Juan Eugenio Hartzenbusch

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Juan Eugenio Hartzenbusch

Espainiar idazlea (Madril, 1806 - 1880). Aita alemaniarra zuen, lanbidez zurgina. Liberal zelako salaketapean, aitaren ondasunak konfiskatu zitzaizkion 1823an, eta hargatik Hartzenbuschek ikasketak eta zurgin-lanak aldizkatu behar izan zituen. Hitz neurtuzko antzerki-lanak egiten aritu zen gehienbat. Erabat antzerki erromantikoaren barruan, Los amantes de Teruel (1837, Teruelgo maitaleak) obrak arrakasta handia lortu zuen. Drama historikoaren ildo horretatik beste obra batzuk egin zituen: Doña Mencía (1839), Alfonso el Casto (1841), La jura de Santa Gadea (1845, Santa Agatako zina), idazlearen ustez bere lanik aipagarriena. Bere garaiko frantses antzerkiaren egituraz baliaturik, aztikeriazko komediak ere ondu zituen: La redoma encantada (1839), Los polvos de la madre Celestina (1840). Zarzuela, vaudevillea eta sainetea landu zituen. La visionaria (1840), La coja y el encogido (1842), Juan de Viñas (1844) lanetan, bizitasun eta errealismo handiz, ohiturak izan zituen kontagai. Arrakasta handia lortu zuen Fábulas (1848, Alegiak) poema-bildumarekin. Bestalde, Hartzenbuschen literatura obrak beste alderdi batzuk ere baditu: azterketa kritikoak; itzulpenak; ohiturazko artikuluak; Espainiako teatro klasikoaren argitalpenak; kontakizunak. Espainiako Errege Akademiako (Real Academia Española, RAE) kidea (1847) eta Espainiako Nazio Liburutegiko zuzendaria (1862) izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Eugenio Hartzenbusch Aldatu lotura Wikidatan