San Martin eliza (Arluzea)

Koordenatuak: 42°43′40″N 2°32′34″W / 42.72764°N 2.54264°W / 42.72764; -2.54264
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Arluzeko elizari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Martin eliza (argipena)».
San Martin eliza
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Arluzeako San Martin eliza.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaArluzea
Koordenatuak42°43′40″N 2°32′34″W / 42.72764°N 2.54264°W / 42.72764; -2.54264
Map
Historia eta erabilera
Izenaren jatorriaMartin Tourskoa
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea6

San Martin eliza Bernedoko Arluzea herrian dagoen eraikin erlijiosoa da.

2004ko martxoaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arluzeko San Martin Eliza da, gaur egun, hurrenez hurreneko eskuartzeren emaitza, handitzeko eta behar berrietara egokitzeko. Egitura konplexua du, eta tenpluaren etapa ezberdinak gainjartzen dira. Etapa horiek denbora tarte luzea betetzen dute. Lehenengo zatia XIII. mendekoa izan zitekeen eta beranduko estilo erromanikoko osagai nabarmenak ditu. Hurrengo mendeetan, XVIII. mendeko hasiera arte, hain zuzen ere, hainbat elementu gaineratu zitzaizkien aipatutako horiei: elementu gotikoak, errenazentistak eta barrokoak. Eraikinaren zatirik handiena erromaniko-gotikoa da.

Eliza arroka biziaren gainean eraiki zen eta gorputz nagusiaz gain, hau da, nabeaz gain, hainbat elementu ditu hegoaldeko eta ekialdeko hormetara itsatsita. Hegoaldean elizpea eta dorrea daude, eta ekialdean, XIII. mendeko tenplu zaharraren absidean, sakristia. Hormetan silarria, silarrixka eta harlangaitza ditu, obraren fase desberdinen erakusgarri.

Tenpluak oinplano laukizuzena du, hiru zatiko nabe bakarra eta abside oktogonala. Alde bat antzinako tenplu erromanikoaren egituren hondakinen gainean eraiki zen. Nabea estaltzeko, apaindurarik gabeko giltzarriak dituzten hiru izar-ganga daude, XVI. mendearen bigarren zatikoa. Ganga horiek dentikulu edo arroseta geometrikoko apaindura xumea duten mentsulen gainean bermatzen dira. Beste ganga nerbiodun batek aldarea estaltzen du oktogono erdi bat osatuz. Korua XVI. mendekoa izan daiteke eta arku eskartzano bakar bat du, moldura gotikodun janbak eta harroinak dituzten pilastretan bermatua. Elizak bi portada ditu, biak hegoaldeko alboan: zaharra eta gaur egun erabiltzen dena. Lehenengoa kanpotik hormatuta dago, baina barrutik agerian; bere euskarri eta arkiboltekin eta landare eta animalia motiboekin, bataiategia da gaur egun; besteak, berriz, elizpera ematen du eta baketoidun hiru arkibolta dituen erdi-puntuko arku bat da.

Ekialdeko muturrean, gaur egungo presbiterioaren atzean sakristia dago, tenplu aurre-gotikoa zaharraren abside zuzena zena. Aldi berean, elementu honek mantentzen ditu garai erromanikoko egiturak eta berrerabilitako apaingarriak. Mentsula soiletan oinarritutako parpain-arkua duen kanoi zorrotzeko gangaren bi atalek estaltzen dute. Bi leiho ditu, gaur egun itsutuak, bata albo batean eta bestea burualdean. Azken hori leiho handi bat da, mainela apurtuta daukana. Bi arkibolta ditu, zorrotz samarrak, dekoratutako lau zutabetxo lirainen gainean. Hegoaldekoak ere hainbat osagarri ditu: sei zutabe exentu, landare, animalia eta motibo geometrikoekin apainduak, eta kanpoko arkibolta (hirugarrena) eta barlasaia, biak iltzez apainduak.

Hegoaldeko alboan, luzera osoan, elizpe erromaniko bat dago itsatsita. Silarriz egindako erdi-puntuko zortzi arku ditu; horietako lau hormatuta eta beste bat zorrotz samarra. Arkuen artean, kanpoko aldetik, kontrahormak daude, harburu erromanikoak dituztenak: maskaroiak eta munstro-irudiak. Itsututako arkuen barruko aldean, berriz, inposta eta bermapuntuetan, giza-aurpegiak eta landare-motiboak daude.

Hego-mendebaldeko ertzean dorrea dago. Eraikuntzaren etapen artean azkenetarikoa da. Hiru gorputz ditu. Goikoa ezkilategia da, eta erdi-puntuko baoak ditu. Gaur egun xapitel moderno bat du, erremate gisa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa