Caracasko Gipuzkoar Konpainia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gipuzkoar Konpainiaren eraikina La Guaira udalerrian, Vargas estatua (Venezuela).

Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia, Caracasko Gipuzkoar Konpainia edo Gipuzkoar Konpainia (gaztelaniaz sortua, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas edo Compañía Guipuzcoana izenarekin zen ezaguna bere garaian) izan zen 1728tik 1785. urte arte jardun zuen gipuzkoar merkataritza-konpainia bat. Venezuelarekiko merkataritzaren monopolioa izan zuen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1728ko irailaren 25an Filipe V.a Espainiakoak emandako errege zedula baten ondorioz sortu zen. Koroak, merkataritzan aritzeko baimena ez ezik, kortso zeritzan agiria ere eman zion Caracasko Gipuzkoar Konpainiari; hots, gobernuaren babesean kortsario gisa erasoaldiak egiteko baimena eman zion, horixe baitzen kortso agiri hura.[1]

Gipuzkoako handikiek —Frantzisko Xabier Munibe Peñafloridako kondea buru zutela— sortu zuten, Donostiako merkatariak akzioen bidez Venezuelarekiko trafikoan ari zitezen. Gisa honetako lehen erakundea izan zen Espainiako estatuan. Gipuzkoako Batzar Nagusien onarpena eta laguntza jaso zituen erakundea sortzeko erabakiak.

Gipuzkoako konpainiari eman zitzaion Venezuela, Cumaria, Trinidad, Guaiana eta Margaritarako trafikoaren monopolioa (kakaoa, kontrabandoaren aurkako aginpide bereziak eta legez harrapaturiko ontzietako guztia gordetzeko ahalmena), baita eskubidea ere Venezuelaren eta Pasaiaren arteko joan-etorria zuzenean egin ahal izateko (joatean Cadiztik igaro gabe, hain zuzen). Hasieran, ez zuten akzio askorik saldu (akziodun nagusietakoa erregea bera izan zen), baina izandako mozkinek eta ondoren eginiko inbertsioek guztiz elkarte ahaltsua bihurtu zuten.

Gipuzkoak eta, batez ere, Donostiak, urte oparoak izan zituzten: bertako burdingintza eta armagintza suspertu ziren, Donostia merkataritza leku garrantzitsu bihurtu zen, eta Pasaia lehen mailako portu. XVIII. mendearen erdialdean hasi zen Gipuzkoako konpainiaren gainbehera: Venezuelako kakao egileen haserreak (monopolioak kakaoa merke saltzera behartzen zituen), ingelesen erasoek eta Europako merkatari enpresa handien lehiak ekarri zuten egoera hori.

1751. urtean Gipuzkoako konpainia Madrila aldatu zen, eta ordu arteko hiruko euskal zuzendaritza batzordean espainiar bat egotea agindu zuen Erregeak. Gobernuak merkataritza librea aldarrikatu zuen 1778an, eta 1785ean desagertu zen Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Bertako ekaiak Ameriketara eramateaz gain eta kakaoa eta kolonietako beste gai batzuk ekartzeaz gain, esklaboen salerosketan jardun zuen Gipuzkoako konpainiak.

1782an eta 1783an, Konpainiak Herbehereetako ikurrarekin egin zituen bidaiak.[1] 1785ean, Filipinetako Konpainia bilakatu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Miguel Artola: «III Zoriaren gurpila: 1700-1864», Donostiaren historia, Donostiako Udala, 2001.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]