Nikolai Nekrasov
Nikolai Alexeievitx Nekrasov (Nemirov, Ukraina, 1821 - San Petersburgo, 1877) errusiar olerkaria eta kazetaria izan zen.
Biografia [aldatu]
San Petersburgoko Unibertsitatean ikasi zuen (1839-1841), aitak, armadako ofiziala izanik, militar-ikasketak egin zitzan nahi bazuen ere. Laguntza ekonomikorik gabe, estutasun handiz bizi izan zen. Hala ere, gazte-gaztetatik hasi zen idazten: poesia, kritika, narrazioak eta vaudeville frantsesen moldapenak.
1846tik aurrera zenbait agerkari arrakastatsuren argitaratzaile eta zuzendari izan zen: Petersburgoko antologia (1846) eta Apirilaren lehena (1846) almanakak; Garaikidea (1847-1866) eta Aberriaren kronikak (1868-1878) aldizkariak. Belinski, Herzen, Turgeniev eta Dostoievskiren mailako idazleekin batera, berak ere esku hartu ohi zuen agerkari haietan.
Poesia-liburuak ondu zituen; ezagunenak herri-kanten estiloan egin zituen. Nekrasov nekazari-herriaren kantaria izan zen: jopuen askatasuna eta justizia soziala izan zen bere obraren ardatza eta ideia nagusia. Bizi zelarik oso ezaguna izan zen; haren hiletetan Dostoievski eta Plekhanov mintzatu ziren, eta Errusiako herriak egundaino idazle bati egindako omenaldirik handiena eskaini zion.
Hona Nekrasoven poema ezagunenetariko batzuk: Satxa (1855), Sudur gorriko izotza (1863), Errusiako emakumeak (1873), Errusian nor bizi da zoriontsu? (1865-1876). Sinbolistek Nekrasoven hizkuntzaren aberastasuna, irudiak eta estiloa izan zituzten oinarri.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.