Lankide:Anatomia III 5.mahaia/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Enbor zeliakoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enbor zeliakoa abdomen aortaren aurreko aurpegitik ateratzen den lehenengo adarra da. Errai batzuk odoleztatuko ditu digestioarekin erlazionatutakoak, errai zeliakoak deituak: gibela, urdaila,duodenoaren hasierako zatia, pankrea eta barea. Gainera, hestegorriaren abdomeneko zatia eta behazun xixkua ere odoleztatuko ditu.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enbor zeliakoa abdomen aortak ematen dituen erdiguneko errai adarren lehenengo adarra da, zeina abdomen aortaren aurreko aurpegitik adarkatzen den,diafragmaren azpitik, T12 orno mailan, hain zuzen ere. Gainontzeko bi erdiguneko errai adarrak  goiko mesenterio arteria, enbor zeliakoa baino 1cm beherago sortzen dena, eta beheko mesenterio arteria, L3 eta L4 mailetan sortzen dena, dira. Bi arteria hauek, enbor zeliakoak bezala, digestioaren erlazionaturiko erraiak odoleztatuko dituzte.

Enbor zeliakoak sortu bezain pronto, omentu txikiaren barruan, 3 adar nagusi emango ditu: Gibel-arteria batua (gibelerantz zuzentzen dena), ezkerreko urdail-arteria (urdailerantz zuzentzen dena) eta bare-arteria (3 arterien artean potoloena eta luzeena).

Adar nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gibel arteria batua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A12.2.12.015 Gibel arteria batua[1]

Eskuinerantz zuzentzen da, eta sortu bezain pronto piloro aldean bi adarretan adarkatzen da.

Gibelaren berezko arteria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortu bezain laster eta gibelean sartu aurretik, eskuineko urdail arteria edo piloro-arteria emango du. Piloroaren parean sortzen da eta ezkerrerantz zuzenduko da, urdailaren makurdura txikia jarraituz. Aurrerago sakonduko den ezkerreko urdail arteriarekin anastomosatuko da. Ibilbidean zehar adartxoak emango ditu piloroaren aurreko zein atzeko eremuak odoleztatzeko. Gibelaren berezko arteria gibel duodenotako lotailuan sartuta dago eta gibelaren pedikuluan sartzen da,gibel hodi batuaren eta porta zainaren artean kokatuz, hain zuzen ere. Gibelean sartu aurretik bi adar ematen ditu: eskuineko eta ezkerreko gibel arteriak. Hauek gibelean sartzean, segmentu arterietan banatuko dira gibelaren segmentu guztiak odoleztatzeko. Eskuinekotik arteria kistikoa sortzen da, zeina behazun xixkura joango den, gibelean sartu gabe.

Urdail-duodenoetako arteria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gibel arteriaren adar hau beherantz zuzentzen da eta piloroaren atzetik igarotzen da. Adarrei dagokienez, lehenik duodeno-gaineko arteria(k) emango du (adar bakarra edo adar batzuk izan daitezke). Ondoren, duodenoaren atzealdean goi atzeko pankrea-duodenotako arteria  eta goi aurreko pankrea-duodenotako arteria ematen ditu. Hauen bidez duodenoa eta batez ere pankrearen buruaren aurrealdea eta atzealdea odoleztatuko dira. Behin 3 adar horiek emanda urdail duodenotako adara izenez aldatuko da eta eskuineko urdail-omentuetako arteria deitzera pasako da. Ezkerrerantz bideratuko da urdailaren makurdura nagusia jarraituz eta ezkerreko urdail-omentuetako arteriarekin anastomosatuko da. Bidean urdaileko adatxoak eta omentuko adartxoak emango ditu, urdailaren aurreko eta atzeko aurpegiak eta omentuko aurpegia odoleztatzeko.

Ezkerreko urdail-arteria[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enbor zeliakoaren adar finena da, gutxi gora behera helduetan 2-3 mm arteko kalibrea izanik eta 4-7 zentimetroko luzeera du. Urdailerantz abiatzen da eta omentu txikitik igarotzen da zain eta bagus nerbioaren zuntz batzuekin. Hasiera batean goranzko norabidea hartuko du, zertxobait ezkerretara eta aurrera. Kardiaren eremura joango da, hots, urdailaren eta hestegorriaren arteko loturaren eremura eta bertan aurreko hestegorri-urdailetako adarra emango du kardiaren bi aldeak odoleztatzeko. Bestetik, hestegorriaren abdomen zatia odoleztatuko du azpiko hestegorriko adarren bidez. Adar hauek diafragmako hestegorriaren hiatoa zeharkatuko dute eta erdiko hestegorri adarrekin anastomosatuko dira.

Baita ere, urdailaren ezkerreko lobulua odoleztatzeko beste adar bat emango du. Bestetik, beheraka mako bat eginez, urdailaren bihurgune edo makurdura txikiaren ertza jarraituko du eskuineko urdail arteriarekin batu arte. Ibilbidean zehar, urdailaren aurreko eta atzeko aurpegiak odoleztatzeko aurreko eta atzeko urdail-adartxoak (20-30 adar) ematen ditu, 20-30 adar.

Bare-arteria[3][aldatu | aldatu iturburu kodea]

A12.2.12.040 Bare arteria

Enbor zeliakotik ateratzen den adar nagusia bare-arteria da.  Bere jatorria, enbor zeliakoan egongo da, L1 mailan, beraz, baretik urrun sortuko da. Sortu bezain laister, pankrearen goiko ertzetik, gorputza eta buztanaren gainetik, eskuineko zeharkako norabidea hartuko du bareraino iristeko, bertan, barearen hiloan, bere 5-6 bukaera-adarrak emango ditu. Peritoneoz atzeko egitura izango da. Ibilbide oso bihurgunetsua izango du eta bidetik adar asko ematen ditu:

Bizkarraldeko pankrea-arteria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bare-arteriaren lehenengo adarra da. Pankrearen idunaren mailan sortzen da eta, bere atzeko aurpegitik, pankrearen goiko ertzetik beheko ertzeraino luzatzen da. Beheko ertzera heldu baino lehen, 2 adarretan banatzen da: Eskuineko eta ezkerreko pankrea arteriak.

  • Eskuinekoa pankrearen buru eta bere buruko gako itxurako luzakinen artean sortzen den muxarraduratik sartuko da pankrearen aurreko aurpegira iristeko. Bertan, aurreko aurpegian, arestian aipatutako goi aurreko pankrea-duodenoetako arteriarekin anastomosatuko da. Beraz, hori beste anastomosi-eraztun bat izango da.
  • Ezkerrekoari dagokionez, pankrearen beheko ertzetik, ezkerrerantz igaroko da, eta beste adar batzuekin batera, beheko pankrea-arteria sortuko du.

Pankrea-arteria nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bare-arteriaren erdian sortuko da, eta arteria hau ere pankrearen atzeko aurpegitik, pankrearen goiko ertzetik beheko ertzeraino luzatzen da. Batez ere, pankrearen gorputza odoleztatzen du. Beheko ertzera heldu baino lehen, 2 adarretan banatzen da:

  • Eskuineko adarra: Bizkarraldeko pankrea-arteriaren ezkerreko adarrarekin bat egingo du.
  • Ezkerreko adarra: buztanerantz zuzenduko da.

Pankrearen buztan aldeko arteria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bare-arteriaren urruneko ataletik edo bare-adar batetik sortzen da, pankrearen buztanaren aldean. Beste arteriekin gertatzen den bezala, pankrearen atzeko aurpegitik igaroko da. Pankrearen buztana odoleztatzeaz gain, pankrea-arteria nagusiaren ezkerreko adarrarekin anastomosatzen da. Horrela, aurretik aipatutako beheko pankrea-arteria hurrengo arteriak elkartzerakoan eratzen da: pankrearen buztanaldeko arteria, pankrearen arteria nagusia eta bizkarraldeko pankrea-arteria.

Ezkerreko urdail-omentuetako arteria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bare-arteria bukaera-adarretan adarkatu baino lehen, zehatzago esanda, urdailaren makurdura nagusiaren ertzean, sortzen da. Omentu nagusiaren errotik sartuta, eskuinerantz abiatuko da eta makurdura nagusitik jaisten da beste aldetik datorren eskuineko urdail-omentuetako arteriarekin anastomosatzeko. Ibilbidean zehar, urdaileko aurreko eta atzeko aurpegietarako urdail-adartxoak eta omentu nagusiarentzako omentuko adar nagusiak emango ditu.

Bukaera adarrak (linealak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bareko hiliotik barerantz sartzen diren 5-6 adar dira. Hauetako 2, urdailaren makurdura nagusia odoleztatuko dute, beste bat, barearen goiko eremua eta urdaila odoleztatzeko adar laburrak emango ditu eta gainontzeko adarrak, zuzenean barerantz sartuko dira.

Behin barera ailegatzen den, bare arteriak, bi taldeetan multzokatzen diren  adarrak emango  ditu: Goiko eta behekoak. Bukaera adar bakoitzak, arteriola desberdinak emango ditu, ondoren barearen hiloan sartuko direnak.  

Bere bidean zehar, izen bereko bare zainarekin batera joango da, zain hau, ondoren, porta zainean  drainatuko du bere odola.  

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enbor zeliakoak, errai zeliakoak deritzen erraiak odoleztatzen ditu: gibela, urdaila,duodenoaren hasierako zatia,pankrea eta barea. Gainera, abdomen barrunbean kokaturiko hestegorriko abdomen zatia eta behazun xixkua odoleztatuko ditu. Enbor zeliakoa hestearen odoleztapenerako ezinbesteko da, izan ere, hestean dauden beste arterien anastomosiak ez dira nahiko izango perfusio egokia mantentzeko. Hain garrantzitsua izanik, haren butxadurak nekrosi izugarriak zor ditzake odoleztatzen dituen erraietan.

Zain itzulia [4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enbor zeliakoak ez du izen berdinez ezagutzen den zain sateliterik.Horregatik, plexu zelikoak odoleztatzen dituzten erraien itzulera benosoa porta zainaren bidez gauzatuko da. Digestio organo gehienen zain itzulia gibelera bideratzen da porta zainaren bidez.Porta zaina hiru zain desberdinen baturaz osatuta dago: bare zaina, goiko mesenterio zaina eta beheko mesenterio zaina. Zain bakoitzak bere ibilbidea izango du, errai desberdinetatik odola hartzen duelarik:

Zaina Erraien zain itzulia Ibilbidea
Bare zaina Barea,urdaila eta pankrea Baretik pankrearen goiko ertzera.
Goiko mesenterio zaina Ondestea, kolon sigmoidea eta beheranzko kolona Goiko ondeste zainen batuketatik gorantz abiatzen da,pankrearen gorputzaren atzealderantz.
Beheko mesenterio zaina Heste mehea, itsua, goranzko kolona eta zeharkako kolona Mesenteriotik gorantz pankrearen buruaren atzeko aurpegirantz.

Hiru zainak pankrearen atzeko aurpegian elkartuko dira. Hasieran, bare zaina eta beheko zain mesenterikoa elkatuko dira, pankrea-gorputzaren atzeko aldean, enbor espleknomesenteriko osatuz. Ondoren, goiko zain mesenterikoarekin elkartuko dira arearen buruaren atzealdean. Elkarketa honetan, porta zaina osatuko da gibelaren pedikuluaren osagaitako bat dena. Porta zaina gibel duodenetako lotailuaz baliaturik gibelera sartuko da, bertako segentu guztiak odoleztatzeko.Azkenik, zirkulazio sistemikora bueltatuko da gibel zainen (zain hepatikoak) bitartez, gibel zainek beheko cava zainean drenatzen baitute.

Patologia: enbor zeliakoaren butxadura sindromea[5][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patologia hau 1963. urtean deskribatua izan zen lehenengo aldiz. Lotailu ertain arkuatoaren sindromea bezala ere ezagutzen da eta ohikoagoa da emakume gazteetan. Azken urteetan egin diren aurrerapenen ondorioz, bere diagnostikoa eta tratamendua askoz ere zehatzagoak eta eraginkorragoak dira.

Sindrome honen sintomatologiak triada bat osatzen du: abdomeneko mina, epigastrioaren soplo baten presentzia eta enbor zeliakoaren %50 edo gehiagoren konprimatze estrintsekoa.

Patologia honen kausak anitzak dira. Hala ere, badaude bi besteak baino zabalduagoak daudenak. Lehena, lotailua arkuatoaren (zuntz tendinotsuz osatuta dagonea) loditzea izango litzateke. Honen ondorioz, enbor zeliakoaren %70-%100 oztopatu dezake. Beste kausa posiblea enbor zeliakoaren jatorrian egongo legoke. Bere sorburua (aorta) toraxaren alde kaudelerago kokatzen bada, enbor honen konpresioa eman daiteke lotailu arkuato ertainak eraginda. Bi egoeretan ematen den konpresioaren ondorioz, fluxu arterialaren murrizketa emango da.

Enbor zeliakoaren estenosiarekin batera goiko arteria mesenterikoaren eta giltzurrun arterien konpresioa gertatu daitezke, iskemia mesenteriko kronikoa eta giltzurrun hipertentsio baskularra garatuz.

Patologia honen diagnostikoa ez da erraza izaten sintomatologia apala eta ohikoa izateagatik. Sindrome honen susmoa dagoela jakinda, normalean TAC eta 3D errekonstrukzio teknikak erabiltzen dira diagnostikoa baieztatzeko.

Tratamendurako teknika kirurgiko egokiena eta emaitza hoberenak eman dituena lotailu arkuatuaren sekzioa egitea izango litzateke. Honela, enbor zeliakoa askatzea eragingo luke, fluxua berrezarriz.

Bariazioak[6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enbor zeliakoak hainbat bariazio anatomiko ditu. Bariazio hauek kontuan hartzea oso garrantzitsua da kirurgiak egiterako orduan. Enbor zeliakoaren ohiko egitura, %50-%76 kasuetan ematen da. Bertan gibel arteria batua enbor zeliakotik sortzen da zuzenean (c). Ondoren, hau bifurkatzen da ezkerreko urdail arteria eta gibel arteria emanez. Kasuen %10-%19etan, gibel arteria batua, ezkerreko urdail arteria eta bare arteria zuzenean enbor zeliakotik sortuko dira (d). Kasuen %10 ean gerta daiteke kuatrifurkazio bat ematea (a) edota pentifurkazio bat ematea dortsaldeko pankrea arteriarekin, arteria gastroduodenalarekin eta eskuin eta ezkerreko arteria hepatikoekin hauek zuzenean enborretik sortuz. Horiez gain, beste 14 nonstandard bariazio ere existitzen da. Hauek bariazio guztien %10a suposatzen dute eta ez dira oso ohikoak.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Tronco celíaco. 2020-09-07 (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
  2. (Gaztelaniaz) «Tronco Celíaco» Paradigmia (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
  3. (Gaztelaniaz) «Tronco Celíaco» Paradigmia (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
  4. (Gaztelaniaz) «Retorno Venoso: Sistema de la vena porta» Paradigmia (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
  5. Cienfuegos, J. A.; Rotellar, F.; Valentí, V.; Arredondo, J.; Pedano, N.; Bueno, A.; Vivas, I.. (2010-03). «Síndrome de compresión del tronco celiaco: Revisión crítica en la era de la cirugía laparoscópica» Revista Española de Enfermedades Digestivas 102 (3): 193–201. ISSN 1130-0108. (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).
  6. White, Richard D.; Weir-McCall, Jonathan R.; Sullivan, Carl M.; Mustafa, Syed A. R.; Yeap, Phey M.; Budak, Matthew J.; Sudarshan, Thiru A.; Zealley, Ian A.. (2015-04-17). «The Celiac Axis Revisited: Anatomic Variants, Pathologic Features, and Implications for Modern Endovascular Management» RadioGraphics 35 (3): 879–898.  doi:10.1148/rg.2015140243. ISSN 0271-5333. (Noiz kontsultatua: 2020-11-21).