Juanita Arenaza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juanita Arenaza

Bizitza
JaiotzaArrasate1923ko otsailaren 20a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaMexiko Hiria2015eko urriaren 27a (92 urte)
Jarduerak
Jarduerakpilotaria
Pilota
 
Izengoitia(k)Olga

Juanita Arenaza Velasco "Olga" (Arrasate, Gipuzkoa, 1923ko otsailaren 20aMexiko, 2015eko urriaren 27a) erraketista profesionala izan zen. Ia hogeita hamar urtez izan zuen ogibide pilota.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusebio Arenaza Paparbaltz aretxabaletarra eta Maurina Velasko palentziarra Arrasatera ezkondu ziren 1921ean eta bertan jaio ziren Juanita (1923), Margarita (1925), Amparo (1933) eta Jose Luis (1939) seme-alabak. Laurak kirolariak izan ziren: neskak erraketistak eta mutila Arrasateko Juventud Deportiva Mondragoneko futbolaria. Aitak Unión Cerrajeran egiten zuen lan eta amak egunkariak – besteak beste, “El socialista”- saltzen zituen Portaloiko kiosko batean.

Juanitak Viteriko eskolan ikasi zuen eta ikasle aplikatua zenez gero, etxean Madrilera bidali zuten, goi ikasketak egin zitzan. Madrilen harrapatu zuen 1936ko uztailaren 18ko altxamendu faxistak eta etxerako bidean jarri zen. Elorrion egin zuen Juanitak bat bere bi ahizpekin, 11 eta 3 urtekoak, eta izeba baten laguntzarekin Santurtzitik “Habana” itsasontzian Frantziara ihes egin zuten. Erbestean hilabete batzuk eman ondoren, Arrasatera itzuli ziren eta gerra amaituta Juanita Madrilera joan zen berriro bizitzari aurre egiteko eta izeba baten etxean geratu zen. Unibertsitatera sartzeko aukera gutxirekin frantsesa ikasteari ekin zion. Oso une latzak ziren alde guztietatik eta gabezia handia pairatzen zuten etxe hartan.[1]

Erraketistak

Erraketista ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hartan Madrileko “Txiki Jai” frontoian Mirentxu Arenaza lehengusina ari zen erraketista eta Juanita hura ikustera joaten hasi zen. Eta hara non, Arrasateko Zaldibar frontoian gerra aurretik bereganatutako trebezia erraketari aplika ziezaiokeela iruditu zitzaion, eta Mirentxuk utzitako erraketarekin ekin zion entrenatzeari.

Erraketa izan nuen salba ohola eta ordudanik erraketista profesionala izan naiz. Ordu asko eta partidu ugari jokatu behar genituen Madrilen jan ahal izateko. Berrehun pezeta kobratzen genituen hilero eta kinieletatik ere portzentaje bat ematen zitzaigun. Baina ez pentsa, erraketa bakoitzak 50 pezeta balio zuen, eta gainerako gastuak ere gure kontura ziren. Ozta-ozta ateratzen nuen bizitzen jarraitzeko.

Mutrikuko Balendin Zumalabe fabrikatzaile ospetsuaren erraketak ziren Madrilen erabiltzen zituenak. Baina jokoaren intentsitatearekin erraketaren hariak erraz apurtzen ziren eta berriak jarri behar izaten zituzten pilotariek eurek. Arkume-tripazkoak ziren hariak eta Juanitak erraketak konpontzen ikasi zuen. Pilotak, berriz, larruzkoak ziren, hariz beteak.

Debuta 1941ean egin zuen, Anoetako Julita Berazarekin batera. Juanitak izena aldatu behar izan zuen, izen bereko beste bost kirolari baitziren eta Olga aukeratu zuen, kirol deitura. Bere lehen partidu profesionalean egundoko ezustekoa jaso zuen, 30-5 irabazi baitzuten. Bera pozik atera zen kantxatik, baina intendentea haserre joan zitzaion, oso gaizki egin zuela aurpegiratuz. “Nola gaizki?” erantzun zion Olgak, harrituta, “Hogeita bost tantoko aldea atera diet” Eta intendenteak: “Horregatik … 30-29 izan behar zuen!” ihardetsi zion.

Hamar urte egin zituen Madrileko Madrid, Txiki Jai eta Rosales frontoietan lehian, arratsaldez eta askotan, baita gauez ere. Partidu bakar bat jokatu zuen Justi Arenaza “Vasquita I” bere lehengusinarekin.[1]

“Madrilen ezkondu nintzen, bi seme nituen eta Mexikora joateko aukera aurkeztu zitzaidan. Ni ordurako estelarista nintzen frontoian, hau da goi mailako partiduak jokatzen nituen eta beste neska euskaldun batzuekin Mexikoko Metropolitano frontoira jo genuen. Soldata 2.000 pesokoa zen eta horri gehitzen genion kinieletako portzentajea. Ondo irabazten genuen, bai. Baina gastuak ere halakoak genituen! Mexikon oso talde handia ginen erraketistak, gehienak euskaldunak, katalanak eta andaluziarrak. 1952an heldu nintzen Mexikora eta bisitatu nuen aurreneko pertsonaietakoa Felix Aranburu Zabala eskoriatzarra izan zen, ordurako Mexikoko gizonik aberatsenetakoa genuena, garagardoaren negozioarekin. Senitartea nuen Felix eta gogoratzen dut errieta egin zidala, euskara ahaztua nuelako” “Nire lehen partidua Mexikon Mirentxu Galdos “Eskoriatza”rekin batera jokatu nuen. Frontoiko intendentea Markue genuen eta oso gizon zorrotza zen. Erraketista gehienei euskaraz hitz egiten zien. Erraketak ez ziren berdinak Mexikoko altuerarengatik edo. aurki apurtzen baitziren Madrilekoen modukoak. Sendoagoak ziren. Eta bestalde, nylona sartu genuen kordak prestatzeko. Ni izan nintzen lehena, eta benetako iraultza gertatu zen. Nylonarekin kolpeak biolinaren soinua zirudien. Markue txundituta utzi nuen nylonaren eragina erakutsi nionean”

Juanita, Olga karteletan. Metropolitano eta Colon frontoietan aritu zen. Oso pilotari garrantzitsua izan zen erraketisten artean eta goi titularrak irabazi zituen Mexikoko medioetan. “La Olga de antes” titulatzen zuen egunkari berak 1963ko urriaren 6an, arrasatearraren lesio baten ondorengo debutari buruz ari zela.

Frontoitik at[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frontoietako bere ibilbide profesionalean Olgak ezagun asko egin zituen Mexikoko pertsonaien artean. Jorge Negrete abeslaria eta Mario Moreno “Cantinflas”, besteak beste. Olga eta beste erraketista batzuk azken horren errantxora joaten ziren, aktoreak frontoi bat baitzeukan eta bertan erraketa partiduak izaten ziren. Gustavo Diaz Ordaz errepublikako presidente izan zenarekin ere adiskide harremanak izan zituen Olgak. Baina pertsonaia publiko guztietatik gehien maite izan zuena Raphael abeslaria, zalantzarik gabe.[1]

Erraketari agur[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olga 1970ean erretiratu zen kantxetatik, ia-ia hogeita hamar urtez ogia pilotatik irabazi ondoren.

“Erretiratu nintzenean, 500 peso, hiru seme-alaba, txakur bat eta bi neskame besterik ez nuen. Eta beste ofizioren bat ikasi behar izan nuen. Zorionez, seme-alabak aurrera atera ahal izan nituen, horixe baitzen garrantzitsuena. Seguritate Sozialik gabe jokatzen genuen frontoian, gure profesioa ez baitzen sartzen espektakuluetako sektore ofizialean, nahiz eta Jorge Negrete sektoreko presidenteak eta “Cantinflas” idazkariak hamaika bider agindu zidaten erraketistak integratuko zituztela sindikatuan. Hitzak hitz”

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2018an Arrasateko Udal Kirol Sailak, “ArraSasoi: Hamabi hile, Hamaika gai” ekimenaren barruan Emakume Erraketistei buruzko hainbat ekitaldi antolatu zituen; Erakusketa, Dokumental emanaldia eta erakustaldi partida. Kirol horretan protagonista izan ziren lau arrasatear gogoan. Justi Arenaza, Miren Arenaza, Juanita Arenaza eta Margarita Arenaza.[2]
  • 2018an Arrasateko emakume erraketistak omendu zituzten Uarkape frontoian.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Mendizabal, Josemari Velez De. (irailak 30, 2015). «HOTS BEGI DANBOLINAK: ARRASATEKO ARENAZA SENDIA, RAKETISTAK (1/2tik)» HOTS BEGI DANBOLINAK (Noiz kontsultatua: 2022-10-27).
  2. «Emakume Raketistak. Iragana eta Etorkizuna» Arrasateko Udala (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
  3. «Arrasateko emakume raketistak omendu dituzte Uarkape frontoian - Arrasate» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]