Baztan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Nafarroako udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Baztan (argipena)».

Baztan

 Nafarroa Garaia
Ikuspegia, Ziga herriko Zigaurre auzoan dagoen Baztango behatokitik. Erdialde eta behealdean, Irurita eta Lekarozko ikastetxea, urrutirago Elizondo. Ezkerraldean, Lekaroz, eta eskuinaldean, Gartzain.
Ikuspegia, Ziga herriko Zigaurre auzoan dagoen Baztango behatokitik. Erdialde eta behealdean, Irurita eta Lekarozko ikastetxea, urrutirago Elizondo. Ezkerraldean, Lekaroz, eta eskuinaldean, Gartzain.
Baztango bandera

Baztango armarria

Izen ofiziala Baztan
Estatua
Erkidegoa
Merindadea
Espainia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Iruñeko merindadea
Alkatea Garbiñe Elizegi Narbarte (Bildu)
Herritarra baztandar
Koordenatuak 43°12′N 1°28′W / 43.200°N 1.467°W / 43.200; -1.467Koordenatuak: 43°12′N 1°28′W / 43.200°N 1.467°W / 43.200; -1.467

Navarra - Mapa municipal Baztan.svg

Eremua 376,8 km2
Garaiera 432 m
Distantzia 58 km Iruñera
Posta kodea 31700
Biztanleria 8.035 bizt. (2012)
Dentsitatea 21,32 bizt./km²
http://www.baztan.es/

Baztan[1] Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean dagoen udalerri eta ibar bat da, probintziako eta Euskal Herri osoko zabalena: 376,8 km². Haraneko erdigunea eta herri nagusia Elizondo da. Baztanen bilduta hamabost herri dira, baina ez da beren arteko mugarik eta denen artean administrazio eremu bakarra osatzen dute.

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri eta lurralde hauek ditu mugakide: mendebaldean Donamaria, Bertizarana eta Etxalar; hegoaldean Erroibar, Esteribar, Lantz, Anue eta Ultzama; ekialdean Baigorriko kantonamendua; eta iparraldean Urdazubi, Zugarramurdi eta Lapurdi hegoaldea.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztango Arizkun herria.

Baztango klima ozeaniko epela da, Cfb Köppen klima sailkapenaren arabera. Ezaugarri nagusia urte osoko prezipitazio ugariak izatea da. Batez beste 1.500 eta 2.200mm bitartean izaten dira, nahiz eta udalerriko gunerik menditsuenetan ugariagoak diren. Euri egunak 180 inguru izaten dira. Bestalde, aldaketa termikoa nahiko txikia da eta uda garaian ez da hilabete idorrik izaten. Urteko batez besteko tenperatura 10 eta 15 gradu artekoa izaten da.

Jatorrizko landaredia pagadiek osatzen zuten gune menditsuetan, hariztiak udalerriko haranetan zeuden, eta, gaztainondoak tarteko guneetan. Gizakiaren eragina dela eta, ordea, asko eraldatu da jatorrizko landaredi hori eta gaur egun 7.500 hektarea pagadi baino ez dira geratzen. Pagadiak hegoaldeko gune menditsuenetan hedatzen dira batez ere. Hariztiek, berriz, gizakiaren eragina gehien jasan zuten espezieak dira, asko bota dira eta, bai zura lortzeko bai nekazaritzarako larreak lortzeko. Birlandatutako zuhaitzek 2.100 hektarea hartzen dituzte (batez ere Otsondo-Alkurruntz eta Orabideko guneetan), Nafarroako azalerarik handienetakoa. Intsinis pinua, haritz gorria eta alertze japoniarrak erabili ziren birlandaketetarako[2] .

Datu klimatikoak (Amaiur, Baztan 1974-2009)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 22.5 25.0 28.0 30.0 34.0 38.0 40.0 41.0 38.0 31.5 26.0 21.0 41.0
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 10.7 11.8 14.3 15.4 19.4 22.2 24.2 24.8 23.0 19.2 14.0 11.5 17.6
Batez besteko tenperatura (ºC) 6.4 7.3 9.5 10.6 14.3 17.2 19.1 19.5 17.3 14.3 9.5 7.3 12.7
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -16.0 -12.0 -5.0 -3.0 0.0 3.0 5.0 5.0 1.0 -2.0 -8.0 -9.0 -16.0
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.0 2.7 4.6 5.7 9.1 12.1 13.9 14.2 11.6 9.3 4.9 3.1 7.8
Pilatutako prezipitazioa (mm) 200.0 178.4 192.2 204.2 167.2 98.5 93.0 100.7 136.3 176.6 223.0 218.5 1988.5
Iturria: meteo.navarra.es[3]


Estazio meteorologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorramendi mendiaren tontorrean, antzina militarren radar kokagunea izandakoan, itsasoaren mailatik 1.071 metrora, Nafarroako Gobernuak jarritako estazio meteorologiko bat dago[4].

Iruritako hiltegiaren ondoan bestalde, Espainiako Meteorologi Agentziaren (AEMET) beste estazio meteorologiko bat dago.[5]

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreka nagusia Baztan ibaia da, haranetik ateratzen denean Bidasoa deitzen zaiona. Iparmendebaldeko urak Orabidea errekak biltzen ditu, aurrerago Ugarana deitua eta Donibane Lohitzunen itsasoratzen dena. Aritzakun eta Urritzate errekak, Urbakuran elkartuta, Errobi ibaiaren adarra den Baztan erreka osatzen dute.

Mapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztango herrien zerrenda
Herria Biztanleria[6] Argazkia Herria Biztanleria Argazkia
Almandoz 211 biztanle (2010) Elbete 271 biztanle (2010) Elbete.JPG
Amaiur 284 biztanle (2010) Amaiur (pueblo).JPG Erratzu 490 biztanle (2010) Erratzu, Euskal Herria.jpg
Aniz 73 biztanle (2010) Aniz. Euskal Herria.JPG Gartzain 219 biztanle (2010)
Arizkun 610 biztanle (2010) Arizkun. Euskal Herria.JPG Irurita 848 biztanle (2010) Irurita. Euskal Herria.JPG
Arraioz 239 biztanle (2010) Jauregizarrea Arraioz.JPG Lekaroz 341 biztanle (2010) Lekarotz. Euskal Herria.JPG
Azpilkueta 176 biztanle (2010) Azpilikueta ikuspegia.jpg Oronoz-Mugairi 457 biztanle (2010)
Berroeta 123 biztanle (2010) Berroeta 3.jpg Ziga 196 biztanle (2010) Ziga. Euskal Herria.JPG
Elizondo 3.543 biztanle (2010) Elizondo Euskal Herria.JPG Denera (Baztan): 8.081 biztanle (2010)

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztandik hurbil, Urdazubiko Alkerdi eta Berroberrian, Goi Paleolitoko aztarna ugari aurkitu dira. Haranean 600 monumentu megalitiko (trikuharri, harrespil eta zutarri) baino gehiago katalogatu dira.[7][8]

Erromatarrek Novenpopulania probintzian sartu zutela uste da. XI. mendetik behintzat Iruñeko Erresumaren barnean zegoen. Elizaz, berriz, Baionako elizbarrutian egon zen, 1567an Iruñekoan sartu zuten arte.

Koroak, Antso VII.a Azkarraren erregealditik (1154-1234) bederen, zergak jasotzen zituen Amaiurko eta Ainhoako postuetan. Ez ordea laborarien petxak, Arizkunen eta Almandozen izan ezik. Hori dela eta, biztanle askok kapareen pribilegioen antzekoak zeuzkatela pentsatzen da.

XII. mendean Lapurdiko mugan Salbatore monasterioa kokatu zen, inguru hurbilean eragin handia izan zuena. Monasterioaren menpeko izan ziren Urdazubi eta Zugarramurdi herriek, auzi luzeen ondoren, bai Baztandik, bai mojengandik askatzea erdietsi zuten. Zugarramurdi 1667an bihurtu zen udalerri eta Urdazubi 1774an.

1393an Karlos III.ak elizondarren kaparetasuna onartu zuen. Haren ondoregoek, Blanka eta Joanes II.ak, zerriak mendian bazkatzeagatik petxak kobratu nahi izan zituzten. Horren aurka Haranak Kontuen Ganbarara jo eta auzia irabazi zuen. Horren ondoren Vianako Printzeak baztandarren kaparetasuna onartu zuen.

Arizkungo Urtsua jauregia, Pedro Urtsua esploratzaile eta militarraren jaiotetxea, baita Urtsua leinuaren dorretxea ere.

XIV. mendetik aurrera populazioa azkarki emendatu zen. Bi arrazoi izan ziren horretarako: baliabide naturalen ustiapen handiagoa eta, batez ere, kapare izateak baztandarrentzat zekarren onura.

1522an, Amaiurko gazteluan, Henrike II.a Nafarroakoaren aldekoek Gaztelako Erresumaren aurkako azken erresistentzia borroka egin zuten.

1665ean Amaiur Baztandik bereizi zen eta hala jarraitu zuen 1969an itzuli zen arte.

Mugatik hurbil egonik, Espainiaren eta Frantziaren arteko gerren ondorioak pairatu zituen, latzenak Hogeita Hamar Urteko Gerrakoak eta Frantziako Iraultzako Gerretakoak.

Lehen Gerra Karlistan Elizondoko Arizkunenea jauregia Karlos Maria Isidroren egoitza izan zen (1834). 1835ean, Ziga eta Elizondoko gatazken ostean, Espoz y Mina jeneralak Lekaroz herriari su eman eta herritar andana fusilatu zuen. Hiru etxe eta eliza baino ez ziren erre gabe gelditu. Hirugarren Gerra Karlistan Arsenio Martínez-Campos buru zuten liberalak Arxuriko guduan nagusitu ziren, gerrari amaiera emanez[9].

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzak (zuhainak, fruta-arbolak) ez du garrantzi handirik; abeltzaintza (behiak eta ardiak), zerbitzu sektorea (administrazioa, irakaskuntza, osasuna, merkataritza, ostalaritza) eta industria (zurgintza, elektrizitatea, harrobi eta marmol-hobiak, elikagaiak) eta eraikuntza dira udalerriko ekonomi jarduera nagusiak.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sagar-dantza Arizkunen, 2008

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hango hizkuntza naturala, historikoki, euskara da (eskuara esaten dute han). Koldo Zuazo dialektologoaren arabera, lehenik Koldo Mitxelenak, Salaburuk eta bertze zenbaitek garbi utzi bezala, herri baztandar gehienetan nafar-lapurtera eta nafarreraren arteko mintzaira erabiltzen da, Oronoz-Mugairin baizik ez, han nafarrera hutsean egiten baitute. Baztango hizkera Mariano Izetak eta, batez ere, Pello Salaburuk aztertu dute.

Gaur egun biztanleen %77,22 euskaldunak dira (2008).

Laxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laxoa pilota jokoaren aldaera bat da, gaur egun jokatzen direnen artean aldaerarik zaharrena. XX. mendean erabat galdu zen, baina, gaur egun, Baztanen eta Malerrekan jokatzen da, 1960ko hamarkadan egindako berreskuratze ahaleginari esker; berreskuratze horretan, erabakigarria izan zen Jesus Jaimerena iruritar apaizaren lana.[10][11] Nafarroako Gobernua laxoa kultura ondasun izendatzea aztertzen ari da.[12]

Museo etnografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jorge Oteiza - Baztango Museo Etnografikoa Elizondoko herrigunean kokatuta dago, Puriosenea izeneko hiru solairuko etxetzar batean. Landa edo baserri mundua eta XIX. mendeko folklorea, jantziak eta musika erakusten ditu.

Dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutil-dantza, irri-dantzak edo jostaketakoak eta sagar-dantza hango adierazgarrienak dira.

Baztandarren Biltzarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haran osoko jai nagusia da, uztailero ospatzen dutena 1963tik. Bertan, Baztango 15 herriek beren karrozak eramaten dituzte Elizondoko karriketan, jantzi tradizionalak eta abar erakutsiz. Bazkaldu baino lehen, plazan mutil-dantza jendetsua egiten dute.

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Baztango Kirol Taldeak (BKT). 1988an sortutako emakume eskubaloi kluba[13].
  • C.D.Baztan. 1941-42an sortutako futbol kluba. Txikien, kimu, haur, kadete, gazte eta heldu taldeak ditu. 2011-2012 denboraldian helduak Nafarroako preferente mailan ariko dira[14].
  • Baztan Rugby Taldea (BRT), 1978an sortua[15], Lehenbiziko maila nazionalean dagoena. Lekarozko ikastetxean dagoen errugbi zelaian jokatu ohi du.
  • Txaruta Pilota Elkartea.
  • Laxoa Elkartea. Baztan eta Malerrekan Laxoa eta Paxaka txapelketak antolatzen dituena.
  • Baztango Mendigoizaleak. 80. hamarkadan sortua[16].
  • Amaiurko Sokatira Taldea. 2010eko Munduko Txapelketan azpitxapeldun izan zen 560 kiloko kategorian[17]
  • Basaburuko Herri Kirol Taldea.

GR 11 ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioetako hegoaldeko isurialdea aldenik zeharkatzen duen GR 11 ibilbidea udalerri honetatik igarotzen da.

Continuidad GR.svg GR 11 ibilbidea Dirección equivocada GR.svg


Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztango biztanleria
1897 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2006 2010
9.150 9.295 9.232 9.345 9.689 9.776 9.219 9.282 9.052 8.244 7.959 7.501 7.750 8.081

2008ko erroldaren arabera, 455 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %5,80 (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Administrazioa eta politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007ko udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztango alkatea Nafarroa Bai koalizioko Virginia Aleman Arraztio atera zen 2007ko udal hauteskundeetan, Baztango udaleko hamahiru zinegotzietatik zazpi lortu zituen, eta, hortaz,gehiengo osoa udalean.

Ezker abertzalearen zerrenda Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzi zuen. Baliogabeko botoak 780 izan ziren (emandako guztien %16,80) eta 147 boto zuri izan ziren (botoen %3,81). Abstentzioa %37,02koa izan zen.

2011ko udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UPN eta Bilduk bosna zinegotzi atera zituzten. Lehena zerrendarik bozkatuena izan bazen ere, Baztango Ezkerrak (I-Etik hurbil[18], 2 zinegotzi) Bilduko Garbiñe Elizegiri eman zioten botoa eta honek eskuratu zuen alkatetza[19]. NaBai 2011k abstentziora jo zuen. PSNk ez zuen hautetsirik lortu.

Baztango Udala (2011)
Alderdia Botoak Zinegotziak
UPN 1.524 5
Bildu 1.487 5
Baztango Ezkerra 817 2
Nafarroa Bai 2011 388 1
PSN 196 0

Alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkateen zerrenda
1979-1983
1983-1987
1987-1991
1991-1995
1995-1999
1999-2003
2003-2007 Virginia Aleman Arraztio EA
2007-2011 Virginia Aleman Arraztio Nafarroa Bai
2011- Garbiñe Elizegi Narbarte Bildu


Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun udaletxea ezartzen den gunea, Urdazubiko monasterioaren jabetza izan zen XVII. mendearen amaierara arte. Eraikinak estilo barroko-klasikoa dauka eta inguruko harri gorri ilunezko fatxada dauka. 1986 eta 1987. urteen artean eraikina erabat zaharberritu zen, bai barrutik zein kanpotik, eta 63 milioi pezeta inbertitu ziren.

Udaletxea alkatea eta hamalau zinegotzik osatzen dute.

  • HELBIDEA: Foruen Plaza z/g

Zinpeko alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztan osatzen duten 15 herriek zinpeko-alkate bana dute. Zinpeko alkateak eguberri aurreko igandean hautatzen dira bi urteko agintaldirako.

Batzar Nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztango administrazio erakunde gorena da. Bere eginkizun nagusia herrilurrak (azaleraren %84) zaindu eta gobernatzea da. Batzar Nagusia honako hauek osatzen dute: Udaleko alkateak, hamabi zinegotziek, hamabost herrietako alkateek eta lau junteroek (Baztango Unibertsitateko kuartel bakoitzetik bat). Kuartelak hauek dira: Baztangoiza (Amaiur Arizkun, Azpilkueta, Erratzu), Elizondo (Elbete, Elizondo, Lekaroz), Erberea (Arraioz, Gartzain, Irurita, Oronoz-Mugairi) eta Basaburua (Almandoz, Aniz, Berroeta, Ziga). Urtean lau ohiko bilkura egiten ditu.

Ordenantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Arotik Baztango gobernuaren oinarria izan dira. Bertan arautzen dira, besteak beste, herrilurren erabilera, batzarrak, herrietako alkateen izendapena eta eskumenak, auzolanak eta Batzar Nagusiaren antolakuntza.

Batzarrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzokoen bilera da, haraneko 15 herrietako bakoitzean egiten dena. Bertan aztertzen dira herrian zein Baztanen interes publikoa duten gaiak.

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiegitura eta garraioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Burundesa autobus konpainiaren Donostia eta Iruñea bitarteko lineak geltokia dauka Baztango Almandoz herrian. Maiztasunak aldakorrak dira, baina gutxinez bi zerbitzu izaten dira norabi bakoitzean egunero. Lineak honako ibilbidea egiten du:

La Baztanesa autobus konpainiak Erratzu-Iruñea, Erratzu-Donostia eta Iruñea-Hondarribia-Donostia lineak betetzen ditu.

Baztandar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpilkueta herriko Apaioa auzoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, 155. araua: Nafarroako udal izendegia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0155.pdf .
  2. Baztango zuhaitzak eta animaliak Baztan.es
  3.   Amaiurko estazioko balio klimatologikoak, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentua. Nafarroako Gobernua, http://meteo_eu.navarra.es/climatologia_eu/fichasclimaticas_estacion_eu.cfm?IDEstacion=166. Noiz kontsultatua: maiatza 2, 2012 .
  4. Gorramendiko estazioko balio klimatologikoak Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
  5. Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
  6. INEbase / Nomenclátor. Relación de unidades poblacionales
  7. Nafarroako toponimia eta mapagintza LII-1-2-3, Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi, Nafarroako Gobernua, 1998.
  8. Gran Enciclopedia Navarra, Caja de Ahorros de Navarra, 1990.
  9. Baztan Auñamendi Eusko Entziklopedia
  10. Tiburcio Arraztoa (2010): Laxoa, la pelota en la plaza, Cenlit Ediciones. ISBN 84-96634-60-4.
  11. «Bitxikeriak», Doneztebeko Udalaren webgunean. Eskuratze data: 2011-01-13.
  12. (Gaztelaniaz) «12 localidades de Baztan-Bidasoa, dentro de la Ruta de la Pelota», Jauregia landa turismoko etxearen webgunean.
  13. Baztango Kirol Taldeak
  14. C.D.Baztan
  15. XABIER XOUBELET: Los primeros años del BRT. Diario de Noticias.
  16. Baztango Mendigoizaleak
  17. Ttipi-Ttapa: Munduko Sokatira Txapelketan azpitxapeldun izan da Amaiur
  18. I-E llama a "sumar" todas las izquierdas frente a UPN, Diario de Noticias, 2011ko maiatzaren 10a.
  19. Herri galdeketak egingo ditugu, Gara, 2011ko ekainaren 11.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Baztan Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa