Azkoitia
|
Azkoitia |
|
|---|---|
| Izen ofiziala | Azkoitia |
| Estatua Erkidegoa Lurralde Historikoa Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Gipuzkoa Urola Erdia |
| Alkatea | Pello Bastarrika (Bildu) |
| Herritarra | azkoitiar |
| Koordenatuak | 43°11′24″N 2°18′36″W / 43.19°N 2.31°WKoordenatuak: 43°11′24″N 2°18′36″W / 43.19°N 2.31°W |
| Eremua | 55,40 km2 |
| Garaiera | 110-850 (113 udaletxean) m |
| Distantzia | 57 km Donostiara |
| Posta kodea | 20720 |
| Biztanleria | 11.417 bizt. (2011) |
| Dentsitatea | 206,08 bizt./km² |
| Sorrera | 1331 |
| http://www.azkoitia.net | |
Azkoitia Gipuzkoako erdialdean eta Urola Erdia eskualdean dagoen udalerria da. 55,4 km² ditu eta 2008. urtean 11.091 biztanle zituen.
Eduki-taula |
Izena [aldatu]
Azkoitia izena, dirudienez, honela osatu zen: haitz + goi + ti. Hau da, jatorriz «haitzaren goialdean dagoen tokia» esan nahi du segur aski.[1]
Azkoitia izenaren bukaerako –a artikulua da. Hortaz, udalerriaren izen osoa erabiltzean honakoa da bidea: Azkoitia, Azkoitiarekin, Azkoitian...; baina Azkoitiko, Azkoititik, Azkoitira... Era berean, izen honek bere azken –a galtzen du ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramanean; adibidez: Azkoiti maitea, Azkoiti osoan, Gure Azkoiti hau...[2]
Mugakideak [aldatu]
Iparraldean Deba; hegoaldean Antzuola, Urretxu eta Zumarraga; ekialdean Azpeitia; eta mendebaldean Mendaro, Elgoibar, Soraluze eta Bergara.
Historia [aldatu]
Azkoitia Goi Erdi Arotik Iraurgi izenarekin ezagutzen den tokian dago, Urola ibaiko haranaren erdialdean. Gizakia ingurune horretan europar neolitiko-garaitik bizi da, behar bada K. a. 1. milurtekoa baino lehenagotik, Izarraitzen dauden Mari-Kurtz trikuharriek erakusten duten bezala; herritik hurbil ere Munoaundiko kastroa dago, Txilintxo mendian, burdinaren garaiko kokalekua. Bertan bizi izan ziren K.a. VI. eta I. mendeen artean.
Azkoitiko lehen hiri-esparru izan zen San Martingo kokaleku zaharrean, erromatar garai berankorreko eta goi erdi aroko aurkikuntzak nabarmentzen dira, IV. eta IX. mendeen arteko errauste-kutxak, oso interesgarriak garai benetan garrantzitsua izan zen une bateko euskal kultura ezagutzeko.
Lurralde- eta gizarte-erakunde gisa Iraurgi haraneko lehen idatzizko erreferentzia 1186-1189 urteetakoa (edo behar bada lehenagokoa) dela dirudi, eta Iruñeko gotzaindegira lotuta egongo litzateke. Bertan, Baldako Santa Maria eliza aipatzen da. Bere hondakinak hilerrian gordetzen dira, Balda dorretxearen inguruko lurretan. Halaber, jaurerriaren antzinatasuna ere aipatzen du eta bere goiburuari jarraitzen dio: "antes Balda que Azcoitia".
1319 inguruan, bi mende baino gehiagotan herriaren historia markatu zuten bandokideen borroka odoltsuen adierazgarri den gertakari garrantzitsua eman zen, hots, Joan Martinez de Oinaz kapareak, oinaztarren aldeko beste hainbat jaun eta adiskiderekin Baldako Santa Mariako eliza erre zuen. Gertakari horretan Baldako jaun ganboatarra eta bere semea hil zituzten.
Aspalditik gertatzen ziren etengabeko borrokek —garaiko egoera sozioekonomikoa ahaztu gabe, haien jatorrian baitzeuden— eraginda beharbada, Azkoitiko herriak Alfontso XI.a Gaztelakoa erregeari hiribildu izatearen pribilegioa eskatu zion, hirigune gisa Iraurgiko goiko zona hartuz. 1324ko urtarrilaren 4an lortu zuen. Hiribilduari honako izen hau eman zitzaion: "San Martin de Ahezcoytia de Yraurgui".
Hiribildua [aldatu]
Bandoen arteko borrokek jarraitu izanaren ondorioz, San Martingo biztanleek, hiribildua Urola ibaiaren beste aldera eramateko eskatu zuten, Baldaren etxearen lurren ondora, segurtasun-arrazoiengatik. Erregalia 1331ko uztailaren 9an eman eta sinatu zen. Egun hori hiribildu berriaren sorrera gisa hartu da, eta Miranda de Yraurgi izena hartu zuen. Hala ere, Azkoitiaren izen zaharra gorde eta nagusitu zen, sortutako hiribilduarena ofizialki eta praktikan gutxienez 1456tik desagertuz.
Hala ere, askotan Azkoitiko herria konprometitu zuten senitarteko nagusien arteko lehia odoltsuek Baldako Santa Maria eliza behin betiko hiribilduaren barrura eramatea eragin zuten, Fernando I.a Gaztelako erregearen aginduz. Horretarako, 1509 eta 1510ean datatutako Julio II.a aita santuaren buldak jaso zituen. Sakramentuaren lekualdaketa gorabeheratsua izan zen; izan ere, tradizioaren arabera, Baldako jaunak, bere goiburuari jarraituz seguru aski, arkabuz tiro batez Aldareko Sakramentua garraiatzen zuen apaiza hil zuen, eta nora inork ez zekiela ihes egin zuen lauhazka bizian.
XV. mendean, hiria sortu eta hurrengoan alegia, hiri-barruti berrian, bandoen arteko gerra amaigabearekin, eta bandoen eta hiribilduen arteko lehiarekin lotutako hainbat gertakari historiko eman ziren. Adibidez, 1436an Azkoitia erre egin zuten, eta 1456an, nobleziak entitate horiei eta erregeari botatako erronka eman zen. Idiakeztarren etxeak dauden hego-ekialdeko atean erronkaren kartela jarriz hasi zen, eta hainbat urte geroago, senitarteko nagusi asko herritik kanporatuz eta euren etxe gotorlekuak boteaz amaitu zen. 1458an sortu zen hiribilduko kontzejua bere interesak oztopo gutxiagorekin zuzentzen eta garrantzi berezia hartzen hasi zen. Egoitza Kale Nagusian zuten, baina hala ere XVIII. mendean Plaza Zaharreko eraikin barroko berri eta garrantzitsura eraman zuten, euren gero eta autonomia handiagoaren froga gisa.
XVI. mendean Azkoitiak pisu handia hartu zuen Probintzian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lau egoitza ibiltarietako bat eta korrejidorearen egoitzetako bat bihurtu zen.
Azkoitia, XVII. mendean, europar kulturaren gune aurreratua izan zen. Izan ere 1763an, Xabier Munibe Peñafloridako Kondeak bultzatuta, pentsamendu ilustratuaren haztegia den Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zen Insausti jauregian, hiribilduaren ondoan.
1766an, laboreen garestitzearen eta prezio eta horniduraren politika ofizialaren ondorioz Gipuzkoako hiribilduetan eman zen matxinada Urolako herri honetan sortu eta herrialde osora zabaldu zen.
XIX. mendean Gerra Karlistak egin ziren eta burdinoletan oinarritutako ekonomia amaitu zen. Gertakari horiek eragin handia izan zuten Azkoitian. Garai honetan industrializazioa eman zen —ehungintzaren fabrikazioa nagusi zen— eta, hiriaren eskalaren aldaketaren ondorioz, hiria gune zaharretik eta lehen errebaletatik kanpo zabaldu zen, gehienek alde zaharrean bizitzen jarraitzen bazuten ere.
XX. mendean industrian oinarritutako ekonomia baterantz bideratzen da herria. 1920an Urolako trena sortu zen eta gorakada demografiko handia eman zen. Bizitokiak jatorriko gunetik kanpora irteten dira, eta Azkoitia berri eta zabala, 1960ko hamarkadatik aurrera batez ere, ibarreko espazioak okupatzen hasi zen, baina erreferentzia gisa hirigunea izaten jarraitu zuten.
Demografia [aldatu]
| 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2009 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 5.504 | 5.948 | 6.777 | 8.016 | 8.122 | 8.065 | 8.561 | 10.317 | 11.029 | 10.512 | 10.272 | 11.266 |
Administrazioa [aldatu]
2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, Bildu koalizioko Pello Bastarrika hautatu zuten alkate.
| Alderdi politikoa | 2011 | 2007 | ||
|---|---|---|---|---|
| Botuak% | Zngtzk | Botuak% | Zngtzk | |
| Bildu | 43,43% | 8 | - | - |
| Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) | 31,38% | 6 | 37,84% | 7 |
| Azkoitia Bai (AzBai) | 11,54% | 2 | - | - |
| Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE) | 7,49% | 1 | 9,65% | 2 |
| Alderdi Popularra (PP) | 4,38% | 0 | 5,11% | 1 |
| Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) | - | - | 26,4% | 5 |
| Batera Talde Independientea (BTI) | - | - | 13,54% | 2 |
| Eusko Alkartasuna (EA) | - | - | 4,45% | 0 |
| Ezker Batua-Berdeak (EB-B) | - | - | 2,01% | 0 |
Ondasun nabarmenak [aldatu]
Azkoitiko hirigune historikoa, 2005eko urtarrilaren 25an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu multzo sailkapenarekin.[3]
Hauek dira monumentu multzo izendatutako gunearen mugak: Santa Klara komentuko ekialdeko baratzea eta ipar-ekialdeko atzealdea; Santa Klara kalearen atzealdea (59. zenbakitik 35.era); kale bereko iparreko lerrokatzea (33. zenbakitik 1.era); Balda dorretxearen atzealdea; Inazio Iriarte Margolaria kalearen iparraldeko lerrokatzea; Floreaga jauregiko atzealdea, Aizkibel kaleraino; Aizkibel kaleko kalezulotik Aingeru kalera eta Altuna Portu etxeko atzealdera. Altuna Portu etxeko atzealdea; Urola ibaiaren hegoaldeko ertza; Jausoro etxea eta San Jose ermita; Urola ibaiaren eskuinaldea edo hegoaldea, gainean dagoen Udal Merkatua barne hartuta, Santa Klararen komentuko baratzearen ekialdeko muturreraino.[3]
Euskara [aldatu]
Herriko hizkera edo Azkoittiko euskerie, hau Urolaldeko hizkeraren barnean dago eta era berean erdialdeko euskara edo gipuzkera eta mendebaleko euskara edo bizkaieraren arteko euskalki mota bat da.
Azkoitiar ospetsuak [aldatu]
- Inazio Iriarte (1621-1685), margolaria, Sevillako Pintura Akademiaren sortzailea.
- Bizenta Mogel (1782-1854), idazlea.
- Xabier Munibe "Peñafloridako kondea" (1723-1785), ilustratua eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko sortzailea.
- Narrosko markesa (1733-1803), ilustratua.
- Juan Mari Juaristi (Xeler), EAJko politikaria. GBBko presidentea 2004-2008.
- Jose Francisco Aizkibel (1798-1865), bibliofilo eta lexikologoa, euskararen ikerlea eta hiztegi idazlea.
- Nemesio Otaño (1880-1956), konpositore eta musikologoa.
- Nemesio Etxaniz (1899-1982), idazlea eta apaiza.
- Luciano Juaristi Mendizabal, Atano II.a (1899-??), pilotaria.
- Mariano Juaristi Mendizabal, Atano III.a, pilotaria (1904-2001).
- Justino Urtzelai, Urtzelai II.a (1905-??), pilotaria.
- Asier Aranbarri, EAJko politikaria. Azkoitiako alkate-ohia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide-ohia.
- Marcelino Juaristi, Atano IV.a (1906), pilotaria.
- José María Juaristi, Atano VII.a (1912-1996), pilotaria.
- Antonio Soraluze Korta (1912-1982), aizkolaria.
- Iñaki Isasmendi (1914-2011), idazlea eta Eusko Gudarosteko gudaria.
- Xabier Arzalluz (1932-), politikaria. EAJko presidentea izana 1977tik 2004ra.
- Fidel Sarriegi (1920-1969), idazlea.
- Juan Jose Narbaiza Luxia (1921-??), aizkolaria.
- Luciano Juaristi Alberdi, Atano X.a (1932), pilotaria.
- Fernando Tapia, Tapia I.a (1940-2007), pilotaria.
- Juan Ramón Tapia, Tapia II.a (1943), pilotaria.
- Felipe Juaristi (1957-), idazlea.
- Diego Garcia (1961-2001), maratoi lasterkaria eta 1994ko Europako txapeldunordea.
- Javier Sagarzazu (1963-1987), futbolaria.
- Iñigo Ruiz Arzalluz (1963), latineko filologorik grrantzitsuenetakoa.
- Arantza Aldalur (1963), idazlea.
- Jokin Errasti (1966), pilotaria.
- Juan Karlos Merino (1967), idazlea.
- Anari (1970), musikaria.
- Elixabet Ibarra (1981), futbolaria.
- Iban Garate (1982), aktorea.
Ikus, gainera [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
-
Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ Robert LAWRENCE TRASK: The history of Basque, Routledge, 1997. Ikus 337. orrialdea.
- ↑ Euskaltzaindia: 140. araua: Gipuzkoako herri izendegia.
- ↑ a b Izendapena EHAAn
Kanpo loturak [aldatu]
|
|||||||
|
|||||||