Latasa eta Luxiaren arteko aizkora apustua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Latasa-Luxia apustua
Data1959ko apirilak 26
LekuaTxofreko zezen plaza, Donostia
HerrialdeaGipuzkoa Gipuzkoa
Lana
14 kanaerdiko
2 110 ontzako
Parte-hartzaileak
Juan Jose Narbaiza Ramon Latasa
Gipuzkoa Azkoitia Nafarroako Foru Erkidegoa Sunbilla
37 urte 28 urte
Denborak
2h 00' 47 1h 55' 53

Latasa eta Luxiaren arteko aizkora apustua aizkolari norgehiagoka handia izan zen, 1959ko apirilaren 26an Donostiako Txofreko zezen plazan jokatutakoa, Juan Jose Narbaiza Luxia eta Ramon Latasa aurrez aurre jarri zituena. 110 ontzako bi enbor eta 14 kanaerdiko ebaki zituzten, 500.000 pezeta jokatuta, eta 17.890 ikusle elkartu ziren. Ramon Latasak irabazi zuen, ordu bat, 55 minutu eta 53 segunduko denborarekin.[1]

Aizkolariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luxia 1950eko hamarkadako aizkolaririk hoberena zen, erakustaldi eta lehiaketa gehienetan irabazten zuena. Esate baterako, bi aldiz gailendu zitzaion Martin Garziarena handiari, 1950ean eta 1952an.[2] Oso gizon luzea eta sendoa zen, indar handikoa. Apustua jokatu zenean, ordea, bost urte zeramatzan desafiotan lehiatu gabe, eta 25 kilo mehetu behar izan zuen hilabete gutxitan.[3]

Ramon Latasak 28 urte zituen, Luxiak baino bederatzi gutxiago, eta gorpuzkera askoz txikiagoa. Oihaneko lanetan zaildua, bizkorra zen eta oso trebea aizkorarekin.[4] 1956an hasia zen aizkora apustuetan, eta Alberdi, Iurrebaso eta Zeberio mendean hartuak zituen. Sei hilabetez aritu zen apusturako prestatzen, Jaime Agirre Doneztebeko medikuaren laguntzarekin.

Apustua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luxia eta Latasaren arteko apustua 1958ko uztailean itxi zen, bederatzi hilabete geroago jokatzeko, 1959ko apirilaren 26an.[5] Alde bakoitzak milioi erdi pezeta jarri zuen jokoan, eta egin beharreko lana 110 ontzako bi enbor eta 14 kanaerdiko moztea izan zen, kanaerdikoak laguntzaileekin eta enbor handiak laguntzailerik gabe. Kanaerdikoak Latasak eraman zituen, eta Luxiak 110 ontzakoak.[6]

Apustuak ikusmin ikaragarria sortu zuen. Donostiako Txofreko zezen plaza lepo bete zen, 17.890 ikusle, sarrerak merkeak ez baziren ere: 125 pezeta aurreko jarlekuetan eta 25 pezeta harmailen goialdean. Dirua jokatu ere, inoiz ez bezala egin omen zen, bai aitzineko egunetan, bai plazan bertan.[6]

Hasieran dirua Luxia-ren alde zegoen, 100/80. Izan ere, askoren ustea zen azkoitiarra sunbildarra baino hobekiago moldatuko zela enbor handietan.[3] Luxia-k 110 ontzako batekin ekin zion lanari, eta kanaerdiko batekin Latasak. Aizkolari bakoitzak enbor handi bat eta hiru txiki ebaki ondoren, aurreikuspenak betetzen ari zirela zirudien, gipuzkoarrak 17 segunduko aldea kentzen baitzion nafarrari. Alde hori engainagarria zen, ordea, Latasak moztua zuen 110 ontzakoa askoz gogorragoa baitzen Luxia-k ebakitakoa baino.[3]

Lan erdiak minutu bat eta 18 segundo lehenago egin zituen sunbildarrak azkoitiarrak baino. Eta abantaila handitu zen Luxia bigarren enbor handira pasatu zelarik. Arnasa estutu ere egin zitzaion, eta oxigenoa ematen aritu ziren laguntzaileak. Azkenean, ordu bat, 55 minutu eta 53 segundu behar izan zituen Latasak proba amaitzeko; Luxia-k, berriz, bi ordu eta 47 segundu; lehenbizikoak 3.830 aizkora-ukaldi jo zituen, eta 4.038 bigarrenak.[3][6]

Lexotiren bertsoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Luis Lekuona Lexoti oiartzuar bertsolariak bertso-paperak atera zituen Latasa eta Luxiaren apustua gai harturik, eta Gipuzkoan eta Nafarroan ibili zen saltzen.[7] Hauek dira hamabi bertsoak:[8]

1
Milla beatzireun berrogei eta
emeretziko urtian,
aizkora-joku bat izan degu
euskaldunaren artian,
Donostia-ko zezen-tokiya
daukagun leku batian,
bi mutill azkar alkarren aurka
oso burruka fuertian,
patxararikan ez dute izan
alkar probatu artian.

2
Jorraillaren ogei ta seya
lendikan zuten berexi,
egun ortan an gertatu zana
nai nuke adierazi,
aixkolari pixkorragorik
oraindik ez da ikusi,
azken aldera Luxia egin zan
pixkat bajatutzen asi,
sayatu faltik etzuan baño
biyak eziñ irabazi.

3
Joku-klase au gure artian
askotan egiña baita,
euskal erriyan bizi geranak
nola ez genzake maita?
au baña joku eskasaguak
ikusten dira nunai ta,
nik biyok berdiñ txalotu nitun
geldirik egon ezinta,
Luxia zarrak galdu zun baño
lana galanki eginta.

4
Gipuzkoatarrak aruntz juan giñan
gu kurajetsu eta bero,
egi jator bat aitortu nai det
ontara geran ezkero,
damu izatia alperrik baita
denbora juan eta gero,
Luxia atzera gelditutzerik
askok etzuten espero,
motorra ere erre egiten da
lan geyegi eman ezkero.

5
Jokua orrek etzuen merezi
ikusi gabe uztia,
bi mutill aubek Donosti ortan
egindako egur moztia,
alkarri amur eman nai ez ta
ura aiera tristia,
nik biyok berdiñ txalotu nitun
nola bat ala bestia,
Gipuzkoarrak galdu zun baño
biyok e txarrak eztia.

6
Naparra lanian ikusitako
zenbaitek esan genduan:
"gure Jainkuak len olakorik
izan ote du munduan",
orrek egurra ebakitzen du
zerra makinan moduan,
aundiyak txiki gelditzen dira
Ramon Latasa'n onduan,
odol beroko Azkoitiarra
orra nola utzi duan.

7
Beatzi illabetez preparatutzen
egin dute zenbait sayo,
oraingu ontan Gípuzkoarrari
eskasiyan irten zayo,
ez gendun uste Latasa ori
zegoenik orren yayo,
ez det esan nai Luxia zala
aixkolari txarra jayo,
sasoi duenai bere garayan
barkatu egin bear zayo.

8
Lenago inoiz ez bezela or
bete zaigu zezen-plaza,
ikustearren Gipuzkoa ta
Napar aldeko jolasa,
amalau enbor kana erdikuak,
beste bi kanetik pasa,
oyek moztuta Sunbilla-kuak
lasaí zedukan arnasa,
urte askuan sasoya orrekiñ
izan zaitia, Latasa.

9
Apustu ori etzala fiña
zenbaitek esaten dute,
nik ez det oso xinixten baño
askok ala esan naute,
tranpa aundirik izandu danik
etzait iruritzen bate,
Latasa orrek eun da amabost
minutu zituan bete,
baño lenago moztuko zitun
beartu izan balute.

10
Denbora asko pasa dutela
askok daukate ustia,
hola esantako berriket'oyek
arrazoikuak eztia
lan zallak ziran ta orgatik dago
ainbesteraño kostia,
ezin leiteke amasei enbor
denbora gutxiz austia,
zer uste zuten, egur gogorra
gazta bezela moztia?

11
Latasa orrek aixkorarako
talentu berexa badu,
oraiñ artian beti txapeldun
egiten zaigu azaldu,
plaza guzitan bera nagusi
joko bat ez digu galdu,
nere iritziz merezi du ta
orgatik nai det goraldu,
gure Jainkuak urte askuan
emen edukiko al du.

12
Pozez txoratzen utzi dezu zuk
an izandu dan jendia,
zuri begira arriturikan
egondakuak badia,
Sunbilla-n degu aixkolari bat
arronka askorik gabia,
aunditasunik ez du azaltzen
baizikan umildadia,
obe genduke euskal erriyan
Latasa asko balia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zubeldia, Unai. Antton Espelosin: «Sei enbor ebaki zituen eserita; ikaragarria izan zen». Berria, 2014ko martxoak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-2).
  2. «Luxia txapeldun handia, 1950eko hamarkadan» GAUR8 2018-11-01 (Noiz kontsultatua: 2021-12-2).
  3. a b c d La juventud, el nervio y la clase de Latasa se impusieron a la veteranía de «Luxia». El Diario Vasco, 1959/04/28, Prensa Histórica Digital, gipuzkoa.net (Noiz kontsultatua: 2021-12-2).[Betiko hautsitako esteka]
  4. Barandiaran, A. Elizondon hil da Ramon Latasa Sunbillako aizkolari handia. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko martxoak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-2).
  5. Telletxea. Se cumplen 25 años de la muerte de Ramón Latasa. El Diario Vasco, 2016/02/25, diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-3).
  6. a b c Espelosin, Antton. Ramon Latasa. Basoko aizkolaria.. Nabarreria argitalpen kudeaketa (Noiz kontsultatua: 2021-12-3).
  7. Lexoti bertsolaria. Auspoa Liburutegia, 1982, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-2).
  8. Amar urteko bertso-paperak (1954-1963). Biltzailea A. Zavala, S. J., Auspoa Liburutegia, 1964, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-2).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]