Kon Ichikawa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu


Japoniar zinema-zuzendaria (Ise, Mie eskualdea, 1915 - Tokio, 2008). 1933an, Kiotoko J.O. estudioetako animazio-sailean hasi zen lanean, eta panpina artikulatuak filmatzeko teknika ikasi zuen han. Gero, zuzendari-laguntzaile gisa lanean hasi, eta Tokiora joan zen. Han, Natto Wada gidoigilea ezagutu eta esposatu zuen. Lan asko egin zuten elkarrekin, eta Nattok idatzi zizkion bere filmetarako gidoirik onenak. 1946an hasi zen filmak zuzentzen, baina 1956an egin zuen lehen maisulana: Harpa birmaniarra, budismo-kutsuko gerraren aurkako filma; arrakasta handia izan zuen nazioarteko zinema-jaialdietan. 1959an, gai berari heldu zion film are gogorrago batean. Sua lautadan (1959) zuen izenburua film hark, eta Filipinetako gerraren miseriak kontatzen ditu oso modu gordinean. 1963an, Antzezle baten mendekua egin zuen, eta 1965ean Tokioko Olinpiar Jokoak, joko haietako film ofiziala. 1980ko hamarkadan, zenbait film egin zituen gazteentzat, esate baterako, Horda basatiak (1980), komiki ezagun batean oinarrituta eta irudi erreala eta marrazki bizidunak nahastuz, eta Ilargiko printzesa (1987), herri-ipuin batean oinarritua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kon Ichikawa Aldatu lotura Wikidatan