Krabelinen Iraultza

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Grandolako udalerrian dagoen monumentua.

Krabelinen Iraultza edo Revolução dos Cravos estatu-kolpe militar bat izan zen, 1974ko apirilaren 25ean gauzatua Lisboan, baina 1926tik Portugalen zegoen erregimen politikoa edo diktadura amaitzeko balio izan zuena. Orduko gobernuaren aldeko armadak erresistentzia handia ez zuen erakutsi soldadu matxinoen aurrean.

Oliveira Salazar diktadoreak hasitako eta Marcello Caetanok jarraitutako agintaldi luzea (ia 50 urte) bertan behera utzi zuten matxinoek egun hartan, herritar gehienen sostenguarekin. Bat egin zuen denboran Portugalgo Inperioaren gainbeherarekin, eta mugimendu komunistak eta sozialistak bultzatuta egon zen batik bat.

"Grândola Vila Morena" Jose Afonsoren abestiak markatu zuen lehenengo mugimenduen hasiera, Rádio Renascença izeneko irratiak herrialde osora zabalduta.

Krabelina, bestela, gertaera haien ikur bihurtu zen kalera irten ziren herritarrek soldadu matxinoekin bat egin ondoren, eta soldaduok banan-banan lore horiek paratu zituztenean euren fusilen ahoetan, bakearen sinbolo moduan.

Testuinguru politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonien auzia konpondu ez izana dago diktadura amaiarazi zuen mugimenduaren oinarrian. Antonio de Spínola jeneral entzutetsuak –Portugal eta etorkizuna liburuaren egilea, non kolonietako gerraren amaia iragartzen zuen, eta metropoliaren eta kolonien arteko federazio baterako igarobidea proposatzen–, hartu zuen Gaetano postutik kendu zuen estatu-kolpearen buruzagitza (1974ko apirilak 25). Spínolarekin politikagintzaren askatasuna berrezarri zen, amnistia bat dekretatu zen eta autodeterminazio-prozesuak eskaini zitzaizkion koloniei.

Alabaina, egoera soziekonomiko zailak eta egoera politiko larriak berak iraultza-prozesu nahasi bat jarri zuten abian, protagonista talde militarrak izan zituena. Hala, militar erradikalen presioak Spínola kargutik kendu zuen, haiek baitziren gehienak armadan, eta Costa Gomes jeneralak hartu zuen haren lekua. Taldeen arteko gatazkak eta barne-gatazkak izan ziren aldi iraultzaile honen ezaugarria, eta orobat militarren eta alderdi politikoen arteko areriotasuna.

1975eko apirileko hauteskundeetan, Mario Soares sozialista izan zen garaile (% 37,8), Sa Carneiroren erdi-eskuinaren (% 26,5) eta Alvaro Cunhalen komunisten aurretik (% 18,5). Hala eta guztiz ere, ez ziren amaitu militarren eta alderdi politikoen arteko arazoak, eta era horretan, komunistek, ez baitzeuden ados prozesu iraultzailearekin, armadan zituzten aldekoen presiora jo zuten.

Azkenean, Indar Armatuen Mugimenduak baretu zuen nagusitasun zibila, eta era horretan itun konstituzioegile baten aldeko bidea zabaldu zen, hain zuzen ere 1976ko apirileko konstituzioa ekarri zuena. Hala eta guztiz ere, politika ez zen erabat normalizatu, baina bideratu ahal izan ziren egoera ekonomiko zailari aurre egiteko moduko konponbideak (% 34ko inflazioa, ordainketa-balantza oso defizitarioa, emigratzaile asko Europako gainerako herrietan, industriaren bultzadaren beharrean zegoen ekonomia…).

Bitartean, 1975tik aurrera, independentzia lortu zuten koloniek.

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Krabelinen Iraultza

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]