Turismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pariseko Eiffel Dorrea, munduan turista gehien jasotzen dituen tokietako bat.

Turismoa pertsonek euren ohiko bizitokitik kanpo egiten dituzten bidaia eta egonaldietan burutzen dituzten jardueren multzoa da, aisialdi, lanbide edo bestelako helburuetarako, urtebetea baino iraupen txikiago batez[1]. Turismoa egiten duten pertsonei turista deritze. Emandako definizioaren arabera, turistak dira, esaterako, oporretan beste herrialde, eskualde edo hiri batera doazen pertsonak eta familiak, feria edo enpresako biltzar bat dela etxetik kanpo dauden langileak [2], osasun-arrazoiengatik bainutegi batera joan behar duen pertsonak, Mekara erromes joaten diren musulmanak eta eguneko txango bat egiten duten familiak [3]. XX. mendetik garrantzi handia hartu duen jarduera da ekonomia zein kultura arloan, zerbitzuen sektorea osatuz, ostalaritzarekin estu loturik, munduko toki askotako paisaia, bizimodua eta ohiturak aldatuz. Gizarte ikuspegi batetik, turismoak gizabanakoari bizipen interesgarriak ere eskaintzen dizkio, ezagutzen ez dituen tokiak eta jendeak ezagutuz. Halaber, turismoak herri eta kultura ezberdinen arteko harremanak sortu eta sendotu ere egiten ditu, jendetza-turismoak tokiko jatorrizko kulturaren desagerpena ekar badezake ere. Bertako ingurumenean ere ondorio latzak eragin ditzake turismoaren gehiegizko garapenak.

Azken aldi honetan, bidaiari eta turista hitzak bereizteko joera sortu da gizartean. Turistak bere bidaia eta egonaldietarako turismoaren ekonomiak propio jarritako tokiak eta azpiegiturak (hotelak, garraioak, ikusgarriak) erabiltzen dituen bitartean aurretik antolatutako modu batez, bidaiaria helmuga eta baliabide horiek saihesten saiatzen da, bere bidaian zehar ezagututako jendeari esker eta ikasitakoaren bitartez bizipen pertsonala indartuz.

Turismoaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan-bidaiak bazterturik, antzinako zibilizazioetan aurkitzen dira turismoaren lehenengo aztarnak. Antzinako Grezian eta Erroman, gizarte-talde boteretsuek interes berezia erakutsi zuten beste toki eta kultura batzuk ezagutzeko. Alexandro Handiak konkistatu zituen lurraldeetako jendeak eta kulturetarako jakin-mina erakutsi zuen. Hadriano erromatar enperadoreak Grezia eta beste lurralde batzuetara egin zituen bidaiak asmo kultural huts batez askotan eta Erromatar Inperio via edo errepide-sare zabalari esker. Marko Polo 1275-1295 urte bitartean Txinaraino egin zituen bidaiak turismo modernoaren zehatz dokumentatutako lehenengo bidaia izan zela esan daiteke, beste kulturak ezagutzeko asmo hutsez egindakoa izan baitzen. Erdi Aroko erromesak ere turisten aitzindariak izan ziren, helburu erlijiosoak azalean, barnean garaiko mugiezintasunaren aurkako erreakzio gisa ere ulertu izan baita [4].Kristobal Kolon ere bidaiari handia izan zen, baina bere asmoak guztiz bestelakoak ziren, beste kulturak ezagutu edo turismoarekin zer ikusi handia ez zutenak. Merkataritza-bide berriak zabalik, Pizkunde garaian beste tokiak eta herriak ezagutzeko bidaiarako gogoa piztu zen handikien artean. Erresumak zabalagoak ziren eta horrek bidaia luzeagoak eta seguruagoak egiteko aukera ematen zuen. Horrela, Grand Tour turismo-mota sortzen da, turismo modernoaren lehenengo erakusgarria. XVII eta XVIII. mendeetan ugaldu zen turismo mota bat izan zen, Europako jende aberatsek egiten zutena Ingalaterra, Alemania, Suitza, Italia eta Frantzia zeharkatu eta bertako hiri garrantzitsuenetan geldituz. 40 hilabeteko iraupena ere izaten zuen bidaia hau egiteko arrazoiak anitz ziren: gazteen heziketarako egiten ziren, besterik gabe beste herriak ezagutzeko, arrazoi zientifiko edo artistikoak ere baziren edo osasunezkoak. Industria Iraultzarekin batera, garraiobideak garatu zirenean, beste tokietara joateko aukerak zabaldu eta zirkuitu turistiko honen gainbehera ekarri zuen. 1840 urtean Thomas Cook ingeles enpresaburuak turismo-bidaiak antolatzen hasi zen zabaldu berria zen trenbidea erabiliz. XIX. mendearen bukaeran klase ertainaren garapena hasita eta oporren legezko onarpenarekin batera, aste bat edo bi kostaldean pasatzeko ohitura zabaltzen hasi zen, Brightonera esaterako, atseden hartu eta osasunerako onuragarria zelako. Ohitura beste herrialdeetara zabaldu zen, Frantziako eta Italiako Riviera aldean eta, ozeanoz bestaldean, Kalifornian ere [5]. XX. mendean zehar, turismoaren hazkunde itzela jarraitu du eta mende hasieran gehienetan gizarteko goi-klaseen jarduera pribilegiatua izatetik gizarte osoaren funtsezko jarduera izatera heldu da. Adibidez, 1960ko hamarkadan zehar bikoiztu egin ziren nazioarteko bidaien kopurua, 183 milioitara iritsiz 1970ean; 2000 urtean nazioarteko 700 milioi bidaia zenbatu ziren [6]. Aldi berean, turismoa jarduera globala bilakatu eta gutxi dira munduan zehar, gatazkak bizi dituzten lurraldeak kenduta, turismoa nolabait garatu ez duten tokiak.

Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miarritzeko egungo Hôtel du Palais Eugenia de Montijoren opor-egoitza izan zen XIX. mendean. Berak erakarrita, Miarritze Europa osoko monarkien turismo-toki bilakatu zen.

XIX. mendeko Industria Iraultzarekin batera, Euskal Herrian turismo-iraultza ere izan zela baiezta daiteke. Lehenago ere, Euskal Herrira bidaiari ezagunak etorri ziren. Wilhelm von Humboldt jakintsuak 1799 eta 1801 urteetan Euskal Herrira egindako bidaiek euskal kultura ezagutzeko gogoak bultzaturik burutu zituen. XIX. mendeko lehenengo erdialdean, batez ere Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin ugari ziren ur termalen eta itsasoko uren onugarritasuna zabaldu zen goi mailako klaseen artean, sendagileek egindako ikerketen bitartez. Horrela, 1806 urtean zabaldu zen Zestoako bainutegia eta 1827an Arrasateko Santa Agedakoa. Hala ere, mendearen erdialdean izandako bi gertaera izango ziren Euskal Herriko kostaldearen garapen turistikoa bultzatuko zutenak: Elisabet II.a Espainiakoa erreginak osasun arazoetatik oneratzearren Donostiara egindako bisita, batetik; eta Frantzia enperadore Napoleon III.ak eta haren emazte Eugenia de Montijok Miarritzen egindako egonaldia, bestetik.[7] Horretan ere lagundu zuen Paristik eta Madrildik egindako trenbidearen luzapenak, Donostiara eta Biarritza gorteko aristokratek egindako bidaiak erraztu baitzituen. Bigarren Karlistaldiak eragindako etenaldi laburraren ondorioz,[8] mendearen amaieran Donostia Espainia osoko hiriburu turistikoa bilakatu zen,Maria Kristina Austriakoa Espainiako erreginak 1887 urtetik aurrera bertan pasatako udaldien erakarmenaren ondorioz.[9] Iparraldean, Miarritzeko Villa Eugenia Frantziako enperadoreen jauregia luxuzko Hotel du Palais bihurtu zen, Frantziako Inperioa desegin eta gero, baina Europa osoko aristokrazia bere geletan biltzen jarraitu zuen.[10] Victor Hugo eta Pierre Loti frantses idazleek[11] Euskal Herriaren irudi erromantiko eta exotikoa osatzen ere lagundu zuten, gerora turismoa erakarri egingo zuena. Garai berean, barne aldeko Kanbo ere elitearen turismo toki bilakatu zen, bertako ur termalei esker.

Donostiako zabalguneak hotelak ugaldu zituen XX. mendearen hasieran, turismoaren etorrera handitzeko aukerak emanez. Hauetan, Maria Kristina hotela nabarmendu behar da, elite-turismoaren erakusgarri argia, eta Donostiako udalak berak bultzaturik, turismoa sustatu asmoz. Aldi berean, Gipuzkoako kostaldeko herri zenbait ere ezagutu zuten goi mailako turismoaren garapena, hala nola Zarautz (XIX. mendetik eta Paskual Madoz politiko liberalaren ekimenez, kasu honetan), Zumaia eta Deba, Zestoako eta Alzola bainutegiekin batera. Hondarribia beranduago bilakatuko zen gune turistiko, Europako aristokraziak bultzaturik. Bizkaian ere Portugalete (gerora gune turistiko moduan garatu ez bazen ere), Algorta eta Areeta izan ziren turismorako lehenengo guneak.[12]

XX. mendearen hasieratik higienismoak eta naturismoak bultzaturiko osasun-turismoaren apaltzearekin batera, aisialdi-turismoa garatzen hasi zen. Euskal Herriko hiri et herri turistikoak azkar egokitu ziren joera horretara eta horrela kasinoak (Donostiako Kursaal kasinoa, esaterako), zezen-plazak, antzokiak eta bestelako ikuskizunetarako espazioak sortu ziren (Lasarteko hipodromoa, esaterako). Aldi berean, garraiobideen garapenak hiri eta herri turistiko hauetatik Euskal Herriko beste herriak ezagutzeko erraztasunak ekarri zituen, euskal kulturarekiko interesa piztuz horrela, baina interes folklorista huts batez gehienetan. 1936ko gerra ondoren, Francisco Franco jeneralak Donostia aukeratu zuen udako oportokitzat, aurreko monarkak bezalaxe. Horrela, tradizioari jarraiki, frankismo garaian ere Euskal Herriko kostaldeak Espainiako eliteen turismo-gune bihurtu zen, udako klima freskoa, luxuzko hotelak, gastronomia, ikuskizunak eta mugaren gertutasunak erakarrita. Lapurdin ere maila goreneko turismoa garatzen zen urte horietan, mugaz bestaldeko joerari jarraiki. 1955 urte aldera Europa aldeko turismoa heltzen hasi zen, errepide eta trenbide sareen hobekuntza eta automobilen ugaltzearekin batera. Britainia Handia, Frantzia, Alemania eta beste herrialde batzuetako turistak Euskal Herria bisitatzen hasi ziren, horietako asko Espainiako hegoaldeko hondartzetara bidean, espainiar turistei gehiengoa kenduz. Dena 1973 urtean hasitako krisialdi ekonomikoak 1970eko hamarkadako giro politikoak turismoa atzera jo zuen modu nabarmen batean.[13] XX. mendearen amaierak, ordea, turismoaren hazkunde handia ekarri du berriz ere, hegoaldean zein iparraldean. Batik bat Iparraldean oso nabarmena izan da kanpotarren bigarren etxebizitza izenekoen garapena, bertako herritarren dependentzia sozioekonomikoa eta herrien garapen desorekatua eraginez.[14]

Turismoaren geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu zabaleko jarduera da turismoa, baina aldi berean joerak eta kontzentrazio-eremuak erakusten dituena, jendeak turismoa egiteko erakusten dituen asmoak eta gogoak zein diren. Asmo eta gogo hauen zerrenda bat da honako hau:

  • Eguzki-hondartza turismoa, asmoa kostaldean atseden hartzea besterik ez denean, gauean jai eta bestelako erakargarriekin uztartu ohi dena. Klima epel eta eguzkitsuaren mendean dagoen turismoa da eta horregatik udan garatzen da gehien bat. Toki asko turismo-mota honetan berezitu dira, kostaldeetako ingurunean eragin txikitzaileekin kasu askotan, gainera, herriak etxe orratzez josiz edo hondartza ondoko eremu naturalak hondatuz. Adibide garbiak Alacanteko Benidorm herria da edo Balear Uharteak eta Kanariak Espainian. Munduan zehar, Karibeko kostaldeak (Punta Cana, Riviera Maya, ...), Mediterraneoko kostaldeak, Indiar eta Pazifiko ozeanoetako uharte eta kostaldeak (Seychelles, Polinesia, Thailandiako kostaldea, Kaliforniako kostaldea, Brasilgo kostaldeak edo hegoalderago Uruguayko Punta del Este dira [15].
  • Gertakari handiekin lotutako turismoa, non turista gertakariaren ikusle edo partaide zuzena izatea bilatzen duen. Adibidez, lau urtero ospatzen diren Olinpiar Jokoak ikusteko egiten den turismoa aipa daiteke; Formula 1 lasterketak eta futbol-txapelketarako finalek zaletu asko erakartzen dituzte partidua ospatzen den hirira, azken hauek ordu bakan batzuetako turismoa bakarrik izaten badira ere. Euskal Herritik urtero milaka zaletu (eta aldi berean, turista) abiatzen dira Frantziako Tourra osatzen duten etapak ikustera. Lau urtero hiri ezberdinetan ospatzen den Expo erakusketak ere turista asko erakartzen ditu.
  • Aisialdi-turismoa, helburu nagusia libertitzea denean. Adibide gisa, parke tematikoak aipa daitezke, batez ere haurrei zuzendutakoak: Nafarroako Sendaviva parkea, Kataluniako PortAventura eta Disneyland Paris parkea Parisen, esaterako. Atal honetan bil daitezke baita ere, Iruñeko Sanferminak jai herrikoiak edo Eivissako diskoteka-giroaz gozatzera doazen gazteak. Aisialdi-turismoaren modalitate berezi bat kruzero-turismoa da, bidaiari-ontzietan garatzen dena, bertan atsedena hartzeaz gainera, aisialdi-jarduerak ere biltzen dituena, hiriz hiri eskalak egiten diren bitartean. Arlo honetan hirugarren adinekoentzako turismo izenekoa ere sortu da: adibidez, Benidorm eguzki-hondartza toki izateaz gainera, agureentzako aisialdi-turismoa eskaintzen duen toki moduan ere ezaguna da, agureentzako dantzaldiak eta bestelako jarduerak eskainiz. Naturan burutzen diren kirol, abentura eta bestelako jarduerek (rafting, hipika, ...) turismo aktibo izena hartzen dute eta kategoria honetan bil daitezke.
  • Negozio-turismoa edo kongresu eta feria-kongresua, enpresa ezberdinetako langileak biltzen direnean produktuak erakutsi, elkar ezagutu edo harremanak finkatzeko asmoz edota ezagutza partekatzeko aitzakiarekin mundu akademikoko jendea hiri batean bildu egiten den. Adibide gisa, Pariseko Nekazaritzaren Nazioarteko Aretoa urteroko feria eta Frankfurteko Liburu Azoka aipa daitezke. Zientzialari eta jakintsuen biltzarrak ere ospatu ohi dira han eta hemen. Hainbat unibertsitatek antolatzen dituzten udako ikastaroak ere turismo-mota honen barnean koka daitezke. Hirietan biltzen den turismo-mota bat da eta egoitza gisa kongresu-jauregiak edo bestelako eraikin nabarmenak izaten dituzte.
  • Osasun-turismoa, non helburu nagusia osasunerako tratamenduak jasotzea den. Adibide gisa, azken boladan ugaldu diren bainutegi eta spa izenekoak dira.
  • Erosketa-turismoa, asmoa bizitokian aurkitzen ez diren produktu bereziak edo produktuak merkeago erostea denean. Adibidez, Hego Euskal Herrira mugaz bestaldeko jendea etorri ohi da tabakoa eta erregaiak erostera, Frantzian baino merkeago baitira. Bada jendea New York edo beste hiri batzuetara joan ohi dena hemen aurkitzen ez diren produktuak erosteko. Turismo mota honi shopping ere deritzo (ingelesezko shop edo denda hitzetik).
  • Erlijio-turismoa. Adibide garbiena Mekara joaten diren milaka erromes musulmanak dira; Done Jakue bidea egiten dutenak dira beste adibide bat[16] edo, Euskal Herritik gertu, Lurdesera erromes edo bisitan joaten direnak.
  • Turismo exotikoa beste lurraldeak eta jendeak ezagutzeko gogoz egiten den turismo-mota da. Turismo honen barnean, sailkapen hau egin daiteke:
    • beste kulturak ezagutzea; adibidez, txinatarren kultura interesgarri izan dakiguke euskaldunoi, bertako bizimodua eta ohiturak oso bereiziak baitira; aldi berean, atzerritarrek euskaldunon jaiak bizi eta euskal gastronomia ezagutzeko irrikitan etorri ohi dira bisitan;
    • historia eta artea ardatz nagusi dituen turismo kulturala. Turismo mota honen adibide garbi bat Italia eta Grezian egiten dena da, herri hizkerako harriak edo monumentu eta aztarna arkeologikoak ikusteko. Museoak ere turismo mota honetako helburu izaten dira. Munduan, adibidez, famatua da Paris Louvre museoa.
    • ingurumena; natura aldetik munduko eskualde ikusgarriak bisitatzea da askoren gogoa, adibidez Pirinioak edo Saharako basamortua; beste batzuetan tokiko fauna eta landaredia dira turismoa egiteko arrazoia nagusiak, Afrikako fauna bertan ikusteko Kenyara joaten denean, esaterako). Parke naturalak ere turista hauen helmuga izaten da. Turismo mota honetan sailka daiteke baita ere abentura-turismoa, ingurumenaren gertutasunaz gainera, arriskuaren lilura ere bilatzen duena.
  • Familia eta lagunei bisita egitea, etorkinen artean arrunta den turismo-mota da. Adibidez, ohikoa Euskal Herrian bizi diren hegoamerikarrak euren familiak ikusteko oporrak aprobetxatzea; halaber, uda hasieran eta bukaeran sarri ikusten dira Euskal Herriko errepideetan Europako iparraldean lanean ari diren magrebtar etorkinen automobilak behera eta gora, Afrikako euren jaioterrietara bidean. Turismo mota honek garrantzi ekonomiko txikiagoa du, ordea, turistak familiaren edo lagunen etxeetan egiten baitute lo, hoteletan gasturik egin gabe. Askotan, gainera, beste tokietara joateko diru nahikorik ez duenean, jendeak erabiltzen duen turismo-mota da.

Kategorizazio zehatzagoa ere osa daiteke, arrisku-turismoa, turismo erotikoa (Kuba eta Brasil dira horretarako helbide ezagunak), abentura-turismoa eta abar.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriak aurreko zerrendako turismo-mota guztietarako gune eta baliabideak eskaintzen ditu. Eguzki-hondartzako turismoari begira, 200 kilometrotik gorako kostaldea du Baionatik Muskizera. Kostaldeko paisaia nagusia itsaslabarra izaten bada ere, 25 hondartza daude Bizkaian, 17 Gipuzkoan [17] eta 15 Lapurdin, udaran batez ere turista asko bisitatzen dituztenak. Euskal Herriko klimaren ziurgabetasunak, ordea, ez du eragin beste turismo-gune batzuetan (Mediterraneoko kostaldeak, esaterako) egoten den udako masifikazioa. Gehienetan hiriko hondartzak dira (Kontxako hondartza, Ondarreta, Zarautz) euskal geografian daudenak, natura giroko hondartzak ere badauden arren (Saturraran, esaterako). Zumaiatik Debara bitarteko itsaslabarra gune turistiko moduan ere sustatu da, natura eta paisaia aldetik duen interesagatik. Hondartza hauen inguruetan, kirol-portuak ere eraiki dira, horien eraikuntza dela eta naturan eragindako kaltea salatu bada ere [18]. Turismoak kostalde inguruan ekarritako gehiegizko urbanizazioa ere salatu da. Hondartzek erakartzen duten turismoa udakoa izanik, kostaldeko herri askotan oso nabaria udatik negurako aldaketa. Adibide garbiena Hendaia da, bereziki bere hondartzako inguruetan: neguan kaleak hutsik eta dendak zein etxebizitzak itxita egoten dira, udan kanpotik etorritako jende saldo itzelek hondartza eta kaleak hartzen dituzten bitartean.

Gertakari handiekin lotutako turismoari dagokionez, Donostian eta Bilbon batez ere aldian behin ospatzen diren kontzertuek, non nazioarteko izarrak izenekoek hartzen duten parte, Frantzia eta, batez ere, Espainia aldeko gazte asko erakarri izan dituzte [19]. Donostiako zinemaldiak mundu zabaleko kazetari eta zinemazale asko erakartzen ditu urtero. Bestelako gertakariak ere badaude: Kontxako Banderak batzuetan Galiziatik ere zaletu asko erakartzen dit; neurri apalagoan astero Bilbao Athletic eta Erreala futbol taldeek jokatzen dituzten partiduek ere kanpoko talde hauetako jarraitzaile asko erakartzen dituzte. Gertakari handi hauek erakartzen duten turismoa egun bakar edo ordu gutxi batzuetakoa da bakarrik, bere presentzia kaleetan, taberna-giroan askotan, oso nabarmena izaten bada ere. Donostiako Musika Hamabostaldia eta Donostiako Zinemaldiak ere turista asko erakartzen dituzten gertakariak dira.

Donostia eta Bilbo dira, baita ere, negozio eta kongresu eta feria-turismoko gune nagusiak. Donostiako Kursaal jauregia eta Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Center dira izaten dira horretarako egoitza nagusiak. Irun FICOBA zentroa ere horrelako ekitaldietarako erabiltzen da. Urtero ospatzen den Durangoko Azoka, liburu, disko eta bestelako kultura-industrien inguruan euskaldunon topagune nagusienetakoa da. Osasun-turismorako baliabideak dira antzinako Zestoako bainutegia, Fiteroko bainutegia eta XX. mendearen amaieraz geroztik zabaldutako spa zentroak (Hendaiako talasoterapia zentroa, esaterako). Bertako erosketa-turismoa ere garatuta dago Euskal Herriko hiriburuetan nagusiki: larunbatetan batez ere Euskal Herriko herri txikietako eta inguruko lurraldeetako herritarrak hiriburu hauetara hurbiltzen dira erosketak (arropak, ...) egiteko asmoz, edota besterik gabe aisialdi-egun bat pasatzeko. Erlijio-turismoko gune gutxi daude Euskal Herrian: ezagunenak Loiolako, Azpeitian, eta Oñatiko Arantzazuko santutegiak dira.

Euskal kulturaren berezitasunak ere turista asko erakartzen ditu, turismo exotikoaren atalean, euskaldunok ezagutzeko jakin-minez. Jaiak, euskara, gastronomia, bizimodua, kirolak eta bestelako ezaugarriak mundu zabaleko jende askoren erakargarri dira. Jaietan mundu osoan ezagunak dira Iruñeko Sanferminak, nazioartean Ernest Hemingway idazleak ezagutarazi zituenak[20]. Gasteiz, Baiona, Donostia eta Bilboko udako festak eta aste nagusiak ere inguruetako jende asko erakartzen dute. Euskal kultura eta historia ezagutzeko museoak ere badaude. Euskal gastronomia ospetsua da mundu osoan; adibidez, Donostia inguruetan Michelin gidak esleitzen dituen hiru izarretako hiru jatetxe daude (Akelarre eta Arzak Donostian; Berasategi, Lasarten) [21]. Pintxoak famatuak dira mundu osoan, euskal sukaldaritza tradizionaleko beste plater zenbaitekin batera [13].

Aisialdi-turismoari dagokionean, Euskal Herriko geografia fisikoak, mendi eta ibarrez josia, bidezidor kirola eta gisako jarduerak egiteko aukera zabala eskaintzen du. Lurraldean zehar, Euskal Herriko parke naturalak aipatu behar dira (Valderejo, Aiako Harria, Urbasa, besteak beste). Itsasoarekin loturiko jarduerak ere egin daitezke, mundu osoan ezagunak diren surf-guneak (Zurriola, Miarritze, Mundaka, esaterako). Kultura arloan, arte eta arkitektura arloan, Guggenheim Bilbao Museoak turista asko erakartzen ditu Bilbora.

Munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko ikusgarri bisitatuenak [22]
Ikusgarria Bisitariak (milioak)

Times Square, New York hiria Flag of the United States.svg 35
National Mall, Washington Flag of the United States.svg 25
Disney World, Florida Flag of the United States.svg 16.6
Trafalgar Square, Londres Flag of the United Kingdom.svg 15
Disney World, Kalifornia Flag of the United States.svg 14.7
Niagarako ur-jauziak Flag of the United States.svg 14
San Francisco erdigunea Flag of the United States.svg 13
Disneyland, Tokyo Flag of Japan.svg 12.9
Parisko Notre-Dame katedrala Flag of France.svg 12
Disneyland, Paris Flag of France.svg 10.6

Munduan zehar turismo-jarduerak erakusten duen espazio-banaketa ez da uniformea. Nazioartean, Europako herrialdeak dira munduan zehar gehien bisitatzen direnak, bertako kultura eta historiak erakarrita batez ere. Baina, aldi berean munduan gero eta turista gehiago erakartzen dituen herrialde bat Txina da, gehien bisitatutako herrialdeen sailkapenean azken urteotan maila asko igo dituena. Estatu Batuarrek ordea, beraien mugen barnean bidaiatzeko joera izaten dute: aipatu behar da beraien mugetan munduan gehien bisitatutako tokiak daudela. Nazioarteko bidaiak zenbatzen badira, hauek dira gehien bisitatu ziren herrialdeak[23]:

Sailkapena Herrialdea Nazioarteko turistak (milioiak)
1 Frantzia Flag of France.svg 79.3
2 Estatu Batuak Flag of the United States.svg 58.0
3 Espainia Flag of Spain.svg 57.3
4 Txina Flag of China.png 53.0
5 Italia Flag of Italy.svg 42.7
6 Britania Handia Flag of the United Kingdom.svg 30.1
7 Ukrainia Flag of Ukraine.svg 25.4
8 Turkia Flag of Turkey.svg 25.0
9 Alemania Flag of Germany.svg 24.9
10 Mexiko Flag of Mexico.svg 22.6

Egindako gastuari buruz sailkatuta, Estatu Batuak, Alemania, Japonia, Britainia Handia eta Frantzia dira turistak bidaltzen dituzten herrialde nagusienak [24].

Turismoaren sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turismoa eragile, faktore eta erabaki ezberdinen sistema gisa.

Turismoa sistema bat da, oinarri, faktore eta hainbat eragile harremanetan jartzen dituena. Turismo-sistema irudikatzeko era ezberdinak daude ordea. Neil Leiper turismoaren ikerlariaren arabera [25], turismoak prozesu bat da:

  1. Ateratzekoak diren turistak
  2. Turisten jatorria
  3. Turisten bidaiak
  4. Turisten helbidea
  5. Itzulitako turistak

Lehenengoa eta azkenekoa kenduta, tarteko hirurak elementu geografiko, ekonomiko eta sozialak biltzen dituzte. Badira turismoaren bestelako sistematizazioak ordea, ondoko irudian erakusten den bezala.

Turista aukeratutako helbidera heldu eta bertan bere asmo eta gogoak betetzeko, gizarte eta ekonomiako atal ezberdinekin jardun behar du. Turismoaren piramidearen oinarrian, non turista erpinean dagoen, bisitatu beharreko toki edo helbideko ingurumena eta kultura daude. Bidaia eta oporren helburu nagusia ingurumen atsegin batean bolada bat pasatzea da. Hori dela eta, ingurumen zaindua eta klima egokia, besteak beste, helbidea aukeratzeko oinarrizko irizpideak izaten dira. Kultura arloan abegikortasuna faktore garrantzitsua da turistak egonaldi atsegin bat izateko. Helbidearen aukeraketa faktore ekonomiko eta politikoek ere eragiten dute eta hauek turistak helbidea hautatzeko irizpideak aldaraz ditzakete. Adibidez, Eskandinaviako maila ekonomikoa oso altua izan daiteke euskaldun batentzat eta bertako herrialdeak bisitatzeko asmoak bertan behera utz ditzake.

Ez da nahikoa toki batean paisaia zoragarria eta kultura interesgarria turistarengan erakarmena sortzeko. Helbideko turismo-guneak irisgarriak eta modu erosoan eskuragarriak izan behar dira. Harrera egoki baterako azpiegitura egokiak (hotelak eta bestelako ostatuak, jantoki eta jatetxeak) garrantzitsuak dira eta bertara iristeko garraiobideak ere funtsezkoak dira. Adibidez, munduko basamortuak lurralde liluragarriak izan arren, ez dira asko bertara joaten ausartzen direnak, bertara iristeko zailtasunak eta bertan egoteko pasa beharreko nekeak ikusita. Bestelako baliabideak ere turismoa erakartzeko garrantzitsuak, hala nola turisten informazio-guneak eta komunikabide egokiak. Turismorako kultura izatea ere kontuan hartu beharreko da; adibidez, helbideko turismo-langileen jatortasun eta prestutasuna.

Helbideko turismo-eragileek(erakunde publikoak, hotelak, jatetxeak, aisialdi-enpresak) turistarekin harreman zuzena bilatzen dute, euren tokiko eskaintza sustatu asmoz. Horretarako turismo-feriak, aldizkariak edo webguneak eratzen dira. Turismo-bidaia zehaztu eta kontratatzerakoan ere, turistak bere kabuz eta zuzenean egin dezake bertara eramango duten garraiobide-enpresa eta bertan ostatu eskainiko dioten hotelekin. Hala ere, helbideko turismo-eskaintza eta zerbitzuak ezagutarazi eta eskura jartzeko bitartekariak erabili ohi dira. Horrela, ohikoa da, erosotasunez, turistak bidaia aurretik egiten dituen kontratazio hauek bidai-agentzia baten bitartez egitea, non erreserben kudeaketa eta ordainketa aurrez egin daitekeen. Beste mota bateko bitartekariak tour operadoreak dira, turismo-gune bateko eragileekin adostuta, opor-bidaiak, zirkuituak edo paketeak antolatzen dituztenak, garraioa, egonaldia, txangoak eta aisialdi-jarduerak bateratuz pakete turistiko batean. Tour operadore hauen paketeak bidai-agentzien bitartez, handizka alegia, edo txikizka, webgunetik bezeroarekin zuzenean harremanetan, saltzen dira.

Ostatu motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bidaiaren iraupena egun bat baino luzeagoa denean, lo egin eta beste beharretarako ostatua behar da. Turismoa gizarte osora zabaldutako ohitura izanik, anitz dira ostatu motak, maila ekonomiko guztietarako. Hotelak ostatu eta bestelako zerbitzuak (otorduak, spa, ...) eskaintzen duten establezimendu turistiko ohikoenak dira. Izar kopuru bati jarraiki (izar batetik bost izarretara) sailkaturik izaten dira, eskaintzen dituzten zerbitzuen erosotasunaren edo luxuzko izaerari buruz. Hotel bateko kontratatzean, zehaztu behar da ostatua bakarrik (gosaria barne), ostatua otordu batekin (pentsio erdia ere deitzen zaio ostatu mota honi) edo ostatua otordu guztiekin (pentsio osoa) hartzen den. Badira hotel-erresidentzia izeneko ostatuak non otordurik ez den inolaz ere eskaintzen. Beste mota bateko hotelek aisialdi, igerileku, kirol eta zerbitzu-eskaintza zabala eta osotua eskaintzen dute: resort hotelak edo konplexu turistikoak dira, gehienetan maila ekonomiko handia duten turistentzat eta turista bertara heldu eta bere egonaldi osoan bertatik ez ateratzeko antolatuak, dena barne lelopean[26]. Askotan, hotel anitz enpresa bakar baten esku jartzen dira, hotel-katea sortuz horrela. Hotelak baino apalagoak eta txikiagoak diren ostatu-etxeek pentsio izena dute. Hauek ez dute gehienetan gosaririk eskaintzen eta prezio merkeagoak izaten dituzte [27]. Aparthotelak edo hotel apartamentuak, lo egiteko gelaz gainera, otorduak prestatzeko sukalde bat eskaintzen duten hotelak dira. Etxebizitzak edo apartamentu pribatuak alokairuan hartzea da beste irtenbide bat turismoa egiteko. Etxebizitza pribatuak zenbait egunetarako elkar trukatzeko sistemak ere badaude, web sarea erabiliz antolatzen direnak [28]. Nekazalturismoan baserriak edo landa-etxeak dira ostatu, turistak etxekoak bizi diren etxe berean ostatu hartuz [29]. Aterpeak gazte jendearentzako ostatu izaten dira: prezioak oso merkeak dira eta gela beste pertsona batzurekin batera partekatu behar izaten da [30]. Camping edo kanpinak soro zabaletan hedaturik dauden instalazioak dira, kanpin-denda altxatzeko tokia eskaintzen dute, bestelako zerbitzuekin batera (ura, dutxak, dendak); bungalow izeneko etxe txikiak ere izaten dituzte. Karabanak eta autokarabanak garraiobideak izateaz gainera, bertan lo egin eta otorduak prestatzeko aukera ematen duten ibilgailuak dira. Bigarren etxebizitzak dituzten turista ugari ere badago, kostaldeetan bereziki, eta hauek izan dira kostaldeetako ingurumena hondatzera eraman duten faktore nagusienetako bat[31].

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turismoaren garapena garraiobideekin estu loturik dago. XIX. mendearen bukaeran turismoak izan zuen garapena trenbide-sareen hedakuntza eta bidaiari-ontzien ugaltzearekin zegoen erlazionaturik. Garraioaren zabalkundeak garai hartako munduaren ikuspegian ekarri zuen aldaketa Jules Vernek 1872 urtean idatziriko Munduari itzulia laurogei egunetan islatzen da:

« Lurra txikitu egin al da, akaso? Zalantzarik gabe, erantzun zuen Gauthier Ralphek. Fogg jaunaren iritzi berekoa naiz. Lurra txikitu egin da, egun hamar aldiz azkarrago zeharkatzen baita orain dela ehun urte baino.  »

—Julio Verne, Munduari itzulia laurogei egunetan.

Garraiobideen iraultza jarraitu egin zuen XX. mendean ere, era nabarmenago batez 1950etik aurrera: automobila herritartu eta hegazkin-bidaiak neurri handian garatu dira, bertako eta nazioarteko ibilbideak erraztuz. Ordura arte, trenbidea izan zen turismoarako garraiobide nagusia, baina ordutik aurrera nabarmen jeitsi zen bere erabilera [32]. Arrazoia erreakzio-motoreko hegazkinen ugalketa izan zen, nazioarteko bidaietan batez ere. 1958 urtean Estokolmotik Kanaria Handia uhartera hiru egun behar baziren bidaia egiteko, hiru eskaletan, egun bost ordutan eta zuzenean egin daiteke. Egun, nazioarteko bidaietarako hegazkina da bidaiairen portzentaje handiena hartzen duen garraiobidea. Horretarako faktore garrantzitsu bat XX. mendearen bukaeran hegazkina herritar arruntera hurbildu duten low cost edo kostu baxuko hegaldiak izan dira, hegaldi konbentzionalak eta maiz trena eta busa baino merkeago, informazio-teknologien garapenari eta premiagabeko gastuen ezabaketari esker [33]. Ohikoak dira, halaber, denboraldi turistikoan charter hegaldiak, bereziki turistak eramateko helgadi ez-erregularrak alegia, antolatzea.

Herrialde bateko mugen barnean egiten den inguurko edo bertako turismoaren kasuan, garraiobide nagusi automobila da. Bere abantaila nagusiak bere malgutasuna (une oro edonora joateko aukera ematen du) eta kostu txikia dira. Eragozpenak ere baditu, hala nola trafiko-ilarak eta maila kolektiboan beste garraiobideen aldean sortzen duen kutsadura handiagoa. Hiri batetik bestera eta distantzia ertaineko turismorako nabarmen garatzen ari den beste garraiobide bat abiadura handiko trena da, 300 km/h abiadura izaten dutenak. Trenbide klasikoa ere garraiobide egokia da hiriz hiri mugitzeko eta oso erabilia da gazteen artean, trenbide-konpainiek trenez prezio merkean bidaiatzeko eskura jartzen dituen bonoei esker[34].

Turistak bere helbidean dagoela inguruetan mugitzeko (helbide nagusitik bigarren mailako helbideetara) erabiltzen dituen garraiobideek ezaugarri bereziak dituzte. Bere bizitokitik helbide nagusira heldu berritan (aireportu edo tren-geltokia), hotelera joateko lehenengo bidaia bat egin behar izaten da, transfer izenekoa, bidaia antolatuetan busez egin ohi dena, baina bestela taxia edo, hiri handietan, metroa erabiliz egin daitekeena. Hirien ikuspegi orokorra izateko ibilbideak egiten dituzten bus turistikoak egoten dira [35]. Aldi berean, hiri-helbideetan ohikoa da beste garraiobide bat erabiliz heldutako turistek automobilak alokairuan hartzea, helbide inguruko lurraldean mugitzeko [36] / [37]. Hiri batetik abiatuta inguruetara ordu batzuetako txangoak egiteko bus turistikoak ere maiz antolatzen dira [38].

Turismoaren denbora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egonaldi turistikoaren iraupenaren eta bidaiaren distantziaren artean alderantzizko erlazio bat izaten da: zenbat eta urrutiago joan, egonaldia orduan eta luzeagoa izaten da.

XX. mendean zehar, turismoa udako oporrekin loturiko jarduera izan da. Lehen opor hauen nagusitasunak turismo sektorerako arazo anitz eragin ditu, gehiegizko estazionaltasunak turismoa garapenerako jarduera nagusi moduan planteatzeko zailtasuna ekarri eta turismo-lekuen errentagarritasuna kolokan jarriz. Ongizate-gizartearen zabalkuntzak urtean zehar opor nagusietaz gainera, beste oporraldi zenbait izatea ekarri du (egutegiko zubiak, Aste Santua, Eguberriak). Bigarren edo hirugarren oporraldi hauetan egindako turismoa (ingelesez short break izenez ezaguna) garatu da XXI. mendearen atarian, garraiobideen garapenari eta sektore turistikoak printzipioz hutsik izan behar zituzten leku horiek betetzeko eskaintza bereziak egiteari esker. Bigarren oporraldi hauen garapenak ahalbideratu duen beste faktore bat informazio-teknologien zabalkuntza izan da, horiei esker turismo-bidaia baten kontratazioa berehala egin baitaiteke, aurrez planifikazio handirik egin gabe. Low cost hegazkin-konpainia merkeen ugaltzeak ere turismo laburraren goraldia eragin du. Badira, ordea , klima arrazoiengatik, udan eta neguan bakarrik turistak hartzen dituzten turismo-guneak (hondartzak, eski-estazioak). Kasu horietan estazionaltasuna gainditzeko, turismo aktiboa (senderismoa, eski-estazioen kasuan; edo kultura, hondartza-toki zenbaitetan) proposatu izan da [39]. Denborari buruzko mugak ez dituen giza-talde bat erretiratuek osatutakoa da. Oporrak noiznahi egin ahal badituzte, turismoaren estazionaltasuna orekatuz.

Nolanahi ere ere, oporraldien ugaltzea eta zatiketak, gero eta azkarrago doazen turisten mugikortasunarekin batera, arazo berri bat ekarri du: egonaldiaren laburtasun nabarmena. Adibide gisa, Gipuzkoako ostatuetan jasotako datuen arabera, batez besteko egonaldia 2 egunetara ez zen iristen XX. mendearen amaieran [40], lurraldea eta bertako jendea ezagutzeko denbora benetan eskasa eta garatzen ari den ikuskizun-turismoaren adierazgarri nabarmena.

Jendetza-turismoa eta ekoturismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benidorm, jendetza-turismo izenekoaren adibide garbi bat.

XX. mendeko turismoaren garapen itzelak turismo-eredu uniforme, zehatz eta jakin bat sortu du, jendetza-turismo izenekoa. Turista saldo handiak biltzen dituen jarduera-mota izateaz gainera, bestelako ezaugarri eta ondorio kualitatiboak ere baditu jendetza-turismoa:

  • turista-multzo handien bidaia eta egonaldien baterako diseinu eta antolakuntza;
  • bidaia, egonaldi eta aisialdi-jarduerak estandarrak, homogeneoak eta zurrunak dira, eskala-ekonomiak sortuz horrela [41];
  • helbideko bertako kultura eta ingurumenarekiko errespetu-eza, eredu arrotzak inportatuz;
  • kopuru handietarako antolatutako turismoa denez, turistarentzat diru-kostu zuzena murriztu egiten da [42].

Jendetza-turismoaren adibide garbia Espainiako Mediterraneoko kostaldeetan dago, Alacanteko Benidorm eta Malagako Costa del Sol inguruetan. Hondartza eta aisialdi-turismoa da nagusiki, milaka eta milaka turista jasotzen dituena ustezko prezio merkeek erakarrita. Hotel eta beste eraikinetako urbanizazio trinko batekin lotuta egoten da, milaka turista batera jasotzeko. Jendetza-turismoak kulturan duen eraginaren erakusgarri nabarmen bat Disneyland Paris parke tematikoa da, non Europa osoko milaka eta milaka familia joaten diren urtero, erabat artifizialki eraturik dagoen herri batera, non alegiazko modu batean Disney etxeko pertsonaiak bizi diren:

« Hain urrun ez dagoen mundu magiko batean, desiretako herrialdearen eta ametsak errealitate bihurtzen diren herrialdearen artean, Disney heroiak amaierarik gabeko ipui maitagarri batean bizi dira.  »

—Disneyland Paris parkearen aurkezpena. [43]

Bere goraldian turismo mota honek turistak jasotzen dituen gizartearen garapen ekonomiko nabarmena eragiten badu ere, iraunkortasunik gabeko turismoa da, goraldi baten ondoren aurrera jarraitzeko arazo handiak dituena, bertako ingurumena guztiz birrinduta turistek ustiatu gabeko helbide turistiko berriak bilatzen dituztelako. Gainbehera doazen lurralde turistiko masibo hauen kasuan, prezio-murrizketa, askotan turismo-langileen bizimoduaren kaltetan, edo inbertsio handiko proiektu berri erraldoiei ekitea, eskaintza turistikoa berrizteko asmoz izan dira erabili diren alternatibak, baina gainbehera luzatu besterik ez dutela egiten frogatu da, turismo masiboa harrapakari-izaera nabarmenduz [44][45].

Jendetza-turismoaren alternatiba gisa sortzen da ekoturismoa. Turismo iraunkor terminoarekin batera erabili ohi da. Ekoturismoa ingurumenean eragin apala izan eta bertako gizartearen kultura eta tradizioak errespetatu egiten duen turismoa da, eskala txikian garatutakoa eta turisten bertako jendearekin harremana, elkartasuna eta parte hartze aktiboagoa eskatzen duena. Ekoturismoak ez luke bertako gizartearen ekonomiaren dependentzia ere sortu behar. Ekoturismo eta turismo iraunkorraren definizioen barnean sartu beharreko turismo-jardueren inguruan eztabaida dago eta ekoturismoa turismo-enpresek irabazi handiagoak lortzeko marketing-estrategia besterik ez dela ere aipatu da, egungo ekoturismoa biharko jendetza-turismoa besterik ez dela baieztatzearekin batera. Nahiko argi dago, ordea, ekoturismoa ez dela naturan egiten den turismoa, naturan burutzen diren jarduera turistikoek ingurumenaren kaltetan izan baitaitezke kasu askotan[46]. Nolanahi ere, aipa daitezke ekoturismoarekin lotzen diren praktika zenbait, hala nola senderismoa, bertakoen etxebizitzetan ostatu hartuz egiten den turismoa (nekazalturismoa), elkartasun-turismoa, Gobernuz Kanpoko Erakundeekin elkarlanean arazoak dituzten giza-taldeei bisita egin eta horien problematika ezagutzeko denean alegia, pertsona batek Europan zehar hiriz hiri biziklateaz edo trenbidea erabiliz egin dituen ibilerak. Ildo horretatik, ekimen zehatzak daude ekoturismoa bultzatzeko, WWOOF ekimena esaterako, non produktu biologikoak ekoizten dituzten granjetan egonaldiak egiten diren bidaiariak bere lana eskainiz, ostatu eta ikaskuntza trukean; 2009ko azaroan Kordobako deklarazioa sinatu zen, non hainbat herrialdetako turismo-eragileek elkartasunezko turismo baten aldeko printzipioak dauden eta kalitatezko label zenbait daude martxan ekoturismoarako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko [47].

Turismoaren ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduan turismoa sektore ekonomiko nagusienetakoa da. Munduko Barne Produktu Gordinaren %10 gutxi gorabehera sortzen zuen XXI. mendearen hasieran [48] eta XX. mendeko azken 25 urteetan %4.7ko hazkunde izan zuen urteko, munduko BPG urteko %3.7 gehitu zen bitartean [49]. Herrialde askotan Barne Produktu Gordinaren zati handi osatzen du; horrela, Antigua eta Barbuda herrialdean BPG osoaren %87 sortzen zuen 1997 urtean eta %81 Balear uharteetan[50]. Beste muturrean, Britainia Handian, esaterako, BPG osoaren %4 hartzen du, aurrekoen aldean portzentaje txikia bada ere, zati nabarmena da beste sektoreen ekarpena banaka aztertzen bada. Turismoa ordainketa-balantzak orekatzeko funtsezko sektorea da gainera, turistek ekonomia osora hedatzen diren zuzeneko diru-sarrerak eginez. Turista atzerritarren gastuak esportazioen pareko efektua du ekonomian, gastu horiei barnehartzen dituzten inportazioak kendu behar bazaizkie ere, efektu garbia aztertzeko [51] Jasotako datuen arabera [52], turisten gastu guztietatik %30-%40 bitartean gutxigorabehera jatetxeetan gauzatzen da, %20-%25 hotel eta bestelako ostatuetan, %15 garraioetan eta %15 ondasunetan.

Turismoak sortzen duen enpleguari dagokionez, lan-indarraren erabilera intentsiboa egiten duen sektorea da, kalitate txarreko enplegua izaten bada ere: kualifikatu gabeko lanpostuak izaten dira, mugikortsun handikoa, behin-behinekotasunez eta ordutegi luze eta ez-ohikoetan lan egiten duena (asteburuetan, ...).

Turismoaren eskaria uneko egoera ekonomikoaren mendean dago neurri batean: familien egoera ekonomikoak guztiz baldintzatzen ditu turismo-tokia, iraupena eta bidaiatzea bera ere. Gero eta modu nabarmenagoan bidaiatzea pertsonen behar lehenetsietan badago ere, oporretan xahutu beharreko aurrekontuei dagokienean turismoak eskaintzen dituen aniztasunak eta malgutasunak eskaria oso elastikoa izatea eragiten dute helbide jakin bat aukeratzean. Horrela, turismo-sekotreko konkurrentzia handia izaten da, helbide zehatzetan eta baita herrialde mailan ere.

Turismoaren soziologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turistaren profila zerikusi eskasa du historiako esploratzaile, konkistatzaile, misiolari eta bidaiari handiekin. Turistak XIX. mendean jaiotzen dira, klase aristokratiko eta burgesek osasun-arrazoiengatik eta literatura-lanek deskribatutako bidaiak simulatzeari ekiten diotenean. Lehengo eta baita egungo turista hauen bidaiak aisialdikoak dira, antzinako bidaiari handien helburu ekonomiko, politiko eta zientifikoetatik kanpo. Luxuzko jarduera da eta egungo turismoa luxuaren demokratizazioaren emaitza besterik ez da. Areago, egungo jendetza-kultura, cool edo moderno izatearen ezaugarriak turismoaren nagusitzareakin batera etorritako ondorioa dela aipatu da: azaleko interkulturalidadea eta mugikortasuna [4]. Horrela, turismoa globalizazioarekin lotzen den jarduera da, bai mugikortasunaren aldetik (ez baitago ia munduan lurralde ezezagunik eta nonnahi ikus daitezke turistak) bai kulturaren aldetik (toki guztiak berdinak direnez, turismoaren banalizazioa bat gertatu da), turistaren hasierako asmoa zerbait berria edo benetakoa ezagutu eta bizitzea bada ere. Izan ere, industria-gizarteak ekarritako ez-benetakotasunak egiazko itxura duten eszenatokiak bilatzera eraman du, konpormetitizen ez duen modu eroso batean [53].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Nazioarteko Turismo Erakundeak 1993 urtean emandako definizioa da hau.
  2. Ez dira, ordea, turistak kanpora lan egitera joan eta horregatik ordainsaria jasotzen duten langileak, azafatak edo kazetariak, esaterako.
  3. Nabarmendu behar da ez dela zuzena turismoa besterik gabe oporrekin lotzea: lan, osasun eta bestelako arrazoiengatik ere egin daiteke turismoa.
  4. a b (Ingelesez)   Sloterdijk, Peter, Tractatus philosophico-touristicus, http://books.google.es/books?id=MhxVS2k69TgC&pg=PA270&lpg=PA270&dq=tractatus+philosophico-touristicus&source=bl&ots=pxXlzTu75Q&sig=_epdQcMUPwm__qMKh1i_fjriFBQ&hl=es&ei=GNylS-WTAseosAbOvNm9Cw&sa=X&oi=book_result&ct=result&resnum=4&ved=0CBcQ6AEwAw#v=onepage&q=tractatus%20philosophico-touristicus&f=false ..
  5. (Ingelesez)   Holden, Andrew (2006), Tourism studies and the social sciences, 27-31. orrialdeak, http://books.google.es/books?id=Ok2XoM6wJR8C&printsec=frontcover&source=gbs_v2_summary_r&cad=0#v=onepage&q=&f=false ..
  6. (Ingelesez)   Hudman, Lloyd; Jackson, Richard, Geography of travel and tourism, 29. orrialdea, http://books.google.es/books?id=MyGjpyNAur0C&printsec=frontcover&source=gbs_v2_summary_r&cad=0#v=onepage&q=&f=false ..
  7. Eugenia de Montijok (1826-1920) txikitandik bisitatzen zuen Miarritze.
  8. Etenaldi honek Santander eta Kantabriako turismoa abiarazi zuen, helmuga alternatibo gisa.
  9. Erreginaren aginduz, Miramar jauregia eraiki zen egoitza ofizial moduan.
  10. (Gaztelaniaz)   Hotel du Palais: el lujo de los emperadores, 2010-03-16, http://www.puntoradio.com/especiales/sorteo_dupalais/info_hotel.pdf ..
  11. Pierre Lotik euskal giroko Ramuntcho eleberria da ezaguna.
  12. (Gaztelaniaz)   Larrinaga, Carlos, La madurez de un producto turístico: el País Vasco entre 1876 y 1936, http://www.usc.es/estaticos/congresos/histec05/b9_larrinaga.pdf ..
  13. a b (Gaztelaniaz) Estructura Económica de Gipuzkoa. Turismo. 2010-03-18an kontsultatua.
  14. Euskal Herriaren nazio askapenerako Euskadi Ta Askatasuna eta, batez ere, Iparretarrak erakunde armatuen aldetik, Euskal Herriaren kolonizazio turistikoa salatu izan da. Ikus: (Gaztelaniaz) Entrevista a ETA eta Iparretarrak, Euskomedia webgunean. XXI. mendearen hasieran ere Irrintzi erakunde armatua ere interes turistikoen aurkako erasoak eginez nabarmendu zen.
  15. Ingelesez, lau S (ese) letrak aipatzen dira turismo honen helburuen artean: sun (eguzkia), sea (itsasoa), sand (hondarra) eta sex (sexoa).
  16. Done Jakue bidea oinez ibiltzen duten gehienen asmoa, ordea, ez da erlijiosoa izaten, besterik gabe jendea ezagutu edo Done Jakue bideko ikusgarriez gozatzea baizik.
  17. (Gaztelaniaz) Anexo I: Inventario de recursos turísticos, Eusko Jaurlaritza. 2010-03-16an kontsultatua.
  18. (Gaztelaniaz)   Greenpeace (2006-07-04), Greenpeace denuncia las amenazas presentes en la costa vasca, http://www.greenpeace.org/espana/press/comunicados/greenpeace-denuncia-las-amenaz ..
  19. Aipagarriak dira U2, Bruce Springsteen eta heavy metal musika taldeetako kontzertuak.
  20. Idazleak Iruñeko giroan aurkitu zuen The sun also rises (Fiesta) bere eleberrirako inspirazioa. Iruñea 1959 urtean bisitatu zuen azken aldiz: (Gaztelaniaz)   Gobierno de Navarra, La Comunidad Foral conmemora la última visita de Ernest Hemingway a Pamplona, http://www.promotourist.com/upload/noticias/documentos/65_es.pdf ..
  21. (Gaztelaniaz) Viamichelin Restaurantes.
  22. (Ingelesez) Forbes Traveler magazine. 2007ko datuak.
  23. (Ingelesez)   UNTWO World Tourism Barometer Interim Update, 2009-11-02, http://www.unwto.org/facts/eng/pdf/barometer/UNWTO_Barom09_update_sept_en.pdf .
  24. 1994ko datuen arabera (Gaztelaniaz)   Valls, Josep Francesc, Las claves del mercado turístico, 31. orrialdea .
  25. (Ingelesez)   Leiper, Neil (2004), Tourism management ..
  26. (Ingelesez)   Huffadine, Margaret (2000), Resort design: planning, architecture, and interiors, http://books.google.es/books?id=vPGEba-TmQcC&printsec=frontcover&source=gbs_v2_summary_r&cad=0#v=onepage&q=&f=false ..
  27. Establezimendu turistikoen izaera eta sailkapena legez araututa izaten dira lurralde eta herrialde guztietan. Euskal Autonomia Erkidegoan 6/1994 legeak arautzen ditu turismotegiak: 6/1994 Legea, turismoaren antolaketari buruzkoa.
  28. (Ingelesez) Home Exchange Vacation.
  29. (Euskaraz) Nekatur Nekazalturismoa Elkartea.
  30. (Ingelesez) Hostelling International.
  31. (Gaztelaniaz)   Greenpeace (2007-07-02), Greenpeace denuncia que los ayuntamientos del litoral planean tres millones de viviendas, http://www.greenpeace.org/espana/news/greenpeace-denuncia-que-los-ay ..
  32. Espainian esaterako, 1950 egiten ziren bidaia guztietatik %60 trenez egiten zire. 1960ko hamarkadaren bukaeran portzentaje hau %9ra murriztua zen. Ikus: (Gaztelaniaz)   San Miguel, M.; Fernández, E. (1992), «Del vapor al voltio», Revista MOPT (400): 65-71 ..
  33. (Gaztelaniaz)   Hernández Luis, José Ángel (2008-02), «Turismo de masas y transporte: el gran reto del turismo del siglo XXI», Scripta nova. XII (258), http://www.ub.es/geocrit/sn/sn-258.htm ..
  34. Europako herrialdeetan zehar bidaiatzeko ezaguna da gazteentzako Inter Rail txartela.
  35. Adibidez, Donostian, bus turistikoaz gainera, badia zeharkatzen duen txu txu trena ere badago.
  36. (Gaztelaniaz) Sixt
  37. (Gaztelaniaz) Avis, alquiler de coches.
  38. Horrelako txango tipiko bat Larruneko Tren Ttikiak egiten duena da, Azkainetik Larrun mendiko gailurrera. Ikus: (Euskaraz) Larruneko Tren Ttikia.
  39. (Gaztelaniaz) Minimiza la estacionalidad en turismo.
  40. (Gaztelaniaz)   Donostiako Agenda 21, Turismo sostenible (diagnóstico), http://www.agenda21donostia.com/cas/corporativa/docs/dia_turismo.pdf .. 2010-03-21ean kontsultatua.
  41. Horrela, industriako fordismo izeneko estrategiari jarraitzen zaio.
  42. (Ingelesez)   Vanhove, Norbert (1997), «Mass tourism. Benefits and costs.», Tourism, development and growth: the challenge of sustainability, 50-51. orrialdeak, http://books.google.es/books?id=bQT8Q7rP45QC&printsec=frontcover&source=gbs_v2_summary_r&cad=0#v=onepage&q=&f=false ..
  43. (Gaztelaniaz) Parque Disneyland. 2010-03-19an kontsultatua.
  44. (Gaztelaniaz) Un grupo de economistas e historiadores de la Economía de la UIB analiza la evolución del turismo de masas en el Mediterráneo desde los años cuarenta hasta hoy. 2010-03-19an kontsulltatua.
  45. (Gaztelaniaz)   Sosa Espinosa, Asenet (2010-03-19), TURISMO DE MASAS, DESARROLLO, ORDENACIÓN DEL TERRITORIO Y BIENESTAR SOCIAL. UN ACERCAMIENTO A LANZAROTE, http://fama2.us.es:8080/turismo/turismonet1/economia%20del%20turismo/espa%F1a/TURISMO%20DE%20MASAS%20EN%20LANZAROTE.PDF .
  46. Ekoturismoa praktikatzen dutenen hipokresia ere aipatu da; adibidez, milaka kilometrotara dauden tokietara joaten baitira, erregai-kontsumo handia eginez. Definizioen inguruko eztabaida ikusteko, ikus: (Ingelesez)   Honey, Martha (2008), Ecotourism and sustainable development: who owns paradise?, http://books.google.es/books?id=Jw2hy_2E5nwC&printsec=frontcover&source=gbs_v2_summary_r&cad=0#v=onepage&q=&f=false . eta (Ingelesez)   Swarbrooke, John, Sustainable tourism management, 318-325. orrialdeak ..
  47. (Frantsesez)   «Dossier tourisme», Biocontact (202): 44-93, 2010-05 .
  48. (Ingelesez)   Holden, Andrew, Tourism studies and the social sciences, 83. orrialdea, http://books.google.es/books?id=Ok2XoM6wJR8C&printsec=frontcover&source=gbs_v2_summary_r&cad=0#v=onepage&q=&f=false ..
  49. (Gaztelaniaz) El turismo en el mundo. 2010-03-20an kontsultatua.
  50. (Ingelesez)   Holloway, J. Christopher, The business of tourism, 47. orrialdea ..
  51. Adibidez, Bahamaseko turismo-sarreren erdiak turismo horretarako ondasun eta zerbitzuen inportazioak besterik ez dira. Ikus: {es}}   Vellas, François (2004), Economía y política del turismo internacional, 138. orrialdea ..
  52. Espainian jasotako datuak. Ikus: (Gaztelaniaz) El impacto económico del turismo. 2002-02.
  53. (Gaztelaniaz)   MacCannell, Dean (2003), El turista: una nueva teoría de la clase ociosa, 121-143. orrialdeak ..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Turismo Aldatu lotura Wikidatan
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: turismo .