Kamerun

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kamerungo Errepublika
République du Cameroun
Republic of Cameroon
Kamerungo bandera
Bandera

Kamerungo armarria
Armarria

Goiburua: Paix - Travail - Patrie
Peace - Work - Fatherland
( Bakea - Lana - Aberria )
Nazio ereserkia:
Ô Cameroun, Berceau de nos Ancêtres
O Cameroon, Cradle of Our Forefathers
( O Kamerun, arbasoen sorlekua )
Kamerun: kokalekua
Hiriburua Jaunde
3°52′I - 11°31′E
Hiri handiena [[Douala]]
Hizkuntza ofiziala(k) frantsesa, ingelesa
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
Paul Biya
Philémon Yang
Independentzia
Frantzia, Erresuma Batutik

1960 urtarrilaren 1
Eremua
• Guztira
• Ura

475.442 km² (53.)
% %1.3
Biztanleria
• Zenbatespena(2005)
• Errolda (2003)
• Dentsitatea

Herritarra

16.322.000 (58.)
15.746.179
34 biztanle/km² (167.)

Kamerundar
Dirua CFA libera (XFA)
Ordu eremua WAT (UTC +1)
Interneteko domeinua .cm
Telefono aurrezenbakia +237

Kamerun Afrika erdialdean eta mendebaldeko kostaldean dagoen estatua da. Afrika miniaturan esaten diote herrialdeak daukan natura eta geologia aniztasunagatik, izan ere basamortu, sumendi, oihan eta sabanak topatu daitezke ingurune hauetan. Azalerari dagokionez, Iberiar penintsula baino zerbait txikiagoa da.

Hiriburua Jaunde da, nahiz eta hiri handiena Douala izan. Demografikoki 200 etnia talde inguru bizi dira bertan.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau zati bereizten dira Kamerungo lurraldean: a) Hegoaldeak Sanaga ibaiaren eta itsasertzaren bitarteko lurraldea hartzen du, eta ordokiak eta baso trinkoko muinoak ditu. b) Erdialdea, Sanaga ibaiaren iparraldearen eta Benoue ibaiaren arteko lur zatia, goi-ordoki zabal bat da, batez beste 1.370 m-ko garaiera duena. c) Iparraldeak sabanako zabaldiak ditu, eta maldan behera, Txad aintzirara bitarteko zatia hartzen du. d) Mendebala menditsua da; bertan dago Afrikako mendebaleko mendi garaiena, Kamerun sumendia, 4.095 m. Kamerungo ibai nagusiak Sanaga eta Benoue dira. Sanagak Atlantiko ozeanoan du isuria; Benoue Niger ibaiaren adarra da. v Klima eta landaretza. Kamerungo klima beroa da, ekuatorean baitago. Urtean 21-28 Â°C bitarteko tenperaturak ditu, mendietan izan ezik. Iparraldean hegoaldean baino euri gutxiago egiten du: itsasertzean, 3.800 mm urtean, eta erdiko ordokian 1.500 mm. Hegoaldean bi sasoi lehor izaten dira (abendua-otsaila eta uztaila-iraila), eta iparraldean bakarra (urria-apirila). Hegoaldean oihanak daude, erdialdean hosto iraunkorreko eta erorkorreko basoak, eta iparraldean sabana da nagusi.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar-ekialdean Txad, hegoaldean Ekuatore Ginea, Gabon eta Kongoko Errepublika, ekialdean Afrika Erdiko Errepublika eta mendebaldean Nigeria eta Ozeano Atlantikoa mugakide ditu.

Inguru naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamerun Mendiko kraterrak.

Kamerun mendia (4.040 m) herrialdeko punturik altuena eta 2000. urtean azkeneko erupzioa eduki zuen sumendia da.

Bestela, Gineako golkoan 400 kilometro inguruko kostaldea du, Kamerungo hego-mendebaldean kokatuta dagoena, eta haren aurrean Bioko uhartea du. Azkenik, Txad lakua herrialdeko iparraldeko puntan kokatuta dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamerungo lehen biztanleak pigmeoak izan bide ziren. Gero, Afrikako ekuatore inguruetako herri batzuk heldu ziren: bantuak, fulaniak, Niger ibaiaren arroko musulmanak, etab. XV. mendearen bukaeran portugaldarrak iritsi ziren Kamerungo itsasertzera, eta 1520an lur sailak landu zituzten eta esklaboen salerosketan aritu ziren. XIX. mendean britainiarrek esklaboen salerosketa debekatu zutenean, Fernando Poo uhartean ezarri ziren espainiarren baimenaz itsasertza zaintzeko.

Erresuma Batuak protektoratu bat ezarri nahi zuen lurralde horietan eta Kamerungo barne aldera sartu ziren britainiarrak. Hala ere, Alemaniak hartu zuen lurralde osoa 1848an. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Frantziaren eta Erresuma Batuaren artean banatuta gelditu zen Kamerun, baina 1960an Frantziaren mendean zegoen zatiak independentzia lortu zuen. Britainiarren mendean zegoen zatia, berriz, bitan banatu zen 1961ean: iparraldea Nigeriari lotu zitzaion, eta hegoaldeak Frantziarena izandako zatiarekin bat egin zuen federazio batean, eta Kamerungo Errepublikan ondoren.

1972an gobernu bateratu bat ezarri zen, 1960az gero agintean zegoen Ahidjo lehendakariaren esku utzirik aginpide betearazlea. Ahidjok erregimen gogorra finkatu zuen Kamerunen; gogortasun hori salatu zuten giza eskubideen aldeko europar elkarteek, milaka preso politiko zeudela jakin zutelarik. 1982an ustekabean dimisioa eman zuen lehendakariak, eta Biya Lehen Ministro ohiaren esku gelditu zen kargu hura, nahiz eta Ahidjo izan zen aurrerantzean ere Kamerungo Batasun Nazionala (UNC) legezko alderdi bakarraren burua. Biyak zenbait estatu kolperi aurre egin behar izan zien, eta Ahidjo haren kontrako konplota bultzatu izanaz akusatu zutelarik, ihes egin behar izan zuen 1983an. 1985ean UNC alderdiak RDPC (Kamerungo Herriaren Elkartasun Demokratikoa) izena hartu zuen, baina bide politiko berari jarraitu zion, harik eta 1991n oposizioko alderdiak onartu ziren arte. Izan ere, 1990 inguruan, herritarren eta oposizioaren kontrako jarrera nagusitzen ari zela ikusirik, zenbait berrikuntza egin behar izan zituen Biyak. Dena dela, oposizioan ez zegoen batasunik, eta 1992ko lehenengo hauteskunde alderdi-anitzetan Paul Biya hautatu zuten berriro. Oposizioak, atzerriko begiraleen onespenarekin, iruzurra salatu zuen, baina gobernuak ez zuen onartu aldaketarik. Ipar-ekialdean Fru Ndik, FSD (Frente Sozial Demokrata) alderdiko buruzagiak, lehendakari izendatu zuen bere burua, eta eskualde hartan nagusitzen ari zen nahasmenduari aurre egiteko, larrialdi egoera ezarri zuen gobernuak. Bestalde, "koalizio gobernu" bat osatu zuen, RDPC zena nagusi, eta zapalkuntza gogorra bideratu zen gobernuaren kontrako adierazpenen aurka.

Oposizioko alderdiek ez zuten batasunik lortzen (Errepublikaren Aldeko Mugimendua zegoen batetik, FSD bestetik, Demokraziaren eta Aurreramenduaren Batasun Nazionala, UNDP ere bai&), eta barne zatiketa handiak izan ziren haien baitan; egoera nahasi horrek Biyari indar eman zion 1996ko udal hauteskundeetarako. 1996ko konstituzioan, Kamerungo batasuna berretsi zen, senatua antolatzeko proposamena egin zen, eta lehendakari kargua zazpi urtez behin berritzeko epea finkatu zen. 1997an, berriro izan zen garaile Biya, beste zazpi urterako. Azpimarratzekoa da, dena dela, hauteskunde haietan hiru milioi biztanlek bakarrik izan zuela botoa emateko eskubidea, gainerako guztiak "atzerritar" gisa hartu baitzituen gobernuak. Gaur egun, beraz, Biyak jarraitzen du agintean, eta Peter Mafany Musonge da Lehen Ministroa. 1998an istiluak sortu ziren Nigeriaren eta Kamerunen artean, bien artean muga egiten duen Bakassiko penintsula aberatsaren gaineko nagusitasuna dela-eta. 2004an, Biyak berriz irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak, baina sektore batzuek zalantzan jarri zuten botazio haien garbitasuna.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamerungo probintziak.

Kamerun 10 probintziatan banatuta dago:

  1. Iparralde Urruna
  2. Iparraldea
  3. Adamawa
  4. Ekialdea
  5. Erdialdea
  6. Hegoaldea
  7. Mendebaldea
  8. Kostaldea
  9. Hego-mendebaldea
  10. Ipar-mendebaldea

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestela, hiri nagusiak hauek dira:

  1. Douala: 810.000 biztanle 1987an.
  2. Jaunde: 649.000 bz.
  3. Garoua: 142.000 bz.
  4. Maroua: 123.000 bz.
  5. Bafoussam: 113.000 bz.

Talde etniko nagusiei dagokienez, fang, bamileke, mum, duala, luanda, basa, peul, tikar, mandara eta maka dira. Hizkuntza ofizialak ingelesa eta frantsesa dira, lehenengoa Ipar-mendebalde eta Hego-mendebaldeko probintzietako jendeak hitz egiten duelarik eta biztanle guztien bosten bat direnak, eta bigarrena gainontzeko kamerundarren mintzaira dena. Bestela, Camfranglais izeneko pidgin oso hedatuta dago hirietan, eta jatorrizko hizkuntzen artean fulfulde nagusietakoa da.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamerunek baditu petrolio hobi aberatsak eta nekazaritzarako lurralde aski egokiak, eta horri esker Saharaz beheko Afrikako lurraldeetan ekonomia aurreratuenetakoa du. Dena dela, gainerako herri azpigaratuen arazo bertsuei aurre egin behar izan die, adibidez barne egoera nahasiak negozioetarako sortzen duen giro kaskarra eta administrazio publiko astun-erraldoia. 1990az gero Munduko Diru Funtsaren programetan parte hartzen du Kamerunek, eta horri esker industria indar hartzen ari da eta inbertsioak areagotzen ari dira, nekazaritzaren eta merkataritzaren mesedetan. Ekonomia indartzeko ahalegin horietan pribatizazioa bultzatu zen, alor publikoko langile asko kaleratu eta beste askoren soldata murriztu zen, eta horrek haserrea sortu zuen herritarren artean. Hasierako aurreikuspenak oso itxaropengarriak ziren arren, gobernuak ez du behar adinako arrakastarik izan plangintza horiek aurrera eramatean, arazo ugariri aurre egin behar izan diolako, adibidez nahasmenduari, ustelkeriari eta kanpo zor handiari. Egokitze estrukturaleko azken plana 1997an jarri zen abian, eta arrakasta izango zuen itxaropena zuten alderdiek, zailtasunak zailtasun.

Nekazaritza izan da tradizioz jarduera nagusia (barne produktu gordinaren herena edo hartzen du, eta langileen % 80 inguru) eta industria indartzen ari da (ehungintza eta elikagai industria, aluminioa). Merkataritzarako erabiltzen diren nekazaritzako gaietan, batez ere kafean eta kakaoan (gai horiek hartzen dute kanpo merkataritzako irabazien % 40), eta petrolioan (diru sarreren bi heren) oinarritua da Kamerungo ekonomia. Zura eta haren eratorriak ere garrantzi handiko gaiak dira (esportazioen % 9).

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etnia bakoitzak bere kultura eta ohiturak ditu. Musika mota asko egiten da Kamerunen: hegoaldeko oihaneko jendeen artean danborra, eta iparraldekoen artean xirula dira musika tresna nagusiak. Era askotako eskulanak egiten dira: fulanien larru lanak ezagunak dira, mendebaleko mendietako kirdien eta matakanien buztin-lanak oso aintzat hartuak dira, eta orobat tikarrek egiten dituzten kobrezko pipak ere. Sartaldeko artea ere, literatura eta zinema, zabaltzen ari da. Aipatzekoa da Mongo Beti eleberrigilea.

Kamerundar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Kamerun