Oihan Beltza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Alemaniako eskualdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Oihan Beltza (argipena)».
Oihan Beltza (berdez) Alemanian.
Topografia mapa.

Oihan Beltza[1] (alemanez Schwarzwald [/ʃvaːrtsvald/]) basoz estalitako mendilerroa da, Baden-Württemberg estatuan dagoena, Alemania hego-mendebaldean. Eskualdea ia laukizuzena da, 200 km luze eta 60 km zabal (12.000 km2).

Friburgo, Karlsruhe eta Offenburg hiriak barne hartzen ditu.

Danubio ibaia bertan sortzen da, Brigach eta Breg errekek bat eginda, eta bestela Rhinek inguratzen du hego eta mendebaldetik iparralderanzko bidea. Lakuen artean Titisee, Mummelsee eta Feldsee aipatzekoak dira, glaziar jatorrizkoak.

Tontor handiena Feldberg mendia da (1.493 m), bigarren altuena Herzogenhorn (1.415 m) eta hirugarrena Belchen (1.414 m) direlarik.

Historia

Ingurune hauetako emakume ezkondugabea, bollenhut kapela gorria jantzita (1900).

Antzinako garaietan, zonalde honen izena "Abnoba mons", Abnoba zeltiar jainkoagatik. Erromatar Inperioan, "Marciana Silva" zen, mugetako oihana alegia. "Marcomanni" edo mugetako jendea suebo germaniar tribuetako bat zen, Swabia estatu historikoari izena eman zioten.

Alemaniar nekazarien gerraren altxamendu batzuk, Bundschuh mugimendua barne, ingurune honetan sortu ziren, XVI. mendean. Hurrengo bi mendeetan, beste matxinada batzuk gertatu ziren meatzeen inguruan, Hotzenwaldeko eskualdean, Waldshut eta Lörracheko barrutietan. XVII. eta XVIII. mendeetako eraikin militarren aztarnak topatu daitezke gaur egun ere.

Ekonomia

Meatzaritza jarduera historikoa izan da eskualde honetan, Harri Aroan hematita, V. eta VI. mendeetan zeltiarrekin burdina eta erromatarrekin zilarra eta beruna. Erdi Aroan lanbide honek loraldia izan zuen. Basogintza oso garrantzitsua izan da halaber, hala itsasontziak egiteko nola etxebizitzak. Kristalaren industria, ikazkintza, erlojugintza, bitxigintza eta ur-errotariak ere ogibide tradizionalak izan dira.

Gaur egun motor ekonomikoa turismoa da, milaka bisitari jasotzen dituztelarik urtero. Museoen artean Vogtsbauernhofekoa dugu, XVI. eta XVII. mendeko etxaldeak eta orduko bizimoduak erakusten dituena, Gutacheko ibarrean. Furtwangen-en bestela, Alemaniako Erlojuaren Museoa dago. Beste interesgune batzuk Baden-Baden, Friburgo, Calw (Hermann Hesse-ren jaioterria), Gengenbach, Staufen, Schiltach, Haslach eta Altensteig herriak. Halaber, Feldberg, Belchen, Kandel eta Schauinsland mendi aldeak, Titisee eta Schluchsee lakuak, Santu Guztien eta Triberg-eko urjauziak eta Wutach ibaiaren arroila.

Argazki galeria

Erreferentziak

  1. 159. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2011-04-11).

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oihan Beltza Aldatu lotura Wikidatan