloko markes titulua emana zion.

Juan Bautista Iturralde Manuela Munarrizekin ezkondu zen, eta ez zuten seme-alabarik izan (Iturraldek ezkontzaz kanpoko alaba bat, Maria Iturralde, izan zuen). Beren aberastasunaren zati bat hainbat fundazio (bai erlijiozkoak, bai pedagogikoak, bai laguntzazkoak) sortzeko baliatu zuten. Horrela, 1734an Iruñeko San Joan Bataiatzale ikastegia abian jarri zen, eta 1736an Arizkungo Aingeruen Andre Maria komentua[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Larrañaga, Luis F.,Juan Bautista de Iturralde y Gamioa, Auñamendi Eusko Entziklopedia, euskomedia.org
  2. a b c Cruz Mundet, José Ramón, Juan Bautista de Iturralde y Gamio: un asentista navarro en la corte de Felipe V, Príncipe de Viana, año 73, n. 255 (2012), pp. 205-260, navarra.es