pBR322

Wikipedia, Entziklopedia askea
pBR322 bektorearen irudikapen eskematikoa

pBR322 plasmido bat da, eta gizakiak diseinatutako lehen klonazio-bektoreetako bat izan zen. 1977an sortu zuten Francisco Bolivar Zapata, doktoretza ondoko ikertzaileak, eta Raymond L. Rodríguez-ek Herbert Boyerren laborategian, Kaliforniako Unibertsitatean (San Frantziskon). Haiek eman zioten izena plasmidoari: P hizkiak "plasmido" esan nahi du, eta BR hizkiak, aldiz, "Bolívar" eta "Rodríguez" abizenei dagozkie. Zenbakiak antzeko plasmidoetatik bereizteko funtzioa dute.[1][2]

pBR322 R plasmidotik eratorria da. 4361 base pareko luzera du, eta erreplikazioaren jatorria den ori sekuentzia dauka. Horrez gain, antibiotikoekiko erresistentziaren bi gene ditu: bla genea, anpizilinarekiko erresistentziaren proteina (AmpR) kodetzen duena, eta tetA genea, tetraziklinarekiko erresistentziaren proteina kodetzen duena. R plasmido arruntekin alderatuz, desberdintasun bat bere kabuz zelula batetik bestera transferitzeko gaitasunik ez edukitzea izango litzateke.

Klonazio-bektore hau asko erabili izan da, gehienbat 1980ko hamarkadan. Gaur egun, haren erabilera bektore berriago, aurreratuago eta erabilerrazago batzuek ordezkatu dute, esaterako, pUC19 eta pBluescriptII ditugu.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

pBR322 plasmidoaren irudikapen eskematikoa. Urdinez, errestrikzio entzimen ituak adierazten dira.

pBR322 DNAz osatutako honako elementu hauetatik abiatuta eraiki zen:

  • pSC101 plasmidoaren tetraziklinarako erresistentziaren genea
  • RSF2124 plasmidoaren anpizilinarako erresistentziaren genea
  • pMB1 plasmidoaren erreplikazio-jatorria (oriV)

Horiez gain, rop genea ere badu. Azken honek plasmidoaren kopia-kopuruaren mugatzaile bat kodetzen du.

Plasmidoak 40 errestrikzio-entzima baino gehiagorentzat ituak ditu. Entzima horietako bakoitzarentzat itu-sekuentzia bakarra dago, hau da, bakoitzak plasmidoaren gune bakarrean moztu ahal izango du. 40 errestrikzio-ituetako 11 TetR genearen barruan daude. Esaterako, HindIII eta ClaI murrizketa entzimentzako ebaketa-toki bana daude TetR genearen sustatzailearen barruan. AmpR genearen barruan ere badaude murrizketa-guneak, kasu honetan 6. Adibidez, PstI eta ScaI. Azkenik, EcoRI eta NdeI moduko beste entzima batzuek bektorearen zati ez-kodetzailean ebaki dezakete

Sekuentzia zirkularra zenbakituta dago: 0. posizioa EcoRI errestrikzio entzimaren itu-sekuentziaren erdigunea da, eta TetR genearen alderuntz egiten da base pareen kontaketa. Horrela, TetR genea 86. bp-tik 1276ra doa, AmpR genea 3293tik 4153ra, eta erreplikazio-jatorria 2519-3133 base-pareen artean dago.[3]

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plasmido hau E.coli bakterioan klonazio-bektore gisa erabiltzen da. Errestrikzio entzimen ituei esker, klonatu nahi den genea plasmidoaren sekuentzian txertatu daiteke. DNA arrotza antibiotiko baten (adibidez tetraziklinaren) erresistentziaren genean txertatzeak, transformazioaren ondoren bektorea daramaten bakterioak hautatzeko erraztasunak dakartza.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Watson, Ned. (1988-10-30). «A new revision of the sequence of plasmid pBR322» Gene 70 (2): 399–403.  doi:10.1016/0378-1119(88)90212-0. ISSN 0378-1119. (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  2. (Ingelesez) Balbás, Paulina; Soberón, Xavier; Merino, Enrique; Zurita, Mario; Lomeli, Hilda; Valle, Fernando; Flores, Noemi; Bolivar, Francisco. (1986-01-01). «Plasmid vector pBR322 and its special-purpose derivatives — a review» Gene 50 (1): 3–40.  doi:10.1016/0378-1119(86)90307-0. ISSN 0378-1119. (Noiz kontsultatua: 2022-03-30).
  3. (Ingelesez) Cloning vector pBR322, complete sequence. 2008-09-30 (Noiz kontsultatua: 2022-03-30).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]