Aljeria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Aljeriako Herri Errepublika Demokratikoa
الجمهورية الجزائرية الديمقراطية الشعبي
( Al-Jumhurīyah al-Jazā’irīyah ad-Dīmuqrāṭīyah ash-Sha’bīyah )
Aljeriako bandera
Bandera

Aljeriako armarria
Armarria

Goiburua: من الشعب و للشعب
aθ-θawratu mina-ʃ-ʃaʕbi wa-li-ʃ-ʃaʕb
( Herriaren eta Herriarentzako Iraultza)
Nazio ereserkia:
Kassaman
Aljeria: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Aljer
36°42′N 3°13′E / 36.700°N 3.217°E / 36.700; 3.217Koordenatuak: 36°42′N 3°13′E / 36.700°N 3.217°E / 36.700; 3.217
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika demokratikoa
Abdelaziz Bouteflika
Ahmed Ouyahia
Independentzia
- Aldarrikatua
Frantziatik
1962 uztailaren 5
Eremua
• Guztira
• Ura

2.381.740 km² (11.)
arbuiagarria
Biztanleria
• Zenbatespena(2007)
• Dentsitatea

Herritarra

33.333.216 (36.)
13 biztanle/km² (168.)

aljeriar
Dirua Aljeriako dinarra (DZD)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC +1)
Ez (UTC +1)
Interneteko domeinua .dz
Telefono aurrezenbakia +98

Aljeria Afrika iparraldeko estatua da, Mediterraneo itsasoaren ertzean kokatua. NBEko, Afrikar Batasuneko eta Arabiar Ligako kide da ia 1962an independentzia lortu zuenetik. Konstituzioaren arabera, estatuaren definizioa islamiarra, arabiarra eta amazigh (berberea) da. Hego Sudanen independentzia gertatu zenetik Afrikako herrialderik handiena da.

Hiriburua Aljer da. Bertatik datorkio estatuaren izena.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeria satelite irudian

Aljeria Mediterraneo itsasoaren ertzean kokatua dago eta Afrikako bigarren estatu handiena da, Sudanen atzetik. Mugakide ditu Tunisia ipar-mendebaldean, Libia mendebaldean, Niger hego-mendebaldean, Mali eta Mauritania hego mendebaldean, Mendebaldeko Sahara lurralde okupatuen kilometro gutxi batzuk eta Maroko mendebaldean.

Kostaldean mendixka ugari dago, batzuetan menditsua izaki, eta itsas portu natural urri daude. Kostaldetik hegoaldera Tell-eko Atlasa izeneko eremu emankorra dago. Hegoalderago Atlas mendilerroa eta Sahara basamortua daude, herrialdearen eremu zabala hartzen duena. Hoggar mendiak (arabieraz جبال هقار‎) Sahara erdialdeko mendialdea da, Aljeria hegoaldean kokatuak, Aljer hiriburutik 1.500 km hegoaldera eta justu Tamanghassetetik mendebaldera.

Hiri nagusiak Aljer, Oran eta Konstantina dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Aljeriako historia

Berbereak gutxienez K. a. 10.000tik bizi dira Aljeriako lurraldean. K. a. 1000 ondoren, kartagotarrak kostaldean finkatu ziren. Gerra Punikoetan, berbereek Kartagotik independentzia eskuratzeko abagunea hartu zuten, eta Antzinako Erromako garaipenarekin, berbere erresumak, Numidia esaterako, sortu ziren. Edonola ere, K. a. 200tik aurrera Erromako Errepublikak garaitu zituen. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren gainbeherarekin, berbereek eta vandaloek hartu zuten lurraldearen kontrola, harik eta Bizantziar Inperioko Justinianus I.ak menderatu arte.

Arabiarrak VIII. mendean etorri ziren. Bizantziar armadak garaituta herrialdearen gaineko kontrola bereganatu zuten, baina berbereek erresistentzia gogorra erakutsi zuten hamarkada batzuetan Kusayla eta Kahina gisako buruzagien gidaritzapean. Hala ere, urte batzuk geroago batera bihurtu ziren musulman berbereak. Herrialdeko gobernuan leinuak joan leinuak etorri, lurraldea arabiatu zen. Almoravidek eta almohadek, berbere leinuek, bakea eta garapena ekarri zuten. Baina azken horien gainbeherarekin, ondorengoen borrokaleku bilakatu zen Aljeria.

XV. eta XVI. mendeetan, Espainiar Inperioak kostaldea erasotzeari ekin zion. Baina Aljeria Otomandar Inperioak bereganatu zuen 1517an Khair ad-Din eta Aruj anaien bidez. Aljeriako iparraldeko muga modernoak ezarri zituzten, eta kostaldea kortsarioen babesleku bilakatu zuten. Berbere piraten erasoak Mendebaldeko Europan 1816 arte baino ez ziren bukatu, Britainia Handiak eta Herbehereek Aljerko portua eta ontziteria pirata suntsitu zutenean.

Abd al-Kadir

Kotsula iraindu zuten aitzakian, Frantziak Aljer hartu zuen 1830ean. Marokon eta Tunisian ez bezala, Aljerian konkista motela, luzea eta bortitza izan zen. Izan ere, Aljeriako populazioaren herena hilik suertatu zen. Erresistentzia gogorra izan zen, batez ere Abd al-Kadir teologo eta idazleak gidatua. Konkista XX. mendearen hasieran baino ez zen burutu, azken tuaregen erorketarekin. Bitartean, Aljeria Frantziako beste zati bat bilakatu zuten frantziarrek. Frantzia, Italia, Espainia eta Maltatik etorritako milaka migratzaile Aljeriako kostaldeko ordokian eta hirietan finkatu ziren. Herri lurrak bahitu zituen gobernu frantziarrak, kolonoen esku uzteko. Nekazal teknika modernoak erabili arren, Aljeriako egitura soziala kaltetuta atera zen okupazio garaian, batez ere lurren bahiketak zirela eta. Europar jatorrizko jendeak, 1962ko independentizaren ostean pieds-noirs (oin beltzak) izena izango zituztenek, Frantziako hiritartasun osoa jaso zuten. Bitartean, Aljeriako musulman gehienei, baita Frantziako Armadako soldadu ohiei ere, hiritartasuna edo bozkatzeko eskubidea ukatu zitzaien. Egoera hori Frantziako Laugarren Errepublikaren amaierarekin bukatu zen.

Askapen Nazionaleko Fronteak (FLN) 1954an Aljeriako Independentziaren Gerra hasi zuen gerrila kanpainaren bidez. Gerra latzaren amaierako, Charles de Gaullek aljeriarrei erreferenduma eskaini zien, eta, independentzia osoa alde handiz atera zen nagusi. Milioi bat lagun pieds-noir delakoak eta harkinak (Frantziaren aldeko soldadu aljeriarrak), biztanleriaren %10 inguru, herrialdetik Frantziara joan zen. Uste bezala, Aljerian geratu zirenek FLNren errepresioa jasan zuten: 50.000 eta 150.000 lagun bitartean hil zirela estimatzen da.

FLNko burua Ahmed Ben Bella Aljeriako lehen presidentea izan zen. Houari Boumediennek, defentsa ministroak kargutik kendu zuen 1965ean. Lehenengoaren gobernua diktadura modukoa izan arren, ezaugarri hori bigarrenarekin areagotu zen. Izan ere, armadak paper garrantzitsuagoa jokatu zuen, legezko alderdi bakarraren kaltetan. Petrolio industria nazionalizatu zen, eta, herrialdeko baliabide nagusi eta ia-ia bakarra bilakatu zen. 1973ko krisialdiaren ondoren onurak ekarri bazituen ere, 1980ko hamarkadan prezioak amildu zirenez ekonomiak ondorio txarrak pairatu behar izan zituen.

Boumedienne 1978an hil arren, Chadli Bendjedid ondorengoaren politika ez irekiagoa izan. Burokrazia areagotu eta ustelkeria zabaldu ziren. Industralizazioak eta krisiak eraginda, 1980ko hamarkadan bi protesta-mugimendu sortu ziren: ezkertiarrak, tartean berbereen nortasunaren defendatzaileak, eta integrista islamdarrak. Biek alderdi bakarreko sistemaren aurka egin zuten, baina elkarren aurka ere borrokatzen ziren. Protesta masiboek sistemaren amaiera ekarri zuten, eta 1991rako lehendabiziko hauteskunde demokratikoak egin ziren. Islamistek lehenengo txanda irabazita, militarrek eskua sartu zuten eta bigarrena bertan behera utzi zuten. Ondorioz, Bendjedidek boterea utzi zuen eta gerra zibila piztu zen.

Aljeriako Gerra Zibila 1991n hasi zen Aljeriako gobernuaren eta matxinatu islamisten arteko gatazka armatua izan zen. Amaiera 2002an iritsi zen, Askapenerako Armada Islamdarra (AIS) errenditu zenean. Nolanahi ere, maila baxuko gatazkak dirau oraindik ere hainbat zonaldetan. Hainbat estimazioren arabera, 150.000 eta 200.000 arteko hildako utzi ditu gerrak.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljeria 48 probintziatan banatua dago, wilaia izenekoak. Probintzia hauek administrazio barruti bat osatzen dute, probintzia batzarra dute (Wilaiako Herri Batzarra edo Assemblée populaire de wilaya) eta wali baten agindupean dago (Frantziako prefetaren antzera), Errepublikako presidenteak izendatua.

Wilaia hauek daira barrutietan banatuak daude eta hauek udalerritan. Wilaia eta daira bakoitzak hiriburuaren izena darama. Azken banaketa 1985ean egin zen:


Aljeriako probintziak


1 Adrar
2 Chlef
3 Laghouat
4 Oum El-Bouaghi
5 Batna
6 Bejaia
7 Biskra
8 Béchar
9 Blida
10 Bouira
11 Tamanrasset
12 Tebessa


13 Tlemcen
14 Tiaret
15 Tizi Ouzou
16 Aljer
17 Djelfa
18 Jijel
19 Sétif
20 Saida
21 Skikda
22 Sidi Bel Abbes
23 Annaba
24 Guelma


25 Konstantina
26 Médéa
27 Mostaganem
28 M'Sila
29 Muaskar
30 Ouargla
31 Oran
32 El-Bayadh
33 Illizi
34 Bord-Bou-Arreridj
35 Boumerdes
36 El-Taref


37 Tindouf
38 Tissemsilt
39 El-Oued
40 Khenchela
41 Souk Ahras
42 Tipaza
43 Mila
44 Ain Defla
45 Naâma
46 Ain-Temouchent
47 Ghardaia
48 Relizane

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aljeria Aldatu lotura Wikidatan