Edukira joan

Sega-joko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Segalari» orritik birbideratua)
Sega-jokoa, Zaldibia, Gipuzkoa, 1999.

Sega-jokoa, segalari proba edo segalaritza sega erabiliz denbora jakin batean (orokorrean ordubete) ahalik eta belar gehien moztean oinarritzen den herri kirola da. Almitza Sega Elkartea sortu zen 1996an Zaldibian, sega-jokoa bultzatu asmoz, eta Europako segalari txapelketan ere hartu du parte[1].

2015ean Loiolako Santutegiaren ondoan Europako segalari txapelketa jokatu zen.

XX. mendean zehar apustuak ziren lehiarako bide bakarra, gaur egun ordea txapelketa arautuak nagusitu dira. Horrela beraz, Euskal Herriko Sega Txapelketa urtero jokatzen da, bai eta herrialdetakoak ere[2].

Txapelketa jokatu aurretik larrea aukeratu behar da, normalean laua eta sega-jokorako zaletasuna dagoen herri batean izaten da. Ordubeteko denboran nork belar kilo gehiago moztu izaten da lehia. Segalariak lagun koadrila bat eramaten du eta hauek epaileraren begiradapean belarra pisatzen dute.

Sega normala baino handiagoa izaten da lehiaketarako. 1'18 metrotako ahoa izaten du eta 1'24 metrotako luzera[3].

Europa aldean ere izaten dira segalarien arteko lehiaketak, hala nola, Alemanian, Suitzan, Eslovenian eta Austriako Tirol eskualdean. Hauek Europako segalari txapelketak antolatzen dituzte[4]. Azken urteetan euskaldunak ere aritzen dira txapelketa hauetan[5]. Europako lehiaketatan eremua mugatua da eta azkarren ebakitzen duenak lortzen du garaipena. Bakarkako probatan gizonezkoek 100 m2-ko azalera mozten dute eta emakumezkoak 35 m2-koa. Taldekakoetan berriz (lau segalariz osaturikoak) gizonezkoek 200 m2-koa eta emakumezkoek 120 m2-koa[3]. 2015 urtean Loiolan jokatu zen Europako txapelketa[6].

Segalari ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1922 urteko sega lehiaketa Lasarte-Orian.

Pello Errota bertsolariak 1880 urtean Iturriotzen jokaturiko apustu bat bertsokatu zuen eta bertan irabazlea Izuela izeneko bat zela aipatu zuen. 1905 eta 1915 artean Beizamako Pedro María Otaño Ezeiza "Santa Ageda" izan zen nagusi[7].

1925ko irailaren 28an apustu sonatua jokatu zen Iturriozko zelaian. Sei mila ikusle izan ziren eta apustuak 150.000 pezetatatik gorakoak izatera iritsi ziren. Bi orduko lehiaren ondoren Pedro Mendizabal izan zen txapelduna 4.294 kilogramo belar moztuta. Bigarrena Aiako "Lokate" izan zen (3.957 Kg) eta hirugarrena Joxe Arrieta "Pantxesa"[7].

Gerra aurreko beste izen batzuk honako hauek dira: "Amexketa", Florentino Mayoz, "Ondartza", Olazabal... Gerra ondoren "Aiako txikito", Egiguren, "Lizume", "Ibiya", "Izurzu", "Polipaso", Eleuterio Tapia, "Paskualsoro", Benito Otegi eta Bernardo Irastorza aipatu daitezke[7][1].

Azken urteetakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Berria. «Hemezortzi euskal segalari ariko dira Europako Txapelketan, asteburuan» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  2. Berria. «AZKEN TXAPELDUNAK» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  3. a b «Sega jokoa - herrikirolak» www.euskalkiroletajokoak.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  4. «SEGALARI PROBAK - Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea» Bizkaiko Herri Kirolak (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  5. «segalariak Aloak» Goierriko Hitza (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  6. (Gaztelaniaz) «Europako Sega Txapelketa Loiolan jokatuko da 2015eko abuztuaren bukaeran» El Diario Vasco 2013-03-30 (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  7. a b c «Herri kirolak SEGA-APUSTUA-SEGALARIAK» www.euskara.euskadi.eus.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sega-joko Aldatu lotura Wikidatan