Palestinako Autoritatearen pasaporte

Wikipedia, Entziklopedia askea

Palestinako Autoritatearen pasaportea (arabieraz جواز سفر السلطة الفلسطينية) Palestinako Aginte Nazionalak Palestinar Lurralde Okupatuetan bizi diren palestinarrei igortzen dien pasaporte edo bidai-agiri bat da. 1995eko apiriletik existitzen da eta bere egiteko nagusia nazioarteko bidaiak ahalbidetzea da. Palestinako Autoritatearen pasaportea Palestinan jaio zela erakuts dezakeen pertsona orok eduki dezake. "Palestina" kontzeptua ez da zurrun definitzen testuinguru honetan: normalean, Palestinako Autoritateak kontrolatutako lurraldeetan bizi direnek eta haien seme-alabek (Palestinatik kanpo jaio badira ere) soilik eska dezakete pasaporte hori. [1][2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1924tik 1948ra arte, "Palestinako pasaportea" Palestinako Britainiar Mandatuko biztanleen bidai-agiriei deitzeko termino bat zen. Britainiar mandatua amaitzean, 1948ko maiatzaren 15ean, pasaporte hauek baliogabetu egin ziren eta Mandatuko hiritarrei Israeleko ala Jordaniako pasaporteak eskaini zitzaizkien, 1948ko Arabiar-israeldar Gerraren ondoren jaso zuten herritartasunaren arabera. Palestinar arabiar asko, batez ere Gazako zerrendan zeudenak eta Siriara eta Libanora ihes egin zutenak, aberrigabe bihurtu ziren: Egiptok, Siriak eta Lebanonek ez zieten herritartasuna aitortu.

1949. eta 1959. urteen artean, Egiptok Gazako zerrendan eta Egipton bizi ziren palestinarrei Palestinako pasaporteak eman zizkien. Hala ere, pasaporte horiekin askatasun osoz Egiptora joatea ez zen posible. Aldi berean, Jordaniak Zisjordania bereganatu zuen eta bertan bizi ziren palestinarrak Jordaniako hiritar bihurtu ziren (eta Jordaniako pasaporteak jaso zituzten).

1967ko Sei Eguneko Gerraren ondoren, Israelek Jordaniari Zisjordania kendu zion. Bertan bizi ziren palestinar arabiarrek Jordanian bizitzeko eta Jordaniako pasaporteak edukitzeko eskubidea izaten jarraitu zuten. Gainera, Jordanian bertan bizi ziren errefuxiatu palestinarrei Jordaniako herritartasuna aitortu zitzaien. 1988ko uztailean, Jordaniak Zisjordaniarekin zituen lotura legal eta administratibo guztiak hautsi zituen. Jordanian bizi zen palestinar orok Jordaniako hiritar izaten jarraituko zuen, baina eskubide hori ez zitzaien aitortu Zisjordanian bizi zirenei.

Jordaniak Zisjordaniako palestinarrei pasaporteak igortzen jarraitu zuen, baina bidai-agiri gisa soilik. Pasaporte arruntak zituzten Zisjordaniako palestinarrei behin-behinekoak igorri zitzaizkien zaharrak iraungitzean, eta Jordaniak denbora-mugak ezarri zituen bertara joan nahi zuten palestinarrentzat. Palestinarrak bertara bisita egitera bakarrik joan zitezkeen.

1995eko apirilaren 2an, 1993ko Osloko Itunak sinatu eta bi urte geroago, Palestinako Aginte Nazionala Palestinako Autoritatearen pasaporteak igortzen hasi zen haren kontrolpean zeuden bi eremutan: Gazan eta Jerikon. Pasaporte hauek Israeleko Administrazio Zibilak igorritako nortasun-zenbaki pertsonalak zituzten.

2023ko martxoan, Palestinako Barne Arazoetako Ministerioa pasaporte biometrikoak igortzen hasi zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «RIC Query - Palestinian Territory, Occupied (20 May 2002) | USCIS» www.uscis.gov 2015-10-14 (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).
  2. (Ingelesez) «Passport for a child born abroad - Palestinian Mission to the United Kingdom» palmissionuk.org 2019-10-25 (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]