Kirenia mendikatea

Koordenatuak: 35°16′59″N 33°32′02″E / 35.283°N 33.534°E / 35.283; 33.534
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kirenia mendikatea
Datu orokorrak
Mendirik altuenaKyparissovouno (en) Itzuli
Garaiera662 m
Motamendikate
Luzera160 km
Geografia
Map
Koordenatuak35°16′59″N 33°32′02″E / 35.283°N 33.534°E / 35.283; 33.534
Geologia
Material nagusiakareharri
Ipar Zipreko bandera margotua.

Kirenia mendikatea (grezieraz: Κερύνειο Όρος, Kerýneio Óros turkieraz: Girne Dağları), Zipre uhartearen iparraldeko itsasertz guztia hartzen duen mendikate luze eta estua da. Kareharrizko mendikatea da, tartean marmola ere badu, eta Ipar Zipreko Turkiar Errepublikari dagokio. Mendikateak Pentadaktylos (grezieraz: Πενταδάκτυλος, turkieraz: Beşparmak) izena ere hartzen du, erreferentziazko mendiak "bost hatz"-en itxura baitu[1]. Mendirik altuena Kyparissovouno (1.024m) da[2].

1995ko uztailean izandako sute handi batek Kirenia mendietako zati handi bat erre zuen, basoak eta habitat natural ugari suntsituz[3].

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Permiar eta Miozeno erdialdeko aroetan Afrikako eta Eurasiako plaka tektonikoen artean izandako talkaren ondorioz sortu zen Kirenia mendikatea. Troodos mendikatearen garaierarik ez badu ere oso malkartsua da. Mendikate bien artean Mesaoria lautada zabaltzen da[4].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasertzean egonik eta izaera malkartsua izanik dorreak eta gazteluak eraikitzeko ingurune aproposa izan dira antzinatik. Bizantziarrak V. mendean hasi ziren gazteluak eraikitzen eta Lusignandarrek jarraitu zuten. San Hilarion gaztelua, Buffavento gaztelua eta Kantara gaztelua bata bestearen jarraian eraiki ziren Kirenia mendikatea gotortzeko[5]. Itsasotik zetozen mehatxuei aurre egiteko helburua zuten, bai eta Kirenia eta Nikosia hirien arteko mendiko pasabideak kontrolatzeko ere. Gaur egun gaztelu guztiak hondarretan aurkitzen dira.

Otomandarrek XVI. mendean Kirenia konkistatu zutenean auzo kristauak suntsitu zituzten eta hango biztanleek Kirenia mendietan hartu zuten babes[6].

Bandera erraldoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiarrek 1974. urtean Zipre iparraldea inbaditu zuten eta Nikosia hiriaren erdia ere berenganatu zuten. Kirenia mendikatearen hegoaldeko maldetan, Nikosiatik ongi ikusteko moduan, Ipar Zipreko bandera erraldoi bat margotu zuten. 425 metro luze eta 250 metro zabal da eta gauek argiztatu egiten dute[7].

Mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako hauek dira Kirenia mendilerroko mendi altuenak[8]:

  1. Kyparissovouno edo Selvilitepe (1.024 m)
  2. Trypa tou Vounou (885 m)
  3. Yailas (870 m)
  4. Prophitis Elias (869 m)
  5. Pendadhaktylos (431 m)

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Spilling, Michael. (1999-10). Cyprus. Marshall Cavendish ISBN 978-0-7614-0978-6. (Noiz kontsultatua: 2020-11-23).
  2. (Ingelesez) «Kyparissovouno | mountain, Cyprus» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-11-23).
  3. «Fire in Kyrenia Mountains in July 1995 - North Cyprus» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-11-23).
  4. (Ingelesez) Gillespie, Rosemary; Gillespie, Rosemary G.; Clague, D. A.. (2009). Encyclopedia of Islands. University of California Press ISBN 978-0-520-25649-1. (Noiz kontsultatua: 2020-11-23).
  5. «St Hilarion Castle, North Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-11-23).
  6. (Turkieraz) Girne Hakkında – Girne Üniversitesi. (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).[Betiko hautsitako esteka]
  7. (Ingelesez) «Turkish flag on Mount Pentadaktylos» www.europarl.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2020-11-23).
  8. «Keryneia mountains list | peakery» peakery.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]