Antibiotikoekiko erresistentzia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Antibiotikoekiko erresistentzia bakterio batzuek antibiotikoei aurre egiteko garatu duten gaitasuna da. Bakterio sentikorren aldean bakterio erresistenteak ez dira deusestatzen antibiotikoen jardueraren ondorioz, eta hori egundoko arazo bihurtu da osasungintzarako.

Antibiotiko batekiko sentikorra den bakterioa bi bide hauetatik erresistente bihur daiteke: mutazioaren bidez edo beste bakterio batetik hartutako gene berezi baten bidez (erresistentzia ematen duen gene baten bidez, hain zuzen ere). Gaur egun ohikoa da hainbat bakterio erresistenteak izatea antibiotiko askorekiko: aipatu dira 8 antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterio batzuk, superbakterio edo erresistentzia anitzeko bakterio deritzonak.


Erresistentziako mekanismoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutazioaren bidez edo hartutako gene bereziren bidez agertzen den erresistentziak hainbat mekanismotatik indargabetu dezake antibiotiko baten jarduera:

  • bakterio erresistenteak aparteko proteina edo entzima sor dezake, antibiotikoa deusestatzen duena. Horren adibidea betalaktamasa entzima sortzen duten anduiak dira. Betalaktamasa horrek penizilina, zefalosporina eta eraztun betalaktamikoa duten antibiotikoak indargabetzen ditu, eraztun hori hidrolizatzen duelako. Bestalde, erresistentzia duten beste bakterio batzuek entzima bereziak ekoizten dituzte (azetilasak, fosforilasak...), antibiotikoaren egitura molekularra aldatzen dutenak. Kloranfenikola azetilatuz, esaterako, lortzen dute hainbat anduik antibiotiko horrekiko erresistentzia.
  • erresistentzia lortzeko beste bide bat bakterioaren mintz plasmatikoan eragindako aldaketak dira. Esaterako, antibiotiko hidrosolugarriek bakterio gram negatiboen zitoplasmara heltzeko mintz plasmatikoaren porinak zeharkatu behar dituzte. Mutazio batek edo plasmido batek porina horien egitura aldatzen badu, antibiotikoak ezin izango du sartu. Tetraziklinarekiko erresistentzia holako mekanismo batean datza.
  • erresistentzia eragiten duten gene batzuek antibiotikoek erasotzen dituzten bakteriar egitura batzuk aldatzen dituzte. Adibidez, estreptomizinak eta kloranfenikolak, biek ala biek, erribosomei atxikitzen dira eta proteinen sintesia oztopatzen dute. Bakterioaren gene batek erribosomen egitura aldatzen badu, aipaturiko bi antibiotiko horiek ezin dute erribosomen gain jardun, eta proteinak normaltasunean sintetizatzen dira.
  • hainbat bakteriok bide metaboliko alternatiboak lortu dituzte, antibiotikoekiko erresistentzia ematen dietenak. Honen adibidea andui batzuek azido folikoa lortzeko erabiltzen dute bide metaboliko berezia dugu. Honi esker sulfamidekiko erresistenteak dira: jakina denez, sulfamidek azido folikoaren sintesia inhibitzen dute, baina erresistentzia garatu duten bakterioek ez dute ohiko bide anabolikoa burutzen, eta ondorioz sulfamidek ez diete kalterik egiten.


Mutazioen bidez hartutako erresistentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hautespen naturalak antibiotikoekiko erresistentzia nola zabaltzen duenaren azalpena. Goiko irudian jatorrizko populazio bakteriarra. Erdikoan antibiotikoaren jardueraren ondorioz geratzen diren bakterioak. Beheko irudian bakterio erresistenteen zabalkundea agertzen da. Kolore horiak bakterio sentikorrak adierazten du, eta marroiak erresistenteak

Mutazioak material genetikoan gertatzen diren aldaketa heredagarriak dira. Gerta daiteke ausazko mutazio batek erresistentzia ematea bakterio bati; honek erresistentzia hori pasatuko die bere ondorengo guztiei. Bakterioen sortze-denbora oso txikia denez (20 minutuoro erdibiditzen baitira gehienak), mutazioak azkar zabaltzen dira bakteriar populazio batean, eta egun gutxitan erresistentzia ematen duen mutazioak egundoko zabalkundea lor dezake.

Mutazioen bidez hartutako erresistentziak arrakasta handia lortzen du hautespen naturalaren ondorioz. Antibiotiko baten aurrean, bizirik iraungo dute bakterio eraginkorrenak, hots, erresistentzia hartu dutenak. Hauek izango dira, gainera, ugalduko diren bakarrak. Hautespen prozesu horretan antibiotikoak dira presio hautakorra egiten dutenak, hauek hautatzen baitituzte bizirik iraungo duten bakterioak. Zenbat eta handiagoa izan presio hautakorra, orduan eta gehiago hautatuko dira bakterio mutanteak.

Mutazioa agertuko balitz baina presio hautakorrik (antibiotikoa) ez balego, jatorrizko andui sentikorrek gehiengoa izaten jaraituko lukete. Baina antibiotikoen erabilera masiboak mutante erresistenteak aukeratzen ditu, bakterioen artean azkar eta zabal nagusitzen direnak.

Antibiotiko batek eraginkor izateari uzten dio barra-barra erabiltzen den une beretik, presio hautakorra egiten baitu sortze-denbora oso txikia duten bakterioen gain. Osasungintzan ez ezik, albaitaritzan ere (eta abereak gizentzeko pentsuetan erabiltzen diren antibiotiko pila ere) antibiotikoen gehiegizko erabilerak bakterio erresistenteen kopurua etengabe igotzen du. Labur esanda, antibiotikoen erabilera desegokiak erresistentzia maila handiko bakterioen agerpena errazten du.


Plasmidoen bidez hartutako erresistentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plasmidoak bakterioek trukatzen dituzten material genetikoaren zatiak dira, kromosoma nagusitik kanpo daudenak. Plasmido askok erresistentzia ematen duten geneak eramaten dituzte. Ezaugarri hau duten plasmidoei R plasmido deritze, plasmido normaletatik bereizteko.

Konjugazioa izeneko prozesuan R plasmidoak bakterio batetik beste batera pasatu daitezke. Hedapen horizontal honen bidez antibiotikoekiko erresistentzia zabaldu daiteke espezie bereko bakterioen artean, arazo larria sortzen duena infekzioak tratatzeko orduan. Konjugazioaren bidez ez ezik, transdukzioaren bidez ere zabal daiteke erresistentzia ematen duten geneak bakterioen artean.

Ohikoa da plasmido askok betalaktamasa entzima sortzen duten geneak eramatea. Goian aipatu den bezala, betalaktamasa horrek antibiotiko betalaktamikoen egitura molekularra desegiten du, antibiotiko horiekiko erresistentzia eraginez.


Erresistentzia duten patogenoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Staphylococcus aureus da antibiotiko askorekiko erresistentzia garatu duen patogenoetako bat. Patogeno izan arren, mikrobio hau sarritan sudurreko mukosetan zein larruazalean egon daiteke pertsona askorengan gaixotasunik sortu gabe (mikrobioaren eramaile osasuntsuak dira). Erresistentzia garatu zuen lehen mikrobioa izan zen, 1947an -penizilina plazaratu eta lau urte geroago- penizilinarekiko erresistenteak ziren andui batzuk agertu baitziren. Penizilinaren ordez metizilina eta oxazilina erabili ziren bakterio honen andui erresistenteen aurka, baina urte batzuk geroago bi antibiotiko horiek ere ez ziren kaltegarriak patogeno horrentzat. Egun, bankomizina da Staphylococcus aureus-en aurka erabiltzen den antibiotikorik eraginkorrena, 2002. urtean erresistente berriak agertu baziren ere.

Streptococcus pneumoniae, neumonia bakteriarraren eragilea, penizilinaren aurkako erresistentzia garatu du 1967az geroztik. Proteus generoaren espezie batzuek ere hainbat antibiotikoekiko lortu dute erresistentzia.

Pseudomonas aeruginosa, azkenik, ez da arazo makala klinika eta ospitaleetan. Mikrobio hau patogeno oportunista da, eta infekzio nosokomial askoren atzean dago. Mutazioen bidez eta plasmidoen bidez andui asko antibiotikoekiko erresistenteak bihurtu dira. Mikrobio honek sortutako infekzioak tratatzeko antibiograma bat egin behar da beti.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]