Maafe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maafe
Erregosi
Osagaiakharagia
Historia
JatorriaMali

Maafe (aldaerak: mafé, maffe, Maffe, kakahuete saltsa, tigadèguèna, Tigh-na-Dege edo tigadene), kakahuetez eginiko saltsa da, mendebaldeko eta erdialdeko Afrikan oso ezaguna. Maafe hitza saltsa honekin eginiko plater osoa izendatzeko ere erabil daiteke.[1]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maffe hitza wolofera, fula eta mandingo hizkuntzetan erabiltzen da, bambara hizkuntzako "manfi" (= saltsa) hitzetik eratorria.[2]

Maafea Maliko mandinga eta bambara herrietan sortu zen. Mandinga hizkuntzan domodah edo tigadegena esaten zaio (kakahuete-gurin saltsa: "tige" = kakahuetea, "dege "= orea eta "na" = saltsa). [1] [3] Halere, Senegalen domodah beste plater bati esaten zaio, eta maafe izena plater osoari ematen zaio. Alegia: saltsa honekin prestatutako errezetei.[2]

Maafea Senegaleko eta Gambiako talde etniko askoren platerik gogokoena da. Koloniar garaian kakahuete laborantzaren gorakada izugarriarekin, maafea Mendebaldeko Afrikan hedatu zen, baita hortik kanpo ere, hala nola Kamerunen edo Frantzian .

Prestaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maafea egiteko haragia (yapp), oilaskoa (guinaar) edo arraina (dienne) erabil daiteke. Aparte egositako arroz kreolearekin laguntzen da (ñaari cin tipoko platera da, beraz).[4] Adibide bezala, jarraian maafe guinaar prestatzeko errezeta emango dugu.[5]

Osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

6 bat pertsonarendako:

  • Oilasko bat.
  • 200 g. kakahuete ore.
  • Kg. 1 barazki (azenarioa, patata, kalabaza, alberjinia, boniatoa, aza... gustuen eta aukeraren arabera).
  • Tipula 2.
  • Tomatea.
  • Berakatz ale 2.
  • Piper gorri 2.
  • Koilarakada txiki 1 espezia (bakoitzaren gustuaren eta aukeraren arabera; mendebaldeko Afrikan tradizionalki erabiltzen dena sunbala izenekoa da).
  • Olioa, gatza, piperrautsa.

Prozedura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ontzi batean oilaskoa oliotan frijitu, kanpoak kolorea hartu arte.
  2. Oilaskoari tipula xehetua eta piperra gehitu, tipulak urre kolorea hartu arte.
  3. Berakatza eta tomatea gehitu. Egosi 2'.
  4. Kakahuete-orea, espeziak, gatza, piperrautsa eta litro 1 ur gehitu. Egosi 30-45'.
  5. Arrozarekin lagunduta aurkeztu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b James McCann. Stirring the pot: a history of African cuisine, p132. Ohio University Press, 2009. ISBN 0-89680-272-8
  2. a b Papa Samba Diop, « Mafé, maafé, maffé », in Glossaire du roman sénégalais, L'Harmattan, Paris, 2010, p. 347
  3. Emma Gregg, Richard Trillo. Rough guide to the Gambia, p39. Rough Guides, 2003. ISBN 1-84353-083-X
  4. Les mots du patrimoine : le Sénégal. Éditions de archives contemporaines 2006 ISBN 2914610335. PMC 71887592. (Noiz kontsultatua: 2019-05-02).
  5. «Poulet mafé (à la sauce d'arachide)» www.afrik-cuisine.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-02).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]