Martin Larralde

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 21:01, 22 urtarrila 2016
Artikulu hau Martin izeneko bertsolariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Larralde».
Martin Larralde
Datu pertsonalak
Izen osoa Martin Larralde Ithurbide
Ezizena Bordaxuri,
(Plumaieneko) Galerianoa
Jaio 1782ko urtarrilaren 7
Hazparne ( Lapurdi)
Hil 1821eko abenduaren 19
Rochefort ( Frantzia)
Bikotekidea(k) Ezkongabea[1]

Martin Larralde Ithurbide, ezizenez Bordaxuri[2] (Hazparne, Lapurdi, 1782ko urtarrilaren 7a - Rochefort, Frantzia, 1821eko abenduaren 19a) baserritarra eta bertsolaria izan zen. Galerianoa edo Le poète galérien ezizenez ere ezaguna.

Bizitza

Hazparneko Elizaberri auzoko Plumaienea (edo Plumagainea) baserrian jaio zen, Guillaume Larralde eta Marie Ithurbide gurasoak zituen, sortzez aita Bordaxurikoa eta ama Plumaienekoa bertakoa zirelarik. Lanbidez zapatagintzan aritu zen.

Ama hil zenean, Martinek aitari eskatu zion baserriaren bere zatia, baina auzi honek eztabaida eta haserrera eraman eta bien arteko harremana gaiztotu zuen. Aitak, Jean Ospital etxetiarrari baimena eman zion Plumagaineko lurretan belarrak biltzeko, eta azken horrek tiro bat jaso zuen lanean ari zela. Jendarmeek Martin atxilotu eta Baionara eraman zuten. Pauen auziperatu, errudun hartu eta Rocheforteko kartzelan sartu zuten eta sei urte geroago bertan hil zen.

Bertsoak

Martinek, galeretan zelarik, 11 edo 12 bertso idatzi zituen, gehienak tonu garratzean eginak eta bere egoerari buruzkoak, Mila zortziehun eta hamaborzgarrena lekuko:

"Ene aita da gizon kontsideratua,

Semea galeretan du segurtatua;

Nonahi otoitzean belaunikatua,

Saindu iduri debru madarikatua!"

(...)

"Hok eman izan ditut ez xangrinatzeko,

Ahaidek, adixkidek, kuraie hartzeko;

Eta partikulazki, aita, zuretako,

Kantuok aditzean, semeaz oroitzeko."

Berari buruz

Bordaxuriren inguruan nolabaiteko mitoa sortu zen, eta arestian aipatutako bertsoa Pantxoa eta Peio lapurtarrek abesti bihurtu zuten, "Galerianoaren kantua", esate baterako. Halaber, XX. mendean Piarres Lartzabal idazle lapurtarrak "Bordaxuri" izeneko antzezlana egin zuen, eta Joseba Sarrionandia poeta bizkaitarrak berari eskaini zion "Martin Larralde" olerki ezaguna ("Hnuy illa nyha majah yahoo"), urte batzuk geroago Ruper Ordorika abeslari gipuzkoarrak musikatu zuena ("Dabilen harria"):

"Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak

jendarme auto bat

bidean bildots artean pasatzen"

(...)

"Martin Larralde honelako egun batez hil zen

galeretan,

begiak zabalik etzanda, agian zerua

itsaso zikin bat dela esanez."

Beste argitalpen batzuk

Bordaxuri ala Katxo?

Zenbait ikerketaren arabera Galerianoaren kantua ez zuen Larraldek idatzi, Manez Etxeto Katxo bertsolari herrikideak baino; Piarres Xarritonen arabera, epaiketan argi geratu zen Bordaxurik ez zekiela idazten[3].

Erreferentziak

  1. Beñat Soulé: Neurtizlari Bertsulari Iparraldez, Euskaltzaleen biltzarra-Erroteta, 2011. 27. or.
  2. Ez nahasi ezizen bera zuen haren osaba Beñat Larralderekin.
  3. Bertsulari?, Plumaieneko galerianoaren auzia webgunean.

Ikus, gainera

Kanpo loturak