Eslovenia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Esloveniako Errepublika
Republika Slovenija
Esloveniako bandera
Bandera

Esloveniako armarria
Armarria

Nazio ereserkia:
Zdravljica
Eslovenia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Ljubljana
46°03′N 14°30′E / 46.050°N 14.500°E / 46.050; 14.500
Hizkuntza ofiziala(k) Esloveniera1
Gobernua
Presidentea
Lehen ministroa
Errepublika parlamentarioa
Borut Pahor
Janez Janša
Independentzia
-Aldarrikatua
- Onartua
Jugoslaviatik
1991ko ekainaren 25a
1992
Eremua
• Guztira
• Ura

20.273 km² (153.)
% 0,6
Biztanleria
• Zenbatespena(2009)
• Errolda (2002)
• Dentsitatea

Herritarra

2.054.199 (144.)
1.964.036
99,6 biztanle/km² (80.)

esloveniar
Dirua Euroa (EUR)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
CET (UTC +1)
CEST (UTC +2)
Interneteko domeinua .si
Telefono aurrezenbakia +386
1 Udalerri batzuetan italiera eta hungariera ofizialki onartuta daude.

Esloveniako Errepublika (Republika Slovenija), Europa Erdialdeko eta Europar Batasuneko estatua, Balkanetako penintsularen iparraldean kokatua.

Eslovenia Jugoslaviako Erresumaren parte izan zen 1945 arte, eta Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistako errepublika federatua gero, 1991n independentzia lortu zuen arte. Hiriburua Ljubljana da. Beste hiri nagusiak hauek dira: Maribor, Koper, Jesenice, Celje eta Kranj.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esloveniako mapa

Mugakideak: Italia mendebaldean, itsaso Adriatikoa hego-mendebaldean, Kroazia hegoalde eta ekialdean, Hungaria ipar-ekialdean eta Austria iparraldean.

Europako lau eremu geografikok bat egiten dute Eslovenian: Alpeek, Dinariar Alpeek, zabaldi panoniarrak eta Mediterraneoak. Esloveniako puntu altuena Triglav mendia da (2.864 m), eta herrialdeko batez besteko altuera 557 metro da. Esloveniako berezko lurraldeaz gainera, beste lurralde hauek ere hartzen ditu barnean: Karniola, Istriako iparraldea, Triesteko zati bat eta Estiriako hegoaldea.

Eslovenia oso lurralde menditsua da, eta goi-lautadaz betea (Esloveniako Alpeak, Kras-eko goi-lautadak). Itsasertza, berriz, laua da. Drave eta Save ibaiak igarotzen dira mendebaldetik hegoaldera. Karstalde garrantzitsuak daude Eslovenian: Karniola Zuria edo Notrajsko («barrengo herria») eta Dolenjsko («herri beherea»). Triesteko iparraldean daude Postojnako leize ospetsuak, eta Panoniako muino eta lautadak hedatzen dira. Primorjeko lautadak zabaltzen dira Istriako iparraldean. Herrialdearen azaleraren erdia (10,124 km2) basoek hartzen dute: Finlandia eta Suediaren ondoren, baso-portzentajeari dagokionez, Europako hirugarrena da Eslovenia.

Klima submediterraneoa da kostaldean, alpetarra mendietan eta kontinentala ekialdeko lautada eta haranetan. Batez besteko tenperaturak urtarrileko -2 Â°C-en eta uztaileko 21 Â°C-en artean dabiltza. Prezipitazioen batez bestekoa hau da: 1.000 mm kostaldean, 3.500 mm Alpeetan, 800 mm hego-ekialdean eta 1.400 erdialdean.

Biztanleak eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esloveniako biztanleen % 91 esloveniar jatorrikoak dira (eslaviar herrietako bat). Badira beste talde etniko batzuetako herritarrak ere (kroaziarrak, serbiarrak), baina gutxi dira. Gainera, 1990 aldera, Bosnia-Herzegovinako gerratik ihesi joandako 60.000 iheslari Eslovenian babestu ziren. Hizkuntza ofiziala esloveniera dute, eslaviar hizkuntzen familiakoa, eta serbokroaziera ere hitz egiten da zertxobait. Beste eslaviar kultura batzuek ez bezala, Italiako, Alemaniako eta Austriako kulturen eragin handia jaso dute esloveniarrek mila urtez baino gehiagoz. Hori dela eta, 70 urte inguruz Jugoslavia osatzen zuten errepubliketako bat izan bada ere, esloveniar kulturak parekotasun handiak ditu Alemaniako eta Italiako kulturekin. Esloveniera, esate baterako, latin alfabetoz idazten da, eta ez, serbiera eta eslaviar hizkuntza gehienak bezala, alfabeto zirilikoz.

Esloveniarren erdiak, gutxi gorabehera, hirian bizi dira (Ljubljanan, Mariborren eta Celjen, batik bat) eta gainerakoak lurralde guztian banatutako herri txikietan, horietako asko mendi garaietan. Adinari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak biztanleen % 16 dira, 15-64 urte bitartekoak % 70 eta 65 urtez gorakoak % 14. Gizonezkoek 71 urteko bizi-itxaropena dute, eta 79koa emakumezkoek. Europako gainerako herrialdeetan bezalatsu, demografia-hazkundea oso txikia da, emankortasun-indizea, izan ere, 1,2 haurrekoa baita emakumeko. Hamabi urteko hezkuntzaldi behartua dute Esloveniako haurrek (lehen mailako hezkuntza, zortzi urtez, eta bigarren mailakoa, lau urtez), eta ikasle gehienek goi-mailako ikasketak egiten dituzte. Goi-hezkuntza ematen duten 27 erakunde dituzte, Ljubljanako Unibertsitatea barne dela. Erlijioen banaketa hau da: katolikoak % 71, luteranoak % 1, musulmanak % 1, ateoak % 5, beste batzuk % 22.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi egungo esloveniarren arbaso eslaviarak gaur Eslovenia den eremura VI. mendean iritsi zirela. VII. mendean, lehen estatu esloveniartzat har daitekeen Karantaniako Dukerria (gaurko Karintia) sortu zen, baina 745 urtean independentzia galdu zuen, Frankoen Inperioaren menpe erortzean. Horren ondorioz, hainbat eslaviarrek fede kristaua besarkatu zuten.

Gutxi gorabehera 1000 urtean, eslovenierazko lehen dokumentua idatzi zen, Freising eskuizkribua: hortaz, latindar alfabetuaz baliatu zen lehen eslaviar hizkuntza da.

Magiarrek inbaditu zuten Eslovenia X-XI. mendeetan. XIV mendean zehar, lurralde gehienak Habsburgoren mende egon ziren, zati txiki bat Veneziako errepublikaren menpe; gerora Austria-Hungariako Inperioa osatuko zuten beste lurraldeekin batera. Esloveniarrak gehienak ziren Karniola, Gorizia eta Gradiscako lurraldeetan, baita ere Istria, Karintia eta Estiriako zati batzuetan ere. Germaniartzea oso sakona izan zen garai hartan.

Austria-Hungariako inperioaren garaian (XVIII-XIX. m.), Karniola, Estiria eta Karintiako herrialdeetan banaturik zeuden esloveniar gehienak.Napoleondar gerrekin Iliriako probintzietako estatua sortu zen, Ljubljana haren hiriburu bihurtu zen, eta eslaviera hizkuntza ofizial. 1848an, Eslovenia aske eta batuaren aldeko mugimendua indartu zen, Austrian gertatu zen "Nazioen Udaberri" izeneko mugimenduaren barnean. XIX. mendearen bigarren erdialdean hasi ziren esloveniarren eta hegoaldeko gainerako eslaviarren arteko harremanak. 1866-1867. urteetan, Esloveniako zati txiki bat Italiaren mende gelditu zen, eta Hungariaren mende beste bat. Vienari lotuak geratu ziren gainerako esloveniarrak.

1918an, Austria-Hungariako Inperioaren gainbeherarekin batera, esloveniar gehienek, kroaziarrek eta serbiarrek Esloveniar, Kroaziar eta Serbiarren Estatua sortu zuten, berehalaxe Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma izango zena. 1929an berriro ere izena aldatu eta Jugoslaviako Erresuma bilakatu zen. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren parte izan zen Eslovenia.

1991ko ekainaren 25ean independentzia aldarrikatu zuen, Kroaziarekin batera, baina Serbiako gobernuak ez zuen horrelakorik onartu. Jugoslavia ohiko armadak, militar serbiarrak gidari, hartu nahi izan zituzten bi nazioak, baina urte bereko uztailean baretu zen gerra-giroa Eslovenian, Hamar Eguneko Gerraren ondoren; ez, ordea, Kroazian. 1992. urtearen hasieran, munduko estatu gehienek onartu zituzten Eslovenia eta Kroaziako estatu independenteak.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadarako, Esloveniako Errepublika independentziara eramango zuen dinamikan sarturik zegoen. Italiaren eta Austriaren mugan egoteak, eta emaitza ekonomiko bikainek (Jugoslavia ohi osoko biztanleriaren % 8 besterik ez izan arren, Federazio osoko BPGaren heren bat zegokion Esloveniari) mendebaldeko Europarekiko hurbiltasun-sentimendua piztu zuten esloveniarrengan. 1989an sortu zen, oposizioko alderdien artean, Esloveniar Batasun Demokratikoa (DEMOS) izeneko koalizioa, helburuetako bat Jugoslaviaren egitura federala aldatzea eta aniztasun politikoa ezartzea zuena. 1990eko otsailean, Esloveniako komunistak nabarmen aldendu ziren Jugoslaviako Liga Komunistatik. Urte bereko apirilean, DEMOS koalizioak irabazi zituen legebiltzarrerako hauteskundeak eta Milan Kucan Berrikuntza Demokratikoa alderdiko buruzagia (komunista erreformista) hautatu zuten lehendakari. Handik aurrera, Esloveniak geroz eta nabarmenago heldu zion independentziarako bideari. Lehendabizi, Jugoslaviako Federazioa konfederazio bihurtzen saiatu ziren; gero, zuzenketak proposatu zizkioten konstituzioari, eta, azkenean, burujabetza osoa aldarrikatu zuten.

1990eko erreferendumean, biztanleen % 90ek independentziaren aldeko botoa eman zuen. Esloveniako komunikabideak geroz eta haserreago zeuden Jugoslaviako armada federalarekin, eta udalerriek erreklutatze paraleloak antolatu zituzten, lurraldearen defentsarako. 1991ko ekainaren 25ean, Esloveniak eta Kroaziak nork bere independentzia aldarrikatu zuen ofizialki. Jugoslaviako gobernu federalak, Ante Markovic kroaziarra buru zuela, ez zituen aldarrikapen horiek onartu, eta gudaroste federalari esku har zezan agindu zion. Lehen gudaldietako erronka kanpoko mugen kontrola ziurtatzea izan zen. 1991ko ekainaren 28an su-etena adostu zuten hiru hilabeterako. Baina urrian, Esloveniak berretsi egin zuen burujabetza osoaren aldeko borondatea, eta Europar Batasuneko arbitratze-batzordeak aitortu egin zion eskubide hori. Alemaniak urte bereko abenduan onartu zuen Eslovenia nazio independente gisa, eta ondoren, 1992ko urtarrilean, beste hogeita hamar bat herrialdek gauza bera egin zuten, Europar Batasunekoak barne zirela. 1992ko maiatzean sartu zen Eslovenia Nazio Batuen erakundean.

1992ko legebiltzarrerako hauteskundeak kristau demokratek eta demokrata liberalek irabazi zituzten, Janez Drnovšek buru zutela, eta azken horrek gobernu-koalizio bat osatu zuen 1993ko urtarrilean, bera lehen ministro zena. Lehendakaritzari Milan Kucanek eutsi zion. Nazioarteko Diru Funtsean sartu eta Munduko Bankuko kide egin ondoren, 1996ko ekainean, Esloveniak elkartze-hitzarmen bat sinatu zuen Europar Batasunarekin, baina ez zen berretsi 1997ko uztaila arte. Prozesuak, izan ere, atzerapena izan zuen. 1996ko azaroko hauteskundeetan izandako emaitzak zirela-eta, ez zen erraza izan gobernu berria eratzea. Azkenean, 1997ko otsailean, Janez Drnovšek hautatu zuten lehen ministro, Alderdi Demokrata Liberalaren eta Esloveniako Herri Alderdiaren (Europar Batasunean sartzearen aurkakoa) arteko koalizioaren buruan. Azaroan, Milan Kucan aukeratu zuten berriro errepublikako lehendakari. 2004ko martxoaren 29an NATOn sartu zen, eta urte bereko maiatzaren 1ean, Europar Batasunean.


Gobernua, politika eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991ko abenduaren 23an onartutako konstituzioan, 18 urtez gorakoen sufragio unibertsala (16 urtetik aurrera eman daiteke botoa, enplegua izanez gero), alderdi anitzeko politika-sistema eta gainerako eskubide formalak jasota geratu ziren (erlijio-askatasuna, prentsa-askatasuna, etab.). Estatuaren burua presidentea da, bost urtetik behin hautatzen dena. Botere betearazlearen buru lehen ministroa eta ministroen kontseilua dira, parlamentuak hautatua. Lehen ministroa Biltzarrak aukeratzen du lau urteko legealdirako, eta Errepublikako lehendakaria hauteskundeetan hautatzen da bost urterako.

Parlamentuak bi ganbera ditu: Asanblada Nazionala (Državni Zbor) eta Kontseilu Nazionala (Državni svet). Asanblada Nazionalak 90 kide ditu, batzuk zuzenean hautatuak eta beste batzuk sistema proportzionalaren bidez (hungariar eta italiar gutxiengoentzako bi eserleku gordetzen dira). Kontseilu Nazionalak 40 eserleku ditu, eta gizarte, ekonomia, lanbide eta beste zenbait arlotako ordezkariek osatzen dute: legeak proposatzea edo Biltzarrean hartutako erabakiren bat berriro aztertzeko eskatzea beste eskumenik ez du. Biltzarreko kideak lau urtez behin hautatzen dira, eta Kontseilukoak bost urtez behin.

15.000 soldadu inguruko armada du, eta beste 85.000 gizon dituzte erreserban. Soldadutza nahitaezkoa da: 18 urterekin hasten da, eta zazpi hilabete irauten du. Europako Kontseiluko eta Nazio Batuetako kide da Eslovenia, eta defentsa-hitzarmenak sinatu ditu Austriarekin eta Hungariarekin.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Esloveniaren banaketa administratiboa
Statistical regions of Slovenia.PNG

Eslovenia estatu zentralista da, banaketa administratiboa helburu estatistikoetarako soilik dira baliagarri. Estatistikarako lurraldeak hauek dira:

  • Pomurska (1)
  • Podravska (2)
  • Koroška (3)
  • Savinjska (4)
  • Zasavska (5)
  • Spodnjeposavska (6)
  • Jugovzhodna Slovenija(7)
  • Osrednjeslovenska (8)
  • Gorenjska (9)
  • Notranjsko-kraška (10)
  • Goriška (11)
  • Obalno-kraška (12)

Udalerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovenia 193 udalerritan (občine) banatuta dago.

Lurralde historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aintzinako hiru koroetan (Karniola, Estiria eta Goriška) izan zen banaketaren araberakoak dira lurralde tradizionalak:

  • Gorenjska (Karniola Garaia)
  • Štajerska (Estiria)
  • Prekmurje (Transmuralandia)
  • Koroška (Karintia)
  • Notranjska (Erdialdeko Karniola)
  • Dolenjska (Karniola Beherea)
  • Goriška
  • Slovenska Istra (Istria Esloveniarra)

Azken biak, normalean, batera hartzen dira kontuan Primorska (Kostaldeko Lurraldea) izenekoan.

Lurralde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esloveniako lehenengo lurralde naturalen zatiketak Anton Melik geografoak eta Svetozar Ilešič-ek egin zituzten 1936an eta 1968an. Ivan Gams-en zatiketa berrian, lurralde hauek bereizten dira:

  • Visokogorske Alpe (Alpeak).
  • Predalpsko Hribovje (Muino prealpinoak).
  • Ljubljanska Kotlina (Ljubljanako lautada).
  • Submediteranska – primorska Slovenija (Submediterraneoa – kostaldeko Eslovenia).
  • Dinarski kras notranje Slovenije (Esloveniaren barnealdeko karst dinarikoa).
  • Sobpanonosnka Slovenija (Eslovenia subpanonikoa).

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ljubljana hiriburuko ikuspegia.

Esloveniako ekonomia, bere testuingururako, aski aberatsa da, Europar Batasuneko kide berrien artean biztanleko BPGrik altuena baitu. Inflazio-tasa nahiko altua izan da azken urteotan, eta hazkunde ekonomikoak goranzko joera duela dirudi. Oro har, herrialdeak ekonomia sendoa du. 2007ko urtarrilaren 1ean, euroa hartu zuen errepublikak.

Independentzia eskuratu aurretik, Eslovenia zen Jugoslaviako errepublikarik oparoena. 1990etik hona agintean egon diren gobernuen ahaleginei, azpiegitura sendoei eta eskulan gaituari esker, Esloveniako ekonomia berehala hasi zen Bosnia-Herzegovinako gerrak eragin zizkion galerak gainditzen. Industria-ekoizpena, esate baterako, % 4,7 hazi zen 1993an eta langabezia-tasa % 7raino jaitsi zen 1997an. Esloveniako BPGaren % 35 industriari dagokio. Errepublikako industria garrantzizkoenak elektronika, makina elektrikoak, metalurgia eta motordun ibilgailuak dira. Kontuan hartzekoak dira, orobat, mea-aberastasunak: burdina Kranjen, merkurioa Idrijan, petrolioa Lendavan eta lignitoa Trbovljen, eta baita beruna, zinka, uranioa eta zilarra ere.

Nekazaritzari, aldiz, BPGaren % 5 baizik ez dagokio. Behealdeko soroak laboretarako egokiak diren arren, Esloveniako nekazaritzako jarduera nagusiak (ez da ahaztu behar herrialde menditsua dela, eta lurjabe txikiak direla nekazari gehienak) abere-hazkuntza eta basogintza dira (lurraldearen erdia basoz estalita dago). Abere-hazkuntzaren barruan, esne-produkziorako eta haragitarako behi-azienda da garrantzitsuena, baina ardiak eta oiloak ere hazten dituzte. Nekazaritza-produktuei dagokienez, artoa, patata, garia, lupulua, azukre-erremolatxa eta mahatsa dira garrantzizkoenak.

Merkataritza-harreman garrantzitsuenak Alemaniarekin, Kroaziarekin, Italiarekin, Frantziarekin, Austriarekin eta Estatu Batuekin ditu. Esportazioen artean aipatzekoak dira lehengaiak, produktu erdilanduak, makineria, motor elektrikoak, janari prozesatuak, ehunkiak, botika eta kosmetika-produktuak. 1993an sartu zen Eslovenia Nazioarteko Diru Funtsean. Hainbat ekonomia-harreman berri ere egin zituen garaitsu hartan, lehen etendakoak (Italia, Austria) berrezartzeaz gainera: Iran, Txina, Belgika, Luxenburgo eta Herbehereekin ezarri zituenak, esate baterako. Europar Batasunarekin elkarlanerako hitzarmen bat sinatua du. Diru-sarrera garrantzizkoa da turismoa Esloveniarentzat, estimazio handiko parajeak baititu Bled aintziraren inguruetan eta mendietan (neguko kirolak).

Esloveniak garraio-sare bikaina du. 15.000 km inguruko errepide-sarea ez ezik, hiri handi guztiak trenbidez komunikaturik daude. Hain zuzen ere, Esloveniaren ekonomia-eragile handienetako bat dagoen lekuan egotea izan da, Europako erdialdeko herrialdeen eta Mediterraneoaren artean baitago. Esandakoaren harira, garrantzi ikaragarria izan du eskualdearen garapenerako 1847tik abian dagoen Viena-Maribor-Ljubljana-Trieste burdinbideak. Hiru aireportu handi eta Koperreko portua ere badu, Itsaso Adriatikoan.

Erregimen sozialista izan duten herrialde gehienek ez bezala, Esloveniak hirugarren sektore modernoa eta eraginkorra garatzen jakin izan du (BPGaren 60%). 1991ko ekainaren 25ean independentzia eskuratu ostean, ekonomia-trantsizio motel baina zuhur bati ekin zion Esloveniak, eta langabezia-tasa txikiari, maila oneko soldatei eta inflazio moderatuari eusten saiatu da geroztik. Pribatizazio-legea 1993an sartu zen indarrean. Esloveniaren ingurumen-arazo nagusiak hauek dira: Sava ibaiaren kutsadura, etxeetako eta industrietako ur zikinek eragindakoa; itsasertzeko uren kutsadura, metal astunak eta ekoizkin kimiko toxikoak direla-eta; Koper inguruko basoetan euri azidoak eragindako kalteak (metalurgiak eta industria kimikoak eragindako kutsadura atmosferikoaren ondorioz).

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovenian bizi diren talde etniko nagusiak hauek dira: esloveniarrak (% 89); kroaziar, bosniar, serbiar eta Jugoslavia ohiko bestelako taldeak (% 10); eta hungariar eta italiar gutxiengoak (% 0,5).

Dentsitatea 95 biztanle/km2 da. Biztanleen erdiak hirietan bizi dira, eta beste erdiak landa-eremuetan.

Hizkuntza ofiziala esloveniera da, hegoaldeko hizkuntza eslaviarren taldekoa. Hungarierak eta italierak estatus ofiziala dute Hungaria eta Italiako mugen ondoko lurraldetan.

Slavoj Žižek esloveniar filosofoa.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Primož Trubar erreformatzaile protestanteak idatzi eta 1550ean argitaratu ziren Catechismus eta “Abecedarium” dira eslovenierazko lehen argitalpenak. Bi autore nagusiak France Prešeren (1800-1849) poeta eta Ivan Cankar (1876-1918) idazleak dira. Pinturari dagokionez, Ivana Kobilca eta Rihard Jakopič inpresionistak dira garrantzitsuenak. Arkitekturan, Jože Plečnik da adierazgarriena.

Musikari dagokionez, Jacobus Gallus (1550-1591) Errenazimentuko konpositoreak Europako erdialdeko musika klasikoan eragin handia izan zuen; XX. mendean, Bojan Adamič musikagilea nabarmentzekoa da (filmetarako musika).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eslovenia Aldatu lotura Wikidatan